Festa herrikoi eta parte hartzaileak prestatu ditu jai batzordeak

Ataria 2024ko uzt. 16a, 19:59

Askotariko programazioa prestatu du festa batzordeak Santio jaietarako. Uztailaren 24tik 31ra ospatuko dira festak.

Santio jai batzordeak 2024ko Santio jaietako egitarau aurkezteko agerraldia egin du Erreboteko plazan. Beatriz Unzue alkateak hartu du hitza batzordearen izenean eta bertan aritzen diren herritarren lana eskertu du. «Egun hauek esanahi berezia dute guretzat eta gure herriko talde eta jende askoren ahaleginaren emaitza dira. Bereziki azpimarratu nahi dut jai batzordean parte hartu duzuen eragile, elkarte eta talde guztien garrantzia. Zuen lankidetza, gogoa eta konpromisoa funtsezkoak baitira festa herrikoi eta parte hartzaile hauek posible egiteko. Zuen ekarpenik gabe Santioak ez lirateke izango gure nortasunaren eta komunitatearen isla».

Villabonako festak, urtero bezala, uztailaren 24tik 31era izango dira eta aurkezpenean nabarmendu dutenez gustu guztietarako ekitaldiak izango dira bertaratzen direnen gozamenerako. Aurtengo txupinazoa Irrika aisialdi elkarteak botako du. Jai batzordeak aho batez erabaki du elkarteari ohore hori ematea, «azken urteetan herriko haur eta gaztetxoekin garatu duen hezkidetza lan bikaina aitortzeko».

Joxean Cubero kultura teknikariak eman dio errepasoa egitarauari eta ekitaldirik nabarmenenak azpimarratu ditu, hala nola, buruhandi, ipotx eta erraldoien kalejirak, Otsabi Fest sortzaileen gunea, kontzertuak, herri krosak, Santanako konpartsa herrikoia, xake jokoa, Erromeria eguna, pilota txapelketak, haur jolasak edota kuadrillen bazkaria. Aurten, gainera, Santio jaiei amaiera emateko erroskillaren hileta berreskuratuko da, Cuberok nabarmendu duenez, «Santioei amaiera polit bat eman nahian». Modu horretara jaien sinbolo bezala berreskuratuko dute erroskilla.

Alkateak azpimarratu du aurtengo jaietan mugimendu feministarekin elkarlanean osatutako indarkeria matxistaren aurkako protokolo berezi bat egongo dela martxan. «Protokolo honek erasoren bat pairatu edo ikusiz gero jarraitu beharreko urratsak zehazten ditu». Horrekin batera, 24 orduz arreta eskainiko duen telefono zenbaki bat ere izango dute Santio festek irauten duten zortzi egunetan, eraso matxistaren bat pairatu edo ikusiz gero, bertan laguntza eskatzeko. 697 11 66 11 da telefono zenbakia. Alkateak herriko talde feministetako kideei eskerrak eman dizkie, Garagardo Azokan eta jaietan indarkeria matxistari aurre egiteko boluntarioki egingo duten lan guztiagatik.

Elkarbizitzarako deia

Aurreko urtean bezala, aurten jai batzordeak suzirien erabilera murriztea erabaki du, Cuberok aipatu duenez, «hainbat haurrek, etxeko animaliek eta pertsona zaurgarriek gaizki pasatzen dutelako eztandarekin».  Hortaz aurreratu du, Santio bezperako txupinazoan soilik botako direla suziriak. Beste ohar bat ere eman du kultura teknikariak eta aipatu du jai batzordetik ahalegin berezia egingo dutela aurten Kuadrillen egunean, bereziki, mahaiak eta izotzen ontziak banatzerakoan nahiz jasotzerakoan. «Boluntario talde bat gizalegea zaintzeaz arduratuko da eta parte hartzaileei haiei kasu egitea eskatzen diegu», esan du Cuberok.

Horrekin batera, jai hauetan herritar eta bisitari guztien arteko errespetuko elkarbizitza gailentzeko desioa luzatu du Unzuek eta gaineratu du jai «seguruak» izateko lan egingo duela Amasa-Villabonako Udaltzaingoak eta festek iraun bitartean 24 orduko zerbitzua eskainiko duela.

Santio jaiak hasteko astebete falta dela, aurtengo festak «alaitasunez, gozamenez eta momentu eder ahaztezinez beteak» izan daitezela opa nahi izan die alkateak herritar guztiei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!