Dantza eta musika Santiotako egun handian

Ataria 2024ko uztailaren 25a

Oinkari taldearen eskutik dantza soka egin dute Erreboteko plazan. Aurretik Loatzo musika eskolako Bandaren emanaldia izan da.

Santio eguna da gaurkoa, Villabonako festetako egun nagusia. Ekitaldi ugari izango dira egun osoan zehar eta Loatzo musika eskolaren Bandak kontzertua eskaini nahi izan du eguerdian Erreboteko plazan. Emanaldia amaituta Oinkari dantza taldekoen txanda izan da. Urteroko ohitura berrituz, soka dantza egin dute herriko plazan. 20 dantzari aritu dira guztira, txistularien laguntzaz.

Sokara lotu dira herritarrak Oinkarikoen eskutik eta emanaldi borobila osatu dute. Emanaldia bukatuta Atari Bizi lehiaketaren sariak banatu dituzte, eta bide batez, Mireia Modinok jai egitarauaren azala diseinatzeagatik saria jaso du.

Arratsaldean jarraituko du festak Villabonan. Hauxe prestatu duten egitaraua:

  • 17:00. Buruhandi, ipotx eta erraldoien kalejira Loatzo musika eskolako trikitilari taldearen eskutik.
  • 18:00. Sokamuturra Erreboteko plazan Tolosako Dultzaineroek alaituta. Ganadutegia: Mutrikuko Arno.
  • 19:30. Eresargi abesbatzaren kontzertua Gurea antzokian.
  • 23:00. Psychoclown, gaueko perkusio emanaldi ibiltaria Erreboteko plazan hasita.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!