Gurea aretoaren inguruko bizipenak jasoko dituzte

Ataria 2023ko urr. 26a, 07:57

Villabonako aretoak 75 urte beteko ditu aurten eta abenduan ekitaldi bat egingo dute urtemuga ospatzeko; ikus-entzunezko batean bildu nahi dituzte aretoaren inguruko oroitzapenak

Aurten 75 urte beteko dira Gurea aretoa aurrenekoz zabaldu zenetik eta Amasa-Villabonako Udaleko Kultura sailak hamarkada hauetan aretoarekin harreman bereziren bat izan duten herritarren istorioak eta pasadizoak jasoko ditu bideoz. «Ziur gaude Gureak balio sentimental eta emozional handiko oroitzapen ugari sortu dituela amasar eta billabonatar askorengan», esan dute arduradunek. Beraz, ekimen honetan parte hartu edota grabazio horietarako egokiak izan daitezkeen pertsonak gomendatu nahi dituenak Kultura sailera jo beharko du, 943 69 21 00 telefonora edota kultura@villabona.eus posta elektronikora.

1948an hasi zuen ibilbidea Gureak eta lehen hamarkadetan zinema areto soila izan zen. 1991n eraikinaren jabea den elizarekin hitzarmena sinatu zuen eta aretoa egokitu, filmetatik harago mota guztietako emanaldi artistikoak eskaini ahal izateko. «Ezinbestekoa da aldaketa sozialetara eta garai berrietara egokitzea eta Gurea aretoak asmatu du horretan; gaur egun, antzokian ikus-entzunezkoekin eta arte eszenikoen munduarekin lotutako zientoka emanaldi eskaintzen dira urtero».

Kultura saileko arduradunen esanetan ikusleen lehentasunak asetzeko helburua izan du udalak urte guzti hauetan eta sektoretako berrikuntzetara egokitu da pixkana: «Teknologia funtsezkoa da ikuslearen esperientzia hobetzeko eta entretenimendurako aukera berriak eskaintzeko. Proiektore digitala, 3D emanaldietarako aukera, pantaila handiagoa eta beste zenbait berrikuntza gehitu dira, emanaldi artistikoen eta entretenimenduaren kalitatea nabarmen hobetzeko».

Abenduan ekitaldia

Kultura saileko kideek uste dute zinema aretoek une bereziz gozatzeko, esperientziak partekatzeko eta betiko oroitzapenak sortzeko aukera eskaintzen dutela. Horregatik animatu ditu herritarrak testigantza bilketa honetan parte hartzera eta 75. urteurrenaren inguruko oroitzapenak berritzera.

Amasa-Villabonako Udalak iragarri du, bestalde, abenduko lehen hamabostaldian aretoan ekitaldi berezi baten antolaketa lanetan murgilduta dabilela, eta bertan, besteak beste, datozen asteetan jasoko dituzten testigantza horiek guztiek tokia izango dutela ikus-entzunezko lan batean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!