Inauterietako pilotakadaren auzia

Poliziaren indarkeria salatzeko manifestazioa deitu du Xuhar Herri Plataformak

Ataria 2024ko mar. 6a, 19:43

Zaurgarri eta umiliatuak sentitzen direla esan dute, eta Ertzaintzaren pilotakada jaso zuen billabonatarrari poliziaren indarkeriaren biktima izaera onartu diezaioten eta arduradunek egia azaldu eta ardurak hartu ditzaten eskatu dute.

Xuhar Herri Plataformako kideek deituta, agerraldi jendetsua egin dute Villabonako Berdura plazan. Bertan atzo, Josu Erkoreka Segurtasun sailburuaren adierazpen «larriak» salatzearekin batera, «euskal norbanako, eragile sozial, politiko eta sindikalak» poliziaren indarkeria salatzera eta «bada garaia gauzak aldatzeko» aldarrikatzera deitu dituzte, martxoaren 16an Tolosan egingo duten «protesta baketsuan».

Plataformako kideek esan dute «zaurgarri eta umiliatuak» sentitzen direla: «gure segurtasuna bermatu behar duten horiek gure giza eskubideak urratu eta larriki kaltetzen dituztelako, eta giza eskubideen urraketa horiek ekidin beharko lituzketen arduradunek biktima izaera ukatu eta erruduntzat jo nahi gaituztelako».

Hain justu, Erkorekak esan zuen Xuhar Pazos Ertzaintzaren pilotakada jaso zuen billabonatar gaztea «istiluen parte» zela. Plataformak gogoratu du Ertzaintzaren esku-hartze «neurrigabe eta proportzionaltasunik gabekoa operazioan» jaurtitako foam jaurtigaiak «atzeraezinak» diren «lesio larriak» eragin dizkiola 16 urteko gazteari. «Biktima izaera ukatzeaz gain, errudun izaera ezarri nahia inpunitatearen apologia da».

Plataformak, era berean, gogora ekarri du otsailaren 12an gertatua «kirurgia operazio profesional» bezala definitu zutela Ertzaintzaren %76 ordezkatzen duten sindikatuek. Eta Segurtasun sailburuak hasiera batean billabonatar gaztea Ertzaintzak zauritu izana zalantzan jarri zuela ere gogoratu dute: «ziurtzat jo zuen gauza bakarra Xuhar Ertzaintzak artatu izana izan zen. Astebete geroago Villabonako EAJko zinegotzi Arantzazu Rojok inauterietan gertatutakoaz esandakoa ere nabarmendu dute: «Xuhar ez zela tirokatua izan aipatu zuen, beste hainbat astakeriaren artean». Bada, Xuhar Herri Plataformaren arabera, «Hollywoodeko gidoilari onenei ere bururatuko ez litzaiekeen kontakizun sinesgaitza» dira gertakizunaren ondoren esandakoak eta atzoko Segurtasun sailburuaren adierazpenak.

Bestalde, plataformako kideek uste dute «lekua eta testuingurua edozein dela ere, polizia eredu honek beti aurkitzen du inpunitate osoz egiten dituen esku-hartze neurrigabeak justifikatzeko aitzakia». «Hanka sartzeak onartu beharrean eta ardurei aurre egin beharrean, instituzioen arabera, sekula ere hanka sartzen ez duen eta proportzionaltasuna beti bermatzen duen polizia eredua da zuena», esan dute. Bada, billabonatar gazteari poliziaren indarkeriaren biktima izaera onartu diezaioten eta arduradunek egia azaldu eta ardurak hartu ditzaten eskatu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!