Erroskillaren kalejira eta erretzea berreskuratuko dituzte Santio jaietan

Jon Miranda Labaien 2024ko uzt. 18a, 19:00

Garai batean egiten zen erroskillaren erretzea berreskuratuko du aurten festa batzordeak eta bertan aritzen da Xuban Garmendia; zortzi eguneko jai egitarauari amaiera «ona» eman nahi diote jai batzordeko kideek.

Aurtengo Santio jaien nobedadeetako bat da erroskillaren berreskuratzea. Uztailaren 24n festak hasten diren egunean udaletxera igoko dute Jon Iñaki Ormazabal herriko artistak egindako erroskilla eta han egongo da uztailaren 31ra arte. Festa batzordeko talde batek berreskuratu egin du garai batean jaien azkeneko egunean egiten zen erroskillaren erretzea. Lasko txarangarekin egingo dute kalejira aurrena eta gero Erreboteko plazan erreko dute erroskilla.

«Irudipena geneukan festak konturatu gabe amaitzen zirela»

XUBAN GARMENDIA - Jai batzordeko kidea

Aurten hartu du parte Xuban Garmendiak (Amasa-Villabona, 2005) lehen aldiz Santiotako festa batzordean. Urtetan galduta egon ondoren, erroskillaren hileta berreskuratzen aritu den taldearen bultzatzaileetako bat izan da.

Zergatik erabaki duzu festa batzordean parte hartzea?

Aurten lagun batekin batera animatu naiz. Gustuko dut gauzak antolatzen ibiltzea eta horregatik eman dut pausoa.

Zeini bururatu zaio erroskillaren erretzea berreskuratzea?

Festa batzordeak guk komentatu genuen. Kontatu izan didate erroskilla zela Santio festen sinboloa eta erroskillaren hileta egiten zela garai batean festen azkeneko egunean. Santiotan badira egun asko oso indartsuak direnak, baina ez da egoten ekitaldirik festei amaiera on bat emateko. Irudipena geneukan konturatu gabe amaitzen zirela. Saninazio egunean arratsaldez sokamuturra izaten da, iluntzean Remiren omenaldia eta festak pattal xamar amaitzen zirela iruditzen zitzaigun. Horregatik proposatu genuen erroskillarena berreskuratzea.

Noiz arte egin izan zen Santio jaietan erroskillaren erretzea?

Festa egitarauetan aritu gara begiratzen eta duela 13-14 bat urte egingo zuten azkeneko aldiz. Ordutik galduta egon da. Gerora, erroskillaren aipamenen bat edo keinuren bat egin zaio festetako egitarauen azalean, baina ezer gutxi.

Kalejira bat antolatu duzue. Zein ibilbide izango du?

Erreboteko plazatik abiatuko gara eta Lasko txarangak alaituko du. Subijana etxeraino joango gara eta Kale Berrian barrena Iru Aldetaraino egingo dugu hileta. Handik berriro, Kale Nagusian barrena, Erreboteko plazan amaituko dugu hileta erroskilla errez.

Erroskilla fisikoki erreko duzue. Zeinek egin du irudia?

Txupinazoarekin batera udaletxeko balkoira igoko da erroskilla eta han egongo da festak iraun bitartean. Jon Iñaki Ormazabal herriko artistak egin du.

Jendeari beltzez joateko deia luzatzen diozue?

Ez bakarrik beltzez. Herritarrei deia egiten diegu kultura ezberdinetako heriotza errituez mozorrotzeko. Lehen, ohitura katolikoari jarraituz, denak beltzez jantzita ateratzen ziren hileta horretan baina, gaur egun, askotariko jatorria dute billabonatarrek, beraz, Mexikoko edota Afrikako ohiturak berreskuratzeko deia luzatzen diegu herritarrei. Libre utzi nahi dugu.

Hileta izango da festetako azkeneko ekitaldia?

Bai. Behin erroskilla erre ondoren bideo emanaldia izango da. Duela bi urtetik hona Unai Lizartza gazteak festetako bideo bat egiten du gero Youtuben zintzilikatzen duena. Aurten ere asmo hori du, hortaz, behin erroskilla erreta pantailan botako da bideoa.

Hurrengo urteetan ekimen hau mantentzea da festa batzordearen borondatea?

Ikusi beharko da zenbateko arrakasta daukan eta zein harrera egiten dioten herritarrek ekitaldiari. Lehenengo urtea izanda, ez dakigu nola erantzungo duen jendeak. Ondo ateratzen bada, jarraitzea gustatuko litzaiguke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!