Oihalen aritik, errimen harira

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko ekainaren 7a

Villabonako Subijana eraikinaren memoria historikoa berreskuratzeko Emakumeen Haria ekitaldia egin dute gaur, Amasa-Villabonako Udalak eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak antolatuta. Bertan lan egindakoak eta orain lan egiten dutenak batu dituzte.

Bertsozale Elkarteak Villabona-Amasako Subijana etxean duen egoitza oihal lantoki ezaguna izan zen 1860tik 1980ra bitartean. Emakumezkoak ziren langile gehienak, eta haiek omentzeko ekitaldia egin dute gaur. Eraikinaren iragana eta oraina lotzea izan da helburua, emakume oihalgileak omenduz, eta gaur egun Subijana eraikinaren ardatz den bertsoari tokia eskainiz.

Horrela, familia argazkia atera dute lehenik, garai bateko eta gaur egungo langileek. Gero, eraikinaren ganbarara igo dira. Bertan, Beatriz Unzue alkateak eskerrak eman dizkie iraganeko emakume langileei, eta bere lana aitortu du, baita gaur egun Bertsozale Elkarteak egiten duena ere.

Ondoren, Fanny Alonsok oihal fabrika zaharraren berri eman du, eta bertan lanean aritutako emakume adinekoak izan ditu gonbidatu. Anekdotak, bitxikeriak eta zenbait istorio kontatu dituzte. Guztiek ere, adiskidetasunean oinarritzen zen enpresa dela azpimarratu dute. Azkenik, Bertsozale Elkarteko Aritz Zerainek bertan gaur egun egiten duten lana azaldu du, eta berak ere fabrika hartan emakumeek egindako lana aitortu du.

Behin ekitaldia amaituta, azken asteetan Arantxa Orbegozok eta Izaro Lizarragak eraikinaren albo batean egin duten horma irudia inauguratu dute, eta bi artistek sortze prozesuaren inguruko argibideak eman dituzte bertan. Hariak eta oihalak dira protagonista horma irudian, eta oihal horietako batean Maialen Lujanbiok sortutako bertso bat ageri da idatzita. Emakumeen istorioak lehen planora ekartzeko beharra azpimarratu dute bi margolariek. Margolarien azalpenak entzun ondoren, Lujanbioren bertsoa eta gaur atera duten familia argazkia uztartzen dituen oroigarri bana eman die garai bateko langileei.

Honela dio Lujanbioren bertsoak:

Historiaren fardotik
saltatu ta tira
hamar lerro hitzezko
hamar metxa dira
lerrotik errimara
metxatik harira
kanillatatik pasa
ta ahotsa argira...
Eskuen memoria
bertsotan ari da

Ekitaldia borobiltzeko, bertso saio tematikoa egin dute Subijana atzealdeko Gudari plazan. Oihana Iguaran, Alaia Martin eta Nerea Ibarzabal aritu dira bertsotan; gaiak, berriz, Amaia Agirrek jarri ditu gaiak.

Erlazionatuak

Memoria josten ari dira

Jon Miranda Labaien 2024 eka 02 Amasa-Villabona

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!