Hamabost urteren ostean oraindik inork ez duela azalpenik eman adierazi dute Remi Gogoan ekimeneko kideek, arratsaldean, bere izena daraman monolitoaren aurrean egin duten urteroko ekitaldian. «Guk ez daukagu zalantzarik, zu ere gatazka politikoaren biktima izan zara eta hori onartu dadila eskatzen jarraituko dugu», esan dute.
15 urteren buruan
Tolosako Inauterietako pilotakadaren auzia ere izan dute gogoan, eta aurtengo omenaldiarekin bat egin dute Xuhar Herri Platafomako kideek. «Herritar bat baino gehiagori otsailean Tolosako Inauterietan gertatutakoak 15 urte atzera eginarazi zigun, eta indarkeria polizialak albisteen erdigunean jarri zuen Villabonako herria beste behin».
Hamabost urteren ostean denak berdin jarraitzen duela adierazi dute: «2009. urtean esku hartze neurgarri batek gogor kolpatu zuen gure herria festa giroan gozatzen ari ginela. Hitz hauek berak dira 15 urte ondoren Tolosan gertatutakoa salatzeko erabili ditugunak; Ertzaintza, gertakaria eta inpunitatea. 15 urte ondoren denak berdin jarraitzen du».
Honela, eredu poliziala salatu dute jarraian: Onduan inpunitate osoz jokatu zuen Ertzaintza bera da 15 urte beranduago Tolosako eskuartze neurrigabea gauzatu duena, herritarrak babestuko dituen polizia baten aurrean egon beharrean, herritarra zauritu, humillatu eta edozerren gainetik inpunitate osoa izango duen Ertzaintza baten aurrean gaude. Bada garaia gauzak aldatzeko».
Aurtengo Santio jaien prestaketetan ari zirela, jaietako zapia diseinatzeko proposamena iritsi zitzaien. Ayestaran hil zutela 15 urte igaro direlarik, herri honetan izan diren indarkeria polizialen biktimei keinu bat egitea erabaki zuten: «Remi eta Xuhar, 15 urte».
Oso adin ezberdineko herritarrek osatzen dute Xuhar Herri Plataforma, baina tartean badira Ayestaran ezagutu ez zutenak ere. Horregatik adierazi dute garrantziagatik denon ardura dela «indarkeria polizial oro salatzen jarraitzea, gertaturikoaz oroitzea, justizia eskatzea eta, batez ere, Remiren memoria bizirik mantentzea».
Egia, justizia eta aitortza
Bukatzeko, Mikel Ayestaran anaiak hartu du hitza familiaren izenean eta, guztiei eskerrak emanez, garbi hitz egin du: «Beste behin ere egia, justizia eta aitortza eskatzera gatoz. Argi dugu hiru gauza hauek ezinbestekoak ditugula aurrera egiten jarraitzeko, baina ez ditugu guretzat bakarrik eskatzen. Guretza eta biolentzia polizialaren ororentzat eskatzen ditugu».
Omenaldiarekin amaitzeko, herriko gazte talde batek emanaldi berezia eskaini dute eta Ayestarani zuzendutako kantua abestu dute.