Argiztapena berritu dute Arratzaingo kiroldegian

Ataria 2024ko urtarrilaren 18a

LED teknologiazko zortzi argi-foku jarri dituzte kiroldegian.

Arratzaingo eskola eremuko kiroldegiaren argiztapena hobetzeko eta argi horiek egiten duten energia kontsumoa murrizteko helburuarekin, Amasa-Villabonako Udalak kiroldegiko teilatuan kokatutako 8 argi-fokuak aldatu ditu, argi zahar halogenoak kenduz eta LED teknologia eraginkorreko foku berriak ezarriz.

Argi berriak Setalde Group enpresaren bidez eskuratu ditu udalak, eta guztira, 895 euroko inbertsioa egin du. Instalazioaz eta esku-lanaz, aldiz, udaleko brigadako langileak arduratu dira.

Ekintza hau Amasa-Villabonako Udalaren Energia Planaren baitan kokatzen da eta kiroldegiko kantxaren argiztapena hobetzeaz gain, energia aurreztea ahalbidetuko du. LED teknologia eraginkorra eta iraunkorra da, eta Arratzaingo kiroldegiko argindar kontsumoa nabarmen murriztuko du, aurrezpen ekonomikoa eraginez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!