Villabonako Subijana eraikinaren memoria historikoa berreskuratzeko ekimena abiatu du Amasa-Villabonako Udalak Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen laguntzaz. 1880tik 1960ra erreferente izan zen oihal fabrikaren egoitza izan zen; gaur egun, eraikina bera Bertsozale Elkarteak erabiltzen du. Bertan lan egindakoak eta orain lan egiten dutenak batuko dituzte ekainaren 7an Emakumeen haria izeneko ekitaldian 17:00etatik aurrera.
Emakumeak dira bi garaiak lotzen dituen haria. Subijana oihal fabrikan lanean jarduten zutenen %90 emakumeak ziren, eta gaur egun, Bertsozale Elkartean ere zehar lerroetako bat dute feminismoa. Arantxa Lopez Amasa-Villabonako zinegotziak gogoratu du 2023an jubilatu etxeko fatxadan La Salvadora papergintza enpresako emakume langileen argazki-mural bat jarri zutela, eta orduan bururatu zitzaiela Subijana oihal fabrikako emakume langileak gogoratuz antzeko ekimen bat martxan jartzea. «Esaten dute oihal fabrikaren martxa txarrari aurre egin nahian zabaldu zutela paper fabrika, eta horregatik jarri ziotela La Salvadora izena», aipatu du Lopezek. Herriko historia belaunaldi gazteei transmititzeko beharrak bultzatu du udal gobernua Emakumeen haria ekitaldia antolatzera. «Uste dut, gaur egun, historiaren transmisioa ez dela ondo egiten. Jende gazte askok ez daki zer pasa zen lau pareta horien artean. Gure egitekoa da espazio honetan bertan zer gertatu izan den kontatzea», aipatu du Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, eskutan XIX. mende erdialdeko argazki bat duela —oraindik Villabonako eliza eta Oriamendi auzunea egin gabe zirela, subijanatarren etxea ageri da erdian—. «Fatxada gaurkoaren berdin-berdina da», azpimarratu du Lopezek.
Eraikin historikoa da Subijana, baina mendeotan eraikinaren barruan bizi izan denari jarri nahi izan dio arreta Amasa-Villabonako Udalak. «Eraikin bat da emakumeen bi historia oso indartsu batzen dituena. Oraindik bizi dira oihal fabrikan oso gazterik lanean hasi ziren emakumeak. Haiek jardun zuten tokian orain bertsolariak dabiltza. Guk gure garaian, herriko festetan edota tabernetan ikusten genituen bertsolariak, denak gizonezkoak. Orain emakumeak ikusten ditugu oholtza gainean. Izugarrizko lana egiten ari dira elkartean, eta horri balioa eman behar zaiola iruditzen zaigu. Fabrikan aritu ziren emakume haiek lan mundura salto egiteko erakutsi zuten ausardia hori bera erakutsi dute azkeneko hamarkadetan emakume bertsolariek». Guztien artean, Amaia Agirre azpimarratu du Lopezek. Herrikoa izateaz gain, bere garaian «apurtzailea» izan zelako.
Proposamenarekin Bertsozale Elkartera jo zuten udal ordezkariek eta han begi onez hartu zuten. Oier Iurramendi elkarteko koordinatzaileak ekitaldi honen antolakuntzan parte hartzea «ohorea» izan dela aipatu du. «Bagenuen etxe honen iraganaren berri baina nahikoa azaletik. Oihal fabrika horrek izan zuen garrantzia ikusita, berehala eman genion baiezkoa parte hartzeari. Berriro ere, urte askoren bueltan, leku honetan jendea batzea eta gu geu berriro leku honetan batzeko arrazoietako bat izatea, benetako ohorea da guretzat. Ilusio handiarekin heldu diogu gaiari», esan du elkarteko koordinatzaileak.
Bertsozale Elkarteak «egiten dakien horrekin» egingo dio ekarpena Emakumeen haria ekimenari: bertsoarekin. Ekainaren 7an, Amaia Agirrek gidatuko duen bertso saio tematikoa egingo dute, eta bertsotan ariko dira Oihana Iguaran, Alaia Martin eta Nerea Ibarzabal. Lau emakume egongo dira oholtza gainean. «Gure zehar lerro nagusienetakoa bihurtu da feminismoa azken urteetan. Historian arakatu eta bertsolaritzan presente egon izan diren emakumeak eta gehientsuenetan isilean pasa direnak argitara ekartzen ari gara. Gure lanketa hau bete-betean ikusten genuen uztargarria ekainaren 7ko ekitaldiarekin», esan du Iurramendik. Gaineratu du, eraikinaren alde batean marraztuko duten horma-irudian Maialen Lujanbioren bertso bat ere joango dela. «Ikusten genuen eraikinaren iragana eta oraina lotuko zituen kopla batek edo bertso batek agertu beharko lukeela bertan. Maialenek landuko du hori. Iruditzen zitzaigun pertsona aproposa zela berak ordezkatzen duen guztiagatik», aipatu du elkarteko koordinatzaileak.
Betiko gera dadin
Emakumeen haria ekimena «elkarren arteko besarkada bat bezala» irudikatzen du Izaro Lizarraga ilustratzaileak. Berak jaso zuen Subijana etxeko saihets batean horma-irudia pintatzeko enkargua. «Interesgarria iruditu zitzaidan hasieratik. Iruditzen zait politikoki eta sozialki herri honetan istorio asko ez direla kontatu, are gutxiago istorio horiek emakumeenak badira. Niri mugiarazten nau hori kontatzeak. Horrela bizi dut eta horrela begiratzen diot munduari. Sortu ere horrelaxe egiten dut», esan du zizurkildarrak.
