«Minimalismo hori bilatzen nuen, bai materiala eta baita kontzeptu bezala»

Nora Urbizu Arozena / Asier Imaz 2024ko mai. 5a, 07:58

Ioritz Galarraga Capdequi Baionan bizi da batez ere; izan ere, furgoneta bat aukeratu du bizitoki. Euskararen bitartez Hegoaldearen eta Iparraldearen arteko muga ezabatzen du.

Furgoneta batean bizi zara.

Bai, esan dezaket azken lau urteotan hori dela nire bizilekua, nire-nirea dena. Egia da ibiltzen naizela ere senideen etxeetan, eta horien laguntzarik gabe ez litzatekeela posible izango. Nire traste asko banatuta ditut beste lekutan, baina hau da egunerokoan erabiltzen dudan bizilekua.

Baionan egiten duzu lan, eta bertan bizi zara egunerokoan.

Lanegun normala dugunean, entseguak-eta ditugunean, astean zehar Baionan egoten naiz. Asteburutan gurpilak martxan jartzen ditut, eta batera edo bestera, baina mugitu egiten naiz. Baionan leku ezberdinetan ibiltzen naiz, baina furgoneta da nire txokoa.

Zer alde on bilatzen dizkiozu?

Askatasuna izango litzateke gehien bururatzen zaidan hitza, kontuan izanik askatasun horrek falta bat ekartzen duela atzetik. Batetik nirea izatearen sentitze hori ematen dit, ez dudalako sartu nahi, oraingoz behintzat, hipoteka batean. Bestetik, ez dut partekatzen etxebizitza ohiko baten kontzeptua; hori aspalditik landu dudan zerbait da. Alde guztietara nire etxea eramaten dut, etxea gainean dut: ez dut maletarik ez ezer prestatu behar, ez daukat pentsatu beharrik; joan eta beti lotan bertan geratzeko aukera daukat edo nahi dudana egiteko, beti etxean nagoelako, izan aparkaleku itsusi batean edo mendi puntan disfrutatzen.

Gomendatuko zenuke bizimodu hau?

Gomendatuko nuke, baina kontziente izan behar da nora goazen, eta zeri uko egiten diogun hau onartzen dugun unean. Etxebizitza batek bete behar dituenak ez ditu betetzen, eta ni oso kontziente naiz nik hartu dudala erabaki hau, jakinda etxebizitza ohiko batean bizitzeko aukera dudala. Ez da behar ekonomiko batek ekarri nauela egoera honetara; iruditzen zait etxebizitza duin baterako eskubidea denok dugula, baina nik horren aurrean erabaki dut hautu hau egitea.

Ezberdina da, noski, bizimodu hau zuk zeuk aukeratzea.

Nik hau aukeratu egin dut. Nik nahi nuen autosufizientzia bat, neurri batean, beti bainago ibilgailu bati lotuta eta gasolioari, baina nik ez dut urik ordaintzen, elektrizitatea berak sortzen du, eta mugitzeko behar dut, baina bestela mantendu egiten da. Eta nik minimalismo hori bilatzen nuen, bai materiala eta baita kontzeptu bezala. Bestalde, furgoneta bizileku bezala etxekoen laguntzarekin prestatu dut, eta horri ere garrantzia ematen diot.

Baionan bizi zara, muga inposatu horren alde batetik bestera pasatzen zara. Nola bizi duzu hori?

Muga inposatua esan duzu, eta hori ehuneko ehunean partekatzen dut. Niretzat ez dut muga pasatzen; han da lana egiten dudan lekua, eta gauza asko ditut han, baina joan-etorri horretan konturatzen naiz nire inguruak nola ikusten duen muga hori, bai batean zein bestean. Han esaten dizkidate Hegoaldeari buruzkoak, eta hemen Iparraldeari buruzkoak. Asper-asper eginda nago horrekin, nik ez dudalako ikusten muga bat, dena ikusten dut osotasun bat bezala, gai naizelako euskaraz bizitzeko bai han eta bai hemen. Jendeak galdetzen dit ea frantsesa ez dudan ikasi hainbeste denboran, eta nik esaten dut hasieratik militante euskalduna naizela Baionan, eta lortuko dudala euskaraz bizitzea. Beno, ez da aitzakia bat, ikasi beharko nuke, beti ondo dagoelako hizkuntza berri bat ikastea. Baina egia da euskarak osotasun hori ematen didala: han euskaraz bizi naiz egunerokoan, etxekoekin euskaraz egiten dut, lagunekin ere bai, eta ez dut beharrik hortik ateratzeko. Gero, hango errealitatea desberdina da oso, baina horrek egiten dit denak bat izatea, Euskal Herri bat.

 

«Nik ez dut ikusten muga bat, dena ikusten dut osotasun bat bezala»



Zuk ez duzu muga bezala sentitzen, baina badaude beste batzuek hesia bezala sentitzen dutenak.

Tokatu izan zait autobusean gurutzatu eta batez ere azalez kolore ezberdinekoak diren guztiei sekulako kontrola pasatzea eta guri ez. Milioi bat aldiz pentsatu dut, ohe azpia hustuz gero, pasatzen naizen aldiro nolabait bat edo bi pasako nituzkeela. Ni geratzen naute, baina ez zentzu horretan, eta hori nabaritzen da Hendaia inguruan ibiliz gero, oso gogorra baita. Hautsi behar litzatekeen gauza bat da. Korrikarekin hainbat migratzailek pasa zuten muga, eta gustatu zitzaidan keinu polit hori, ilusioa egin zidan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!