Ibarrako Uzturpe ikastolako eta Anoetako herri ikastolako ikasleek ahozkotasuna eta gorputz adierazpena lantzeko aukera izan dute kaleko hiztun bizien hizketaldiak imitatuz azken hiruhilekoan. Iñigo Otaegi billabonatarrak eta Jon Basaurik soraluzetarrak euren master amaierako lanean ondu zuten sekuentzia didaktikoari jarraituz egin dute lanketa. Hizkuntzen irakaskuntzan idatzizko komunikazioa lehenetsi eta ahoz jarduteko zailtasun orokortuari konponbiderik jartzen ez zaiola ikusita sortu zuten sekuentzia didaktikoa eta Euskaltzaindiak Mintzola egitasmoaren bitartez saritu zuen.
Uzturpe ikastolan, DBH3ko eta DBH4ko ikasgeletan jorratu dute. Hamabi saioko esku-hartzearen ondoren, irakasleek diote bete direla proposamenaren helburuak, "bai ahozkotasunaren ikuspegitik, bai gorputz adierazpenaren aldetik”. Ikasleek iragarki bat sortu behar izan dute, eta esperientzia baliagarria izan da lotsa gainditzen laguntzeko eta harremanak estutzeko.
Anoetako ikastolan, berriz, DBH3ko bi ikasgeletan landu dute unitate didaktikoa, eta guztira 50 ikaslek hartu dute parte. Irakasleek aitortu dute, gorabeherak gorabehera, bete dela ekintza komunikatiboa.
Oro har, balorazio positiboa
Iñigo Otaegi, unitate didaktikoaren sortzailea, pozik agertu da esku-hartzeek utzitako emaitzarekin: “Lehen aldiz landu da adierazkortasuna imitazio-jolasen bidez, eta, oro har, balorazio positiboa izan du. Irakasleek aipatu dute helburu behinenak bete direla: batetik, ahoskeraren, gorputz adierazpenaren eta hizkuntzaren indarraren kontzientzia hartzea; bestetik, hiztun adierazkorrak imitatuz hizketan egoki samar aritzea, jatorrizko jardunera ahalik eta gehien gerturatuz. Ikasle batzuei ezagunak egin zaizkie euskalki eta hitano kontuak, eta ondo moldatu omen dira imitazio lanetan; beste batzuek, aldiz, nahiko lan izaten dute lotsak gainditzen, eta kosta egin zaie jendaurrean jartzea bera”. Otaegik aipatu nahi izan du poza ematen dion beste kontu bat ere: “Arlo formalean kosta egiten zaien ikasle asko ederki aritu dira imitatzen. Ohartu dira, hortaz, euskara gutun formal batean idazten dena baino askoz gehiago dela, eta euskaldun ona izateak ez duela horrek bakarrik determinatzen. Beraz, euskara funtzional eta espresiboan ondo moldatzeak motibatuko zuen bat baino gehiago”.
Tartean izan dira, ordea, lehenengo aldiak berarekin dakartzan zailtasunak. Otaegik aitortu du: “Irakasleek aipatu dute imitazio lanek antzerki kutsua hartzen dutela, eta zenbait kasutan ez dutela jakin oharrak zer-nola eman. Horrek agerian uzten du master bukaerako lanak ondorioztatutakoa: irakasleok ez gaude formatuta ahoskera eta gorputz adierazpena, eta, oro har, adierazkortasuna irakasteko. Horregatik dira imitazio jolasak sekuentziaren erdigune. Ikasleekin aplikatu baino lehen, irakasleekin aplikatu beharko lirateke”.
Zailtasunak zailtasun, Otaegik azpimarratu du esperientzia baliagarria izan dela: “Irakasleren batek aipatu du honek jarraipena izan beharko lukeela, eta Euskal Herrira zabaltzeko modukoa izan litekeela. Ibarrako eta Anoetako ikasle askok ondo pasa dute, euskaraz adierazkor izateko zirrikituak ezagutu dituzte; ederra litzateke hori bera euskal herrietan zehar urteroko kontu bilakatuko balitz, eta adierazkor aritzeko erremintak jasoko eta erabiliko balituzte”.
Beste urrats bat
Xabier Lasa Ikastolen Elkarteko Hizkuntza Egitasmoaren arduraduna ere pozik agertu da ekintzak jasotako emaitzarekin, eta argitu du zergatik hautatu ziren bi ikastola horiek esperientzia berriari ekiteko: “Iñigo Otaegik, master amaierako lanean, Tolosaldeko hizkera oinarri hartu zuelako hautatu genituen, eta, hortaz, testuinguru horretan era naturalean aplikatzeko modua izango genukeelako”.
Esan bezala, DBH3ko eta DBH4ko ikasleekin batera landu da unitate didaktikoa, Euskara eta Literatura arloan, eta Lasak aitortu du, Otaegik bere lanean finkatutako helburuak lortu direla: “Hizkera ez formalak duen bizitasuna lantzeko bidean beste urrats bat egin dugu, aurrera jarraitu behar”.