Baiezkoa eman zion horma-irudia sortzeko proposamenari, baina Arantxa Orbegozorekin batera egitekotan. Irudigile tolosarra aspaldiko ezaguna zuen Lizarragak baina behin ere aritu gabeak ziren elkarrekin lanean, eta proiektuaren nondik norakoa ikusita berehala eman zuen baiezkoa Orbegozok: «Elkar osatzen dugula esango nuke. Ni gehiago naiz erretratugile, eta Izaro gehiago da ilustratzaile. Bozetoa prestatzerako orduan ere horrela planteatu dugu, eskuineko aldearen ardura gehiago izango da nirea, eta ezkerreko aldea, berriz, Izarorena».
Udaleko, Bertsozale Elkarteko eta Kotoiaren emakumeak proiektuko Fanny Alonsorekin bildu ondoren ekin zioten bozetoa prestatzeari bi artistek. Hasiera batean gauza «xumea» zeukaten pentsatuta antolatzaileek, baina Lizarragak eta Orbegozok dimentsio handiagoa eman nahi izan zioten proiektuari. «Oihal fabrikarekin lotuta ikaragarrizko gauza pila kontatu daitezke. Bi edo hiru pareta gehiago bete genitzake, edo komiki oso bat, baina aurrekontua mugatua da, tokia ere bai, eta baita lan honi guk eskaini diezaiokegun dedikazioa ere», esan du Orbegozok.
Eskuinaldean emakume baten irudia pintatuko dute. Haren arropak Subijanan landutako oihalekin osatuko dute eta eskutik zintzilika korapilo bat izango du. Harien bitartez lotuko dute emakumearen irudia paretaren ezker aldearekin. Han bi oihal zintzilikatuko dituzte. Fabrikan egiten zituzten estanpatutako oihal bat eta Villabonan egiten zituzten oihal zuri bat bestea. Han barruan joango da idatzita Lujanbioren bertsoa. Elementu horiekin batera pintzelez betetako pintura poto bat eta gutun-azal bat ageri dira. «Irudi horiek ez ditu zertan jende guztiak ulertu behar. Hemendik pasa eta aitzakia bat jarri nahi diegu herritarrei elkarrizketa bat hasi dezaten fabrikan gertatu zenaz hausnartzeko», esan du Lizarragak.
Lantoki hartan lan egindako eta gaur egun Villabonan bizi diren emakume asko gerturatu zaizkie bi artistei egunotan. «Beste elementu bat ere agertuko da horma-irudian: bozetoen liburua. Liburu potolo bat zen eta han estanpazioen eredu guztiak gordetzen ziren. Altxor bat zen. Liburukote hori ikusita jabetu zen bertan aritutako emakume bat Subijanaz arituko ginela muralean», aipatu du Orbegozok. Tolosan Pirularen inguruan egindako erretratua gogoan hartuta, gaineratu du gisa honetako lanek memoriaren ateak zabaltzen dituela: «Pertsonaiaz hizketan hasten da jendea eta horrek beste garai batera eramaten ditu; garai hartako kontuak kontatzen hasten dira eta horrela hasten da mataza askatzen».
Horma-irudia denentzako irisgarria izatean azpimarra jarri du Lizarragak: «Adin ezberdinetako jendeak ulertu dezake. Azken batean ilustrazioa da adierazpide bat edonork uler dezakeena. Arteak baimentzen dizu historiara sarbide bat, gero norberak ikusiko du zenbateraino sakondu nahi duen». Historia transmititu eta emozioak azaltzeko arteak duen garrantzia azpimarratu du Orbegozok, eta balioa eman dio kulturari. Grafitiak orain arte izan duten «fama txarra» aldatzen ari dela azpimarratu du erretratugile tolosarrak. «Gipuzkoan garrantzia ematen hasi zaio», esan du.
Gauzak aldatzen ari dira, baina ez beti bide berean. Egunotan aldamiora igota ari dira Lizarraga eta Orbegozo: «Pintzel txikiarekin ari garenean ez da inor konturatzen, baina hor gora igota ikusten gaituztenean 'hara, emakumeak dira eta' entzun behar izan dugu, noiz eta 2024an». Berdintasunaren bidean ekarpena egingo dute bi artistek egunotan, eta iragana eta oraina lotuko dituzte horma-irudian. Hariekin lotuta geratuko dira, betiko, Subijana eraikinaren istorioak.
EMAKUMEEN HARIA
EKAINAK 7, OSTIRALA
17:00. Bisita gidatua Subijana etxean. Oihal fabrika zahararen berri emango du Fanny Alonsok eta bertan lanean aritutako emakume adinekoak izango dira gonbidatu. Bertsozale Elkarteko kideek bertan gaur egun egiten duten lana azalduko dute.
18:00. Horma-irudiaren inaugurazio ekitaldia. Izaro Lizarragak eta Arantxa Orbegozok emango dituzte azalpenak.
19:00. Bertso saio tematikoa: Oihana Iguaran, Alaia Martin eta Nerea Ibarzabal bertsotan. Amaia Agirrek jarriko ditu gaiak. Subijana atzealdean dagoen Gudari plazan egingo da saioa, eta eguraldi txarra badago Gurea antzokian.