Santio Txapelketako finalak erabakita geratu dira, eskualdeko pilotari batekin

Ataria 2023ko uzt. 25a, 07:59

XI. Antton Pebeten Oroimenezko Txapelketaren finala uztailaren 30ean jokatuko da Bearzana pilotalekuan, emakumeen txapelketako finalarekin batera; pilota jaialdia 16:30ean hasiko da.

Villabonako Santio Txapelketa, XI. Antton Pebeten Oroimenezkoa, azken partidaren faltan dago. Finalerdiak joan den ostegunean jokatu ziren Bearzana pilotalekuan, eta ikusgarriak izan ziren. Lehenengo finalerdia, Elola-Irazustabarrenak eta Murua-Uriondok jokatu zuten. Bidania-Goiatz eta Alegiako pilotariak eskura eduki zuten finalerako txartela, baina azkenean Murua-Uriondo nagusitu ziren 22-21eko emaitzarekin. Aipatu beharra dago, irabazleak 20-21 galtzen joan zirela.  

Bigarren finalerdia Arteaga II.ak eta Lozak irabazi zuten, 22-18ko emaitzarekin. Azketa-Matxinandiarena ondo aritu ziren, baina Asier Arteaga profesional ohiak eta Loza gazteak bikain eraman zuten markagailua 22. tantora. Aipatu, Arteaga II.ak Behar Zanako kamisetarekin jokatzen duela.   
Ondorioz, finalean Murua eta  Uriondok egon behar zuten alde batetik, Arteaga II-Lozaren aurka jokatzeko. Ez da horrela izango, izan ere, Uriondok uztailaren 30ean ezin izango duela jokatu esan zien antolatzaileei, finalerdia amaitu ondoren. Behar Zanako kideek, profesional ohiaren lekuan Irazustabarrena alegiarra jartzea erabaki dute. Finalerdia galdu arren, beraz, Irazustabarrenak finala jokatuko du Muruarekin bikotea osatuz. 

16:30ean hasiko den jaialdi horretan, gizonezkoen finalaz gain, emakumezkoena ere jokatuko da. Larrarte-Gaminde eta Garai-Erasun izango dira finalistak. Paleta gomazko finala izango da jaialdiko hirugarren partida.

Argazkiak: 'Pepo' Alonso.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!