Irrikaz hasi dituzte santioak

Ataria 2024ko uztailaren 24a

Aiztondoko aisialdi elkarteak bota du Villabonako Santio festen hasierako pregoia eta elkarteko kideek bota dute txupinazoa.

Lehertu da festa Villabonan. Santio jaiei hasiera eman diote gaur erroskilla udaletxeko fatxadan zintzilikatuta. Jarraian Irrika aisialdi elkartekoek izan dute festei hasierako suziria botatzeko ardura. Aurretik, Irrikan ibiltzen diren gaztetxoek parte hartu dute txupinazoaren ekitaldian. Irritxu maskota ere azaldu da plazara, nahiz eta kosta zaion zein festetan zebilen jakitea. Sanferminak, danborrada eta Tolosako inauterietan ote zegoen zalantza egin du hasieran, baina ingurukoek ohartarazita jabetu da Santio jaiak hastera zihoazela.

Helduen futbito finalaren ondoren, herri afaria egingo dute plazan eta ondoren Onddo gazte asanbladaren danborrada aterako da kalez kale. Gauean, dantzaldiak izango dira goizaldera arte, Errebote eta Txistulari plazetan.

Bihar Santio eguna izango da eta ekitaldi ugari prestatu dituzte festen barruan. Besteak beste, herri krosa izango da goizean eta sokamuturra arratsaldean. Egun osoan OtsabiFest jaialdia egingo da izen bereko parkean, eta eguerdian, 13:30ean, Oinkari dantza taldearen eskutik soka dantza izango da herriko plazan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!