Beste Otsabi posible bat aukeran

Jon Miranda Labaien 2024ko uzt. 23a, 07:59

Uztailaren 25ean, etzi, EkinArt elkarteak udalaren babesarekin OtsabiFest arte azoka egingo du; artisau postuak, jan-edanak, tailerrak eta musika izango dira, besteak beste.

Inguruko artisau eta sortzaileei plaza bat eskaintzea eta herrian erabili gabe dagoen toki bati plaza izaera ematea. Horiek dira OtsabiFest ekimenaren helburuak.

Lehen edizioa Etxeondo parkean egin zuten arrakasta handiz, eta iaz, Otsabi parkea aukeratu zuten azoka egiteko. Eguraldia, ordea, ez zuten lagun izan. «Inguruak ezin izan zuen behar bezainbesteko distira egin», esan dute antolatzaileek. Horregatik erabaki dute aurten jaialdia egiteko tokia errepikatzea. Etzi, uztailaren 25ean izango da, 11:00etatik aurrera.

Otsabi parkea toki berezia da antolatzaileen hitzetan. Ez du erabilpen handirik eta sortzaileek uste dute horrelako lekuei bizitza berri bat eman dakiekeela. Asmo horrekin antolatzen dute festa. «Herriko leku asko ahaztuta daude. Iaz hemen antolatu genuen festa eta urtebetean ez da inolako hobekuntzarik egin parkean. Abandonatuta daukate. Ez dago urik, ezta argindarrik ere. Otsabi parkeak bizitza handiagoa izango luke, baldin eta denon artean zainduko bagenu», esan du Susana Carretero antolatzaileak.

INDARRAK BATUTA

EkinArt elkarteak antolatzen du OtsabiFest Amasa-Villabonako Udalaren laguntzaz. Aurten sortu dute herriko artisauek elkartea. «Sualma, Helena Agell eta Kimuri markek osatu dugu, orain arte egiten genuen hori egiten jarraitzeko, herritarrengana kultura gerturatzeko, baina beste egituraketa batekin. Gure asmoa indarrak batzen segitzea da, elkarren artean saretzea, eta herriko hainbat espazio berreskuratzea», esan du Mirari Errondosorok.

Jaialdia antolatzeko udalaren laguntza ekonomikoa jasotzen badute ere, EkinArt elkarteko kide den Maria Barrenak azpimarratu du musu-truk aritzen direla guztia antolatzen. «Aurrekontua festarako behar dugun azpiegitura kontratatzen gastatzen dugu, guk ez dugu xentimorik ikusten».

Amasa-Villabonako artisau askok hartu dute parte osteguneko azokan, eta ingurukoak izango dira gainerakoak. Sarea aberasten doala uste dute EkinArt elkarteko bultzatzaileek. Aurten formulario baten bitartez izan dute aukera sortzaileek OtsabiFesten izen emateko. Espazioa mugatua denez 12 posturi eman diete aukera. «Saiatu gara artisau berriei tokia egiten eta marka batek bestea ez zapaltzen, postuetan aniztasuna egon dadin», azaldu du Errondosorok.

PROGRAMAZIOA ABERASTUZ

EkinArt elkarteak Santio eguna aukeratu izan du azoka antolatzeko. Egun aproposa dela uste dute. Kanpoan bizi den billabonatar asko egun horretan itzultzen baita herrira eta jende asko ibiltzen baita kalean. Carreterok gaineratu du, beste aukera bat ere eman nahi dietela Villabonara egun horretan gerturatzen direnei: «Beti plazan, beti tabernetan, betiko ekitaldietara joan beharrean, iruditzen zaigu aukera polita dela hau, kultura, festak beste modu batera bizitzeko, ingurune natural batean, animaliekin eta ingurumenarekin elkarbizitzan».

EGUN OSOKO JAIALDIA

Ondo pasatzearekin batera ikasteko abagunea eskaini nahi diote publikoari. Horretarako lau tailer eskainiko dituzte: landareak ezagutzeko mendi buelta goizean, papergintza, zianotipia, grabatua eta koadernaketa tailerra eguerdian, eta arratsaldez, haurrentzako bi ekimen: Billabonartek antolatutako eskultura tailerra eta Zirkuolaren zirku tailerra. Gainera, Sualmako kideek, unplugged jokoak eskainiko dituzte; entxufe beharrik gabeko egurrezko jostailuak prestatu dituzte eta egun osoan zehar izango dira umeentzako eskura.

Artisau postuekin eta antolatutako tailerrekin batera, egunean zehar jan-edanak izango dira parkean. La Viajera garagardo artisaua dastatu eta Pantalonetta food truckak eskainitako hanburgesez gozatzeko aukera izango da. Iluntzean bi kontzertu izango dituzte: Mara bakarlaria eta Aria taldea. Gainera, egunaren oroigarri berezi bat eraman nahi duenak aukera izango du horretarako, Nomad Studioko argazkilari profesionalak Otsabi parkean egongo baitira erretratuak ateratzen.

Sortzaileek egiten duten lana ikusarazteko antolatu dute OtsabiFest eta antolatzaileek nahiko lukete jendeak balioa ematea egiten duten lanari. «Horregatik antolatzen ditugu tailerrak. Jendeak gure lana ezagutzen ez badu, nekez baloratuko baitu», esan du Errondosorok. Osteguneko jaialdia amaituta, EkinArt elkarteak bere bidea jarraituko du. Orain arte bezala, sortzaileen lana herriko bazter ezberdinetara eramango dute, izan Otsabi parkea, Roteta denda edo Amasako Arantzabi.

OTSABIFEST 2024

  • Uztailak 25, osteguna

    ARTISAU POSTUAK

    11:00 - 19:00.

    · Arantza Munita. Zeramika.

    · Esther de donosti. Oihalgintza eta osagarriak.

    · Hara bi. Kamiseta organikoak.

    · Helena Agell. Koadernaketa eta zianotipia.

    · Kimuri. Haori eta biomaterialak.

    · Latx. Artilea eta dekorazioa.

    · Limoi arroxak. Ukendu eta xaboiak.

    · Marapilo. Osagarriak eta dekorazioa.

    · Marta sensorial. Umeen jolasak.

    · Mellifera. Erlezaintza jasangarria.

    · Sigi Saga. Boligrafoz egindako istorioak.

    · Sualma. Egurrezko jostailuak.

    · Xahuki. Osagarriak.

    · Zatika. Bitxiak.

    · Nomad Studio. Argazki erretratuak.

    JAN-EDANAK

    Egunean zehar. Pantalonetta food truck-a eta La Viajera garagardo artisaua.

    TAILERRAK

    11:00 - 12:00. Mendibuelta landareak ezagutzeko.

    12:00 - 14:00. Papergintza, zianotipia, grabatua eta koadernaketa.

    16:00 - 17:30. Eskultura tailerra haurrentzat Billabonarte elkartearen eskutik.

    18:00 -20:00. Zirkua Zirkuolaren eskutik.

    Egunean zehar. Sualma jostailuen unplugged jolasak.

    KONTZERTUAK

    20:00. Mara bakarlaria.

    21:00. Aria euskarazko pop kantak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!