Garagardo Azoka zabaldu dute Villabonan

Ataria 2023ko uztailaren 14a

Irrintzi elkarteak antolatzen du urteroko hitzordua eta igandera bitartean egongo da zabalik azoka; Akain talde feministak eraso matxistei aurre egiteko protokoloa prestatu du udalarekin elkarlanean, garagardo azokarako eta laster abiatuko diren Santio festetarako.

Irrintzi elkarteak antolatu duen Villabonako 26. Garagardo Azokak atzo arratsaldean zabaldu zituen ateak. Igandera bitartean, arratsaldero, 18:00etatik aurrera egongo da irekita, eta 22 garagardo mota ezberdinez gozatzeko aukera izango da bertan.

Garagardo Azokaren harira eta aurki abiatuko diren Santio jaiei begira, Akain talde feministak eraso matxistei aurre egiteko protokoloa jarriko du martxan, udalarekin elkarlanean. Eraso bat jasan, edo eraso baten berri izanez gero, telefono honetan abisua emateko eskatu dute: 697 11 66 11. Bide batez, hainbat herritarrek besoko morea eramango dute egunotan, laguntza behar duen orok norengana jo jakiteko.

Aldi berean, Garagardo Azokan hasitako festari jarraipena emateko, uztailaren 14an eta 15ean 00:30etik aurrera gaztetxea irekita egongo dela jakinarazi du Onddo gazte asanbladak. Bertako kideak eskertuta agertu dira Irrintzi elkartearekin, urtez urte, "herritik eta herriarentzat" azoka antolatzeagatik.

 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!