Larunbatean arma zuriz egindako erasoa salatu du udalak

Ataria 2024ko maiatzaren 20a

Udalak «tamalgarritzat» jo du gertaera eta ohar batean elkartasuna adierazi dio zauritutako gazteari.

Amasa-Villabonako Udalak gogor salatu du Villabonan larunbat gauean arma zorrotzarekin egindako erasoa eta elkartasuna adierazi dio zauritua izan den gazteari. Era berean, zauriak ahalik eta azkarren sendatzea eta etorkizunean inolako ondoriorik ez uztea espero du.

«Udalak argi eta garbi adierazi nahi du festa edo parranda egitera labanekin edo arma zuriekin irteten diren pertsonak, legez kanpoko ekintza bat egiten aritzeaz gain, soberan daudela gure gizartean. Herritar guztiek, bereziki gazteek, jaiak eta parranda uneak modu libre eta seguruan gozatzeko eskubide osoa dute. Jaiak liskar bila aritzeko edo jendea erasotzeko baliatzen dituztenek, eskubide hori urratzen digute guztioi, eta hori guztiz onartezina da», aipatu du udalak ohar batean.

Gaineratu du lanean jarraituko duela etorkizunean horrelako gertaerak errepika ez daitezen, eta herrian jai atsegin eta seguruak izan daitezen beti. Amaitzeko, udalak eskerrak eman  dizkie larunbat gauean erasotzailea atxilotu zezaten, edota zauritutako gaztea artatzen, lagundu zuten guztiei.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!