Saritu dioten master amaierako lana aurkeztu du Iñigo Otaegik Euskaltzaindian

Ataria 2023ko urr. 23a, 11:02

'Adierazkortasuna lantzeko proposamen didaktikoa: imitazio jolasak' izeneko master amaierako lana saritu dio Euskaltzaindiak Mintzola egitasmoaren barruan. Aurreko asteazkenean egin zuten aurkezpen ekitaldia Donostian.

Euskaltzaindiak bultzatzen duen Mintzola egitasmoaren eskutik, 2022an eta 2023an saritutako gradu eta master amaierako 8 lan eta ikerketa lan monografiko bat aurkeztu ziren joan den asteazkenean Donostian, Luis Villasante Euskararen Ikergunean. Saritutako lanen artean dago Iñigo Otaegi billabonatarrak, Jon Basauri soraluzetarrarekin batera aurkeztu duena, hain zuzen, gazteen adierazkortasuna lantzeko proposamen didaktikoa.

Mintegiaren helburua hasieratik azpimarratu nahi izan dute Jon Sarasuak eta Eñaut Agirrek, Mintzolako zuzendariek: “ahozko jardunaren eta, bereziki, eguneroko ahozko hizkeraren inguruko ikerketa hauen ondorioak aurkeztea”. Otaegik landu duen Adierazkortasuna lantzeko proposamen didaktikoa: imitazio jolasak lanaz gain, beste hauek ere saritu dituzte Mintzola egitasmoaren barruan: Pulunpa (e)ta Xin! Erdal jatorria duten ikasleentzako harrera- eta murgiltze-plana (Odei Guirado); Kode-alternantziaren erabilera eta jarrera euskaldunengan (Mikel Pérez); Hizkuntza nahasmenduaren aztarna bila euskaraz (Ainhoa Leyaristi); Iruñerriko gazteen hizkera (Audrey Serrano); Beasaingo gazte-hizkera aztergai: testuinguruaren eragina kode-alternantzian (Maddi Aiestaran); Ergatiboaren erabilera euskara-gaztelania kode-alternantzian (Endika Uriarte); Aldude-Urepeleko mintzoa (Oier Urreizti); Adinaren araberako bariazio lexikoa Imozko hizkeran (Alazne Fernandez de Muniain).

Asteazkeneko ekitaldian, beste erakunde batzuekin elkarlanean ondutako beste hiru ikerketa ere aurkeztu ziren: batetik, Arikala lagunarteko euskara sustatzeko eta esku-hartzeen eragina neurtzeko ekintza-ikerketaren lehen emaitzak aurkeztu zituzten Idurre Alonsok, Odei Guiradok eta Aritz Bereziartuak. Ondoren, hitanoaren diagnostikoa, eta beronen erabilera sustatzeko bide eta formulak aztertu zituzten Garbiñe Bereziartuak eta Beñat Muguruzak. Eta azkenik, gaztelania eta frantsesarekiko desoreka euskal gazteen eguneroko hizkerako adierazkortasunean ikertu dute Miren Artetxek eta Garbiñe Bereziartuak, eta ikerketa horren emaitza erakutsi zuten saioan.

Ikerlanen emaitzak Euskaltzaindiaren webgunean eskegiko dituzte aste honetan, Mintzola izeneko atalean. Bien bitartean emaitzak ezagutzera emateko ikus-entzunezkoa plazaratu du Euskaltzaindiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!