Sagardoaren bueltan

Leyre Carrasco 2024ko uztailaren 27a

Sagardo eta pintxo dastaketarekin abiatu dute Erromeri eguneko arratsaldea Txermingo ikastolan, eta Santiotan Kantari ekimenean parte hartu duten herritarrek saioa egin dute bertan.

Oinkari dantza taldeak antolatzen duen Erromeri eguna jendetsua izaten ari da. Giro onak lagunduta, ehunka lagun bildu dira arratsaldean Erreboteko plazan, sagardo eta pintxo dastaketan. Ondoren, Santiotan Kantari ekimenekoek saio bat egin dute bertan eta Besamotza konpartsako erraldoi eta buruhandiak ere bertan izan dira.

Horrez gain, Irma eta Jokin trikitilariek emanaldia eskaini dute Erreboteko plazan. Eta bertsolariak izango dira, ondoren, Txermingo ikastolan: Andoni Egaña, Anjel Mari Peñagarikano, Jexux Mari Irazu, Millan Telleria, Sebastian Lizaso eta Unai Iturriaga arituko dira bertsotan, Amaia Agirreren esanetara.

Iluntzean, Tapia eta Leturia izango dira oholtza gainean, eta ondoren, goizaldera arte, Larrain dantza herrikoia egingo dute Hernaniko Dultzaineroen eskutik eta horren ostean, Malkogarriyak taldearen txanda izango da Errebote plazan.

Bihar gazte eguna ospatuko dute. Egitarau osoa hemen ikusgai.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!