Luixa IV-Otaegi palaz, Larrarte-Gaminde eta Murua-Irazustabarrena eskuz, aurtengo Santiotako txapeldunak

Endika Apalategi Labayen

XI. Antton Pebeten Oroimenezko Txapelketaren finalak jokatu dira gaur arratsaldean Bearzana pilotalekuan, eta eskualdeko bi pilotari irten dira txapeldun eskuz jokatutako finaletan; emakumezkoen mailan Miren Larrarte bidaniarra, eta gizonezkoetan berriz, Aratz Irazustabarrena alegiarra.

Villabonako Santio Txapelketa, XI. Antton Pebeten Oroimenezkoak, baditu aurtengo irabazleak. Lehenengo finala, Luixa IV-Otaegi eta Ayerza-Luixa III jokatu dute, eta bikote gorria nagusitu da 25-15eko emaitzarekin. Aipatu beharra dago, ordubetetik gora iraun duen partida izan dela.

Bigarren finala, eskuzko emakumezkoen mailan jokatu da. Larrarte bidaniarrak Gaminde bikote zuela, 22-10eko emaitzarekin gailendu dira Garai eta Erasun zizurkildarraren aurka. Partidako pilotari onena, Miren Larrarte izan da.

Azken finala, gizonezkoen mailan jokatu da. Irazustabarrena alegiarrak, Murua lagun zuelarik, 22-14 menderatu dituzte Arteaga-Loza bikotea, eta aurtengo Villabonako Santio Txapelketako irabazle bilakatu dira. txapelketako pilotari onenaren saria; Ander Murua arrasatearrarentzat izan da.

Bearzana pilotalekua, jendez lepo egon da gaurko finalak zuzenean jarraitzeko, eta txapelketako antolatzaileak gustura agertu dira jendearen erantzunarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!