Euskal kantuen kalejira

Leyre Carrasco 2024ko uztailaren 27a

Erromeri eguna ari dira ospatzen Villabonan eta kantujiran aritu dira herritarrak goiz osoan zehar; arratsaldean, berriz, sagardo eta pintxo dastaketa izango dute Txermingo auzoan Oinkari dantza taldeak antolatuta.

Villabonako Santio festen barruan, gaur, Erromeri eguna ari dira ospatzen. Kantujiran hasi dute eguna herritarrek eta adin guztietako parte hartzaile ugari izan dira aurtengoan. Udal pilotalekutik abiatu dira eta Santiago zaharren egoitza izan dute lehen geldialdia. Horren ostean ibilbidea jarraitu dute eta euskal doinuez bete dituzte herriko kaleak.

Arratsaldean, 18:00etatik aurrera, sagardo eta pintxo dastaketa egingo dute Txermingo auzoan Oinkari dantza taldeak antolatuta. Bertan ere izango dira kantujiran atera diren parte hartzaileak eta Santioetan Kantari kantujiraren emanaldia egingo dute bertan, 18:15ak aldera.

Arratsaldean, gainera, Irma eta Jokin trikitilariek emanaldia eskainiko dute Erreboteko plazan. Eta bertsolariak izango dira, ondoren, Txermingo ikastolan: Andoni Egaña, Anjel Mari Peñagarikano, Jexux Mari Irazu, Millan Telleria, Sebastian Lizaso eta Unai Iturriaga arituko dira bertsotan, Amaia Agirreren esanetara.

Iluntzean, Tapia eta Leturia izango dira oholtza gainean, eta ondoren, goizaldera arte, Larrain dantza herrikoia egingo dute Hernaniko Dultzaineroen eskutik eta horren ostean, Malkogarriyak taldearen txanda izango da Errebote plazan.

Bihar gazte eguna ospatuko dute. Egitarau osoa hemen ikusgai.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!