Otsabi parkea biziberritu dute sortzaileek

Ataria 2024ko uztailaren 25a

OtsabiFest egiten ari dira Villabonako Otsabi parkean. Artisautza postuak, tailerrak, jan-edanak eta kontzertuak izango dira egun osoan zehar.

Hirugarren urtez jarraian EkinArt elkartean biltzen diren sortzaileek –Kimuri, Sualma eta Helena Agell– jaialdia antolatu dute. Iaz bezala, aurten ere Otsabi parkea izan da festaren gune nagusi. Bertan hamabi artisautza postu egongo dira jarrita iluntzera arte. Bisitariek, gainera, bertatik bertara ikusi ahal izango dute sortzaileek egiten duten lana.

Goizean inguruko landareak ezagutzeko mendi buelta bat egin dute OtsabiFest jaialdiaren barruan. Bertan bildutako landareekin eguerdian tailerra antolatu dute. EkinArt elkartean biltzen diren artistek gidatu dute: papergintzaz eta grabatuaz aritu da Kimuriko Mirari Errondosoro, Sualmako Susana Carretero eta Maria Barrena arduratu dira landareak prentsatzeko egurrezko tresnak prestatzeaz eta Helena Agellek eman ditu zianotipia eta koadernaketaren inguruko argibideak.

Arratsaldean haurrentzako eskultura tailerra antolatu dute BillabonArte elkartekoek eta Zirkuolaren eskutik zirku tailerra izango da 18:00etatik aurrera. Egunean zehar Nomad Studioko argazkilariek erretratuak aterako dituzte eta Sualmako kideek berriz, entxuferik gabeko jolasak jarriko dituzte umeen eskura. Gainera, La Viajera garagardo artisaua eta Pantalonettako hanburgesak probatzeko aukera dute gerturatzen direnek.

Artisautza postuak 19:00 arte egongo dira zabalik eta iluntzean musika izango da protagonista. Mara bakarlaria ariko da 20:00etan, eta Aria taldea, berriz, 21:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!