ELKARRIZKETA

«Gazteek ez dute modu adierazkorrean komunikatzeko tresnarik»

Jon Miranda Labaien 2023ko eka. 7a, 07:59

Master bukaerako lan gisa, adierazkortasuna lantzeko proposamen didaktikoa jorratzen ari da Iñigo Otaegi billabonatarra; egitasmoa Euskaltzaindiak saritu du orain Mintzola egitasmoaren barruan

Ahozko jarduna ikertzeko zortzi egitasmo saritu ditu Euskaltzaindiak, Mintzola proiektuaren bidez. Saritu duten master amaierako lanetako bat, Jon Basauri soraluzetarrarekin batera, Iñigo Otaegi Etxezarretak (Amasa-Villabona, 1996) aurkeztu du. Adierazkortasuna lantzeko proposamen didaktikoa da.

Non du sorburua ikerketa proiektu honek?

Irakaskuntzan Irakasle Gisa Aritzeko Gaitzen duen Unibertsitate Masterra egiten ari gara, eta ikasketan barruko praktikaldian etorri zitzaidan lehen ideia. Tolosako Herrikiden jardun nuen DBHko hirugarren mailako ikasleekin. Gutxi-asko formalki eduki batzuk euskaraz emateko gai zirela ikusten nuen, baina erregistro informalagoetan, lagunartean, ezina nabari nien. Esan nahia bai, baina mugatuta ikusten nituen, berehala pasatzen ziren erdarara. Barru barrutik esan beharreko gauzekin pasatzen zaie hori, parekoarekin haserretzen direnean, adibidez. Horrelakoetan nekez bukatuko dute esaldi bat euskaraz.

Sekuentzia didaktiko bat prestatu zenuen Herrikideko ikasleekin probatzeko.

Bai. Anbiziotsuegia zen, akaso. Astebetez, lau saiotan landu nahi izan nuen gaia ikasleekin, baina ez nuen denbora nahikoa izan. Lehenik eta behin egoera komunikatibo errealak proposatu genizkien ikasleei. Antzezten jarri genituen. Ikusi genuen aldiro erdarazko makulu horiek agertzen zirela. Saiatu ginen hutsunea identifika zezaten dinamika batzuen bitartez. Segidan, eredu batzuk erakutsi genizkien, lagunarteko elkarrizketa informalak eta euskaraz adierazkorrak direnak nolakoak izan daitezkeen ikus zezaten. Ibili ginen sarean arakatzen, adierazkortasun handiko esaldi eta hitzak apuntatu genituen. Asmoa zen, testuinguru komunikatibo bat hartu eta elkarrizketa labur bat taldean idatzi ondoren ahotsez eta gorputzez antzeztea. Astebetean egiteko lan gehitxo zen ordea. Ikasleak ere ez daude ohituta horrelakoetara, ez zaie formazioa ematen jendaurrean aritzeko. Gabezia bat agerian uzteko ere balio izan zuen lanketak. Oro har esateko, gaztetxoek ez dute modu adierazkorrean komunikatzeko tresnarik eskura.

Gai beraren inguruan prestatuko duzue master amaierako lana?

Horrela da. Herrikiden izandako esperientzia horretatik abiatuta, tutoreak komentatu zidan adierazkortasuna lantzeko proposamen didaktiko bat landu genezakeela master bukaerako lan bezala. Nik badut gaiaren inguruko interesa, are gehiago, Hizkuntza eta Literatura espezialitatetik etorrita. Taldean ari gara eta beste bi kiderekin batera lanari azken ukituak ematen gabiltza orain. Aurki aurkeztuko dugu.

Zerk mugatzen du gazteen adierazkortasuna?

Faktore asko daude. Uste dugu gazte hauei ereduak falta zaizkiela. Geroz eta gizarte indibidualistagoan bizi gara. Umeak pantailei begira pasatzen dute eguna eta handik jasotzen duten gehiena ez da euskaraz izaten. Hedabideetan zein hizkera mota nagusitzen den ikusi besterik ez dago. Eskoletan ere ahozkotasuna ez da behar bezala landu izan, idatziak eta irakurriak beti izan du lehentasuna. Ez diogu guk bakarrik, aditu askok esaten dute D ereduak ez dituela euskaldun osoak ekoitzi. Hutsune handia dagoela iruditzen zait, eta guk, ikerketa proiektu honekin, arrastotxoa utzi nahi genuke arlo honetan. Eskolak bakarrik ezingo dio guzti honi buelta eman baino ikerketa hau, behintzat, hasiera bat izan liteke.

Adierazkortasuna lantzeko imitazio-jolasak proposatzen dituzue. Zergatik?

Imitatuz asko ikasten delako. Adierazkortasunean ez da soilik esaten dena garrantzitsua, nola esaten den baizik: intonazioa, ahoskera, gorputz espresioa... Horrek guztiak egiten du diskurtso bat adierazkorra. Master amaierako lanerako bideoz grabatu ditugu hiztun on batzuk eta egoera komunikatibo ezberdinetan jarri ditugu. Nola hitz egiten duten ikusi eta hori bera imitatzea proposatuko diegu ikasleei. Interbentzio motz bat hartu eta hori imitatu, hasi eta buka, esan indarra, gorputzeko keinua, begiratua, ahotsaren doinua, esaldiaren kantaera...

Non topatu dituzue euskaraz adierazkortasun handiko hiztunak?

Kalean. Ez da urrutira joan behar. Zergatik ez dugu kale hizkera bizia darabilen jendea grabatzen? Eta ikasleei horiek imitarazten? Adineko jende asko dago euskaraz era guztietako emozioak bizi-bizi adierazteko gai dena. Eredu onak hor daude. Guk haiekin elkarrizketak izan ditugunean ez diegu gehiegi xaxatu behar izan hizketan hasi daitezen. Dena den, ispilu bezala funtzionatuko duten pertsona horiekin ikasleak identifikatu daitezen, jende gaztearen eredua ere jaso dugu. Heldu eta gazte. Emakume eta gizon. Herri ezberdinetako jendea. Zuka eta hika aritzen dena.

Zenbaterainoko garrantzia du euskalkiak adierazkortasunean?

Ni neu ere konturatzen naiz, adierazkortasunaren bila gehiago jotzen dudala euskalkira, batura baino. Beti egokitasunari begiratu behar zaio, jakin egin behar da noiz erabili bata eta bestea. Batuan ere badaude hizketa molde adierazkor askoak. Ikasleak ere jarri nahi genituzke, adibidez, Euzkitze imitatzen, tanto baten kontakizuna egiten duenean. Gaztetxoak agian ez dira hurrengo egunetik aurrera horrelako esamoldeak erabiltzen hasiko, baina zerbait geratzen bazaie eta aldian-aldian erabiltzen badute, bada zerbait.

Master amaierako lana saritu du orain Euskaltzaindiak. Nola izan zenuten bekaren berri?

Gure irakasleak esanda. Ikertzaile gazte edo hasiberrientzako beka da, unibertsitateko edozein jakintza alorretatik abiatuta, euskaraz egiten den ahozko jarduna ikergai gisa aukeratu izana saritzen dute. Ikusi genuen gure proiektua ondo txertatzen zela deialdian.

Proiektua garatzeko iraila arteko epea duzue. Master amaierako lanari ezer gehituko al diozue?

Ez dira berdin berdinak izango. Gure asmoa ikerketaren eremua zabaltzea da, baina ez dakit horretarako aukera izango dugun. Orain arte, Tolosako Herrikideren esperientziari helduta eta hango ikasleentzako proposamen didaktikoa landu nahian, gehienbat Tolosaldean bildu ditugu ahozko testigantzak. Polita izango litzateke beste zenbait eskualdeetan ere adierazkortasun handiko hiztunekin egotea eta haien audioak jasotzea. Guk aplikatzeko moduko zerbait egin nahi dugu. Ahozkoa landu behar dela esaten da hezkuntza curriculumean baina gero baliabide didaktikorik ez da jartzen. Irakasleak formatu gabe daude, ahozko komunikazioa definitzen ere lanak ditugu. Panorama honen aurrean, zerbait landu beharra ikusten genuen eta ikerketa honekin gaiari heldu nahi diogu.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!