Iker Galartzarekin solasean aritu dira nerabeak

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko aza. 25a, 15:31

Irrika aisialdi taldeak eta Galtzaundi Euskara Taldeak elkarlanean antolatuta, Sormenetik Gurera ekimenaren saio berria egin dute Villabonako Berdura plazan, artista tolosarrarekin.

Sormenetik Gurera egitasmoaren saio berria izan da gaur eguerdian, Villabonako Berdura plazan. Galtzaundi Euskara Taldeak sustatzen duen ekimenaren hirugarren saioan, Iker Galartza umoregile tolosarra elkarrizketatu dute Irrika aisialdi taldeko begirale eta haurrek. Elkarrizketa arin eta freskoa izan da: galdera biografikoak, gaur egungo jardunari lotuak, galdera deserosoak eta erronka dibertigarri bat ere egin diote gazteek.

Esate baterako, bizitzan lotsa handiena eman dion momentuagatik galdetu diote, eta tolosarrari Vaya Semanita umorezko saioko bi pasarte azaldu ditu. Batetik, galtzak jaitsi behar izan zituenekoa. «Lotsa handia eman zidan, eta uste dut ez zela beharrezkoa izan». Beste batean, Fagorreko langileen aferaren inguruko esketx bat egitea proposatu zieten aktoreei. «Horren inguruan txisteak egin genituen, eta orduan ere zentzurik ez zuela ikusi genuen. Azkenean ez zuten emititu».

Ondoren, kirolak gustuko dituen galdetu diote gazteek. Galartzak argi erantzun du: «Ikustea bai, egitea... igeri egitea gustatzen zait, baina ikusteko aspergarria iruditzen zait igeriketa». Segidan, Galartzaren txikitako zenbait argazki erakutsi dituzte. Irudi horietan, musika instrumentuak jotzen eta kirola egiten azaltzen zen Galartza. Gazte garaiko zenbait anekdota ere kontatu ditu, hala nola, El patis deitzen ziotenekoa, belarri aldeko bizar luzeengatik.

Galderen ondoren, zenbait erronka egin dituzte gazteek artista tolosarrarekin. Batetik, bi nerabe oholtza gainera igo dira, eta Galartzak senideak ziren ala ez asmatu behar zuen, zenbait galdera eginda. Bestetik, Euskal Herriko hiru pertsonaia ezagunen argazkiak ikusita, ondorengo aukeraketa egin behar izan du: norekin ezkondu, norekin joan parrandara eta nori bota aurpegira tarta bat. Barre algarak eragin dituzte bere erantzun eta erabakiek.

Proiektuaren hirugarren saioa

Eskualdeko eragileen arteko lankidetza sustatu eta nerabeen arteko harreman sareak sortzea du helburu Sormenetik Gurera proiektuak, euskararen eta euskal kulturaren transmisioan sakontzearekin batera; «nerabeengan sormena sustatzeko eta euskarazko kultur eskaintza balioan jarri eta nerabeengana gerturatzeko ere sortu da egitasmoa», Galtzaunditik esan dutenez. Proiektuko hirugarren saioa izan da gaurkoa; lehen saioan, Villabonako Malkar aisialdi taldekoek Antton Telleria kazetari tolosarra elkarrizketatu zuten, eta bigarren saioan, Ibarrako Gaztezuloko gazteek Eñaut Elorrieta musikari gernikarrarekin egin zuten solasaldia.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!