40 urte atzera egingo dute bihar Santana konpartsan

Ataria 2024ko uzt. 25a, 07:58

Zunbeltz antzerki taldeak antolatzen du ekimena eta oso jendetsua izaten da. Biharko 80ko hamarkadako mozorroa aukeratu dute.

Gaurko festa egun handiaren ondotik, biharkoa ere ez da gutxiagorako izango Villabonan. Aurreko bi urteetan bezala, Santana konpartsa aterako du Zunbeltz antzerki taldeak. 80ko hamarkada hartu dute mozorrorako motibo eta egun osoko festa antolatu dute gaiaren bueltan.

Arau handirik gabeko ekimena dela aipatu du Aitziber Cenzano antzerki taldeko kideak: «Norberak asmatzen du festa nola egin. Batzuk kantuan aterako dira, beste batzuk antzerkitxo bat egingo dute eta dantzan arituko da beste taldetxo bat ere. Mozorroa jantzi eta ongi pasatzea da kontua». Urte batetik bestera erabakitzen dute konpartsarako gaia eta oraingo honetan 40 urte atzera egingo dute. «Aukera asko ematen du. Entzun dugu MTVn 80ko hamarkadan ateratzen ziren musikariz mozorrotuko direla batzuk, beste batzuk Madrilgo mobidaz eta badira euskal rok erradikalari erreferentzia egingo dioten gazteak ere. Sorpresa izango da guztiontzat», esan du Cenzanok.

Nahiz eta hirugarren urtea duten Zunbeltzekoek Santana konpartsarekin, Santio festen barruan tradizio luzea du ekimenak. «2019an Irrintzikoek 50 urte lehenago egin zuten ezkontzaren konpartsa berreskuratu zuten eta arrakasta handia izan zuen. Parranda giroan amua bota ziguten hurrengo urtekoa antolatzeko eta guk onartu egin genuen. Pandemiagatik bi urteko etena egin behar izan genuen, baina 2022an rocioa irudikatuz atera genuen konpartsa eta oso ongi atera zen guztia».

Egun osoko festa da antolatu dutena. Bihar 11:30ean aterako dira Txerminetik eta kalejiran ibili ondoren Amalurra plazan bazkalduko dute. Ia 200 lagunek eman dute izena bazkaltzeko. Arratsaldean Gauerdi txarangarekin egingo dute bidea. Eguna borobiltzeko, 80ko hamarkadako taldeen bertsioak egiten dituzten Matraka eta Hasta la Polla taldeen kontzertuak izango dira gauean.

Santana eguneko konpartsak festen barruan zegoen hutsune bat bete duela uste du Cenzanok eta dagoeneko hitzordu garrantzitsu bihurtu dela. Hurrengo urteetan, beraz, Zunbeltz antzerki taldeak helduko dio ekimena antolatzeari. «Bihar partaideon artean hitz eginda erabakiko dugu hurrengo urteko gaia».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!