Leiho, balkoi eta terraza ederrenak sarituko dituzte

Ataria 2024ko uztailaren 10a

2022ko edizioko irabazleak

Atari Bizi lehiaketan parte hartzeko ez da aldez aurretik izena eman behar, nahikoa da etxeko balkoia loreekin apaintzea. Sari banaketa uztailaren 25ean egingo dute, soka dantzaren ondoren.

Amasa-Villabonako Udaleko Ingurumen sailak Atari Bizi lehiaketa abiarazi du beste behin. Lehiaketa honen helburua herritarren balkoiak eta terrazak mota guztietako landareekin apaintzea da: lore, zuhaixka, igokari eta abarrekin. Santio jaietan, ederrenak eta originalenak sarituko dituzte. Horrela, udalaren ekimenak landareekiko errespetuzko jarrera berpiztu, eta era berean, herritarrak beren etxeetako itxuraz eta osasunaz arduratzea sustatu nahi du.

Lehiaketan parte hartzeko ez da aldez aurretik izena eman behar, nahikoa da etxeko balkoia loreekin apaintzea. Datozen egunetan epaimahaia herrian zehar ibiliko da eta balkoi eta terrazetako landareen kolorea, apaindura, itxura eta originaltasuna baloratuko ditu. Udal ordezkari batek, ingurumen teknikariak eta lorezaintza enpresako kideek osatuko dute epaimahaia.

Hiru sari uztailaren 25ean

Atari Bizi lehiaketako sari banaketa uztailaren 25ean izango da, soka dantzaren ondoren. Irabazleari bi lagunentzako otordua eta Amasa-Villabonako dendetan gastatzeko 150 euro emango zaizkio. Bigarren eta hirugarren sariak 100 euro eta 85 euro izango dira, hurrenez hurren, tokiko merkataritzan gastatzeko.

Amasa-Villabonako Udalak Atari bizi lehiaketan parte hartzeko deia egin die herritar guztiei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!