Hutsik egiten ez duen hitzordua

Jon Miranda Labaien 2023ko uzt. 13a, 07:59

Irrintzi elkarteko bazkideak aritzen dira azoka antolatzen.

Villabonako Irrintzi elkarteak 26. Garagardo Azoka egingo du gaurtik igandera bitartean. 22 garagardo mota ezberdin dastatzeko aukera izango da eta hainbat jaki eskainiko dituzte azokan

Gaur zabalduko ditu ateak Villabonako Garagardo Azokak. 26. aldia da Irrintzi elkarteak antolatzen duela eta igandera bitartean Zubimusu ikastolaren Txermingo egoitzan egongo da irekita, 18:00etatik 01:00etara ostiral eta igandean, eta 02:00ak arte, ostiral eta larunbatean. Elkarteko kideak azpiegitura guztia prestatzen eman dituzte azkeneko egunak, nahiz eta urteen poderioz, finduta daukaten antolakuntza lana. Irrintziko Agustin Laskorainek gogoan du lehenengo aldiz azoka antolatu zutenekoa: «Probatzeagatik egin genuen. Amasakoei txosna eskatu eta ikastola azpialdean jarri genuen azoka. Ez genekien zenbat jende gerturatuko zen eta 400 ukondo eskatu genituen, pentsatuz erdia ere ez zela salduko. Berehala bukatu zitzaizkigun ordea». Ordutik hona hazten joan da Garagardo Azoka.

Urteotan hartu duen tamainaren erakusgarri da iaz saldutako ukondo kopurua: 2.350. Mimo handiz prestatzen dituzte eta lan handia hartzen dute elkartekoek ukondoa egoki prestatzen. «%80an egosita etortzen dira, guk koipea eman eta labean sartzen ditugu ordu eta erdiz. Atera eta epeltzen utzi ondoren, arratsaldean, zerbitzatu aurretik, berriro ere ordu erdiz sartzen ditugu labean azkeneko beroaldia emateko. Zerbitzatzerako orduan patata purea gehitu eta horrela ateratzen dugu ukondoa». Jatekoetan egin dituzte aurten berrikuntza gehienak: gula frijituak eta kroketak eskainiko dituzte. Gainerakoan, ohiko saltxitxak, errusiar entsalada, entsalada alