Gazte bat atxilotu dute Villabonan, beste bati arma zuriz eraso egitea leporatuta

Ataria 2024ko maiatzaren 19a

Ertzaintzak jakinarazi duenez, 19 urteko gizon bat atxilotu dute gaur goizaldean, beste bati  laban batekin izterrean eraso egitea leporatuta. Ustezko erasotzailea Kale Nagusiko atari batean babestuta zegoen, eskuan bi laban zituela, eta bertan atxilotu dute, ustez jai-eremuan liskarren bat izan ostean. 

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, gertakaria gaur, 04:00ak aldera, izan da, Villabonako Kale Nagusian. Ertzaintzaren patruilak Villabonara joan dira, laban batekin egindako eraso baten berri izan ostean. Anbulantzia bateko osasun-langileek ezkerreko izterrean zauria zuen gazte bat artatu eta eraman dute.

Ustezko erasotzailea Kale Nagusiko atari batean zegoen babestuta eta, lekukoen arabera, bi arma zuri zeramatzan. Hori dela eta, Mugikorreko Bizkor patruila batek esku hartu behar izan duela jakinarazi du Ertzaintzak. Antza denez, atxilotuak liskarren bat izan du Villabonako jai-eremuan. Atxilotua osasun-zentro batera eraman dute lehenengo eta ertzain-etxera gero, beharrezko eginbideak amaitutakoan epailearen esku uzteko.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!