Inauterietako pilotakadaren auzia

Asteartean egingo diote ebakuntza pilotakadaz zauritutako gazteari

Ataria 2024ko otsailaren 16a

Gaur Ikamak Tolosan egin duen elkarretaratzean aitarekin batera agertu da zauritutako gaztea, agertu dioten babesa eskertzeko.

Sendagiria eman diote gaur eguerdian eta ikaskideek adierazi dioten babesa eskertzeko Tolosan Ikamak deitutako elkarretaratzean agertu da gaztea; senide eta lagunek biharko mobilizaziorako deia luzatu dute.

Joan den astelehen goizaldean pilotakada batekin zauritutako Villabonako gaztearen senideek ATARIAri jakinarazi diotenez, gaur eguerdian jaso du gazteak sendagiria. Asteartean egingo diote ebakuntza eta familiartekoek ez dakite, oraindik, begian jasotako kolpearen ondorioak zenbatekoak diren.

Gaur eguerdian Ikama ikasle antolakundeak Tolosan egin duen elkarretaratzean agertu da gaztea aitarekin batera. Txalo artean jaso dute bertan bildutakoek eta gazteak jasotako babesagatik eskerrak eman dizkie ikaskideei.

Familiak argitu nahi izan du, eurak ez dutela salaketarik jarri epaitegian, dagoeneko jarrita zegoen salaketan, akusazio partikular gisa agertuko direla baizik.

Bide batez, egunotan elkartasuna adierazi dieten herritarrei eskerrak eman dizkie zauritutako gaztearen familiak eta egunotan ahotsa eman dieten komunikabideekiko esker ona adierazi dute.

Bihar gaztearen senide eta lagunek deituta 12:00etan mobilizazio egingo dute Tolosako Trianguloan. Eskualdeko herritarrei bertaratzeko deia luzatu diete Villabonako gaztearen ingurukoek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!