Bi urteko ibilbidea egin du aisialdi elkarteak eta hezkidetzan egindako ekarpenagatik Santiotako festa batzordeak txupinazoa botatzeko proposamena luzatu die elkarteko kideei. Gaur 18:00etan izango da.
Herriko haur eta gaztetxoekin garatu duzuen hezkidetza lan «bikaina» aitortu nahi izan du festa batzordeak.
Udane Altuna. Bai. Bi urte daramatzagu baina gauza asko egin ditugu hilabete hauetan. Umeak gustura etortzen dira gugana eta guk ere ongi pasatzen dugu beraiekin. Festa batzordeak hori nabarmendu izana ohore bat da guretzat.
Xuban Garmendia. Nabari da herri mailan presentzia handia dugula, ume asko dabilela Irrikan.
Uste duzue herriko haur eta gazteek erantzun diotela zuek egindako proposamenari?
Nekane Aizpun. Sortu aurretik ere sumatu genuen gogoa. Galdetegi bat pasa genuen aisialdiaren eremuan bailaran hutsune bat ba ote zegoen galdetuz. Jendeak baiezkoa erantzun zuen eta martxan jarri ginenean erantzuna sekulakoa izan zen, familia asko gerturatu zitzaigun. Uste dugu hezkuntza formalaren eremu horretan gure aisialdi taldeak baduela tokia. Jendeak aintzakotzat hartu eta baloratzen du gure lana.
Zer nolako eskaintza egiten duzue ikasturtean zehar?
Altuna. 8 eta 16 urte arteko gazteekin aritzen gara. Hamabostean behin elkartzen gara, ostiral eta larunbatetan. Ekintza ezberdinak egiten ditugu. Normalean, ordu eta erdiko saioak izaten dira. Eta gero ekimen bereziagoak, edo tarteka, irteerak egiten ditugu gaua pasatzeko.
Zenbat gaztetxok parte hartzen dute zuen ekimenetan?
Garmendia. Aurten, ikasturtean zehar 150 gaztetxo inguru gerturatu zaigu. Udalekuetan, berriz, lau txanda egin ditugu, bakoitza 43 lagunez osatua, eta guztiak bete dira. Egia esan oso erantzun polita izan dugu.
Altuna. Umeekin batera, 15 bat begirale ibiltzen gara.
Garmendia. Hurrengo urtera begira, begirale berrientzako deialdi bat egin dugu eta nahikoa erantzun ona izan dugu.
Aizpun. Ikusten da etorkizuna badagoela, gazte asko gerturatu baitzaigu begirale izateko interesarekin.
Herriko beste eragileekin ere elkarlana bultzatzen saiatzen zarete.
Garmendia. Bai. Iruditzen zaigu Irrika dela herriko umeak batzen dituen espazio bat. Villabonan bi ikastetxe daude eta udaletik eskatu izan digute bien arteko ekimenak koordinatzeko. Inauterietan, adibidez, lehen bi ikastetxeek dantza bana egiten zuten. Azken bi urteotan dantza bakarra egin dute eta Irrikak izan du hori antolatzeko ardura. Berdina egin genuen abenduaren 24an ere.
Altuna. Ikastolakoak eta eskolakoak eta inguruko herritako umeak biltzen dira Irrikan. Aukera daukate beraien egunerokotasunean euren ikastetxean ibiltzen ez den jendearekin egon eta lagun berriak egiteko.
Aizpun. Hori guztia oraindik ere nabarmenagoa da Irrilekuetan, bailara guztiko jendeak hartzen duelako parte. Asteasu, Zizurkil eta Adunako ikastetxeetako umeak etortzen dira gurekin udalekuetara. Aiztondoko umeen artean elkarbizitza bat ematen da.
Irrilekuetatik itzuli berriak zarete. Ollogoionen egin dituzue udalekuak orain arte baina ez dirudi hango etxea berriro erabili ahal izango duzuenik. Bertan behera geratuko dira?
Aizpun. Ez da gure asmoa. Irailetik aurrera hasi beharko dugu hurrengo urteko irrilekutan pentsatzen, eta leku posible ezberdinak begiratzen.
Garmendia. Hainbeste urteren ondoren Ollogoienen ez jarraitzeak pena handia ematen digu, baina hala ere irrilekuekin jarraitzea da gure borondatea. Ikusiko dugu nola.
Zer prestatu duzue txupinazoaren unerako?
Garmendia. Argi eduki genuen hasieratik ez genuela txupinazoa betiko moduan bota nahi. Testu bat irakurri, suziria bota eta listo. Umeekin aritzen garenez, antzerki estiloko eta gaztetxoak parte hartzeko moduko txupinazo bat egin nahi genuen.
Altuna. Umeak egongo dira presente, ez bakarrik oholtza gainean. Irritxu gure pertsonaia ere tartean egongo da. Hori da aurreratu dezakegun guztia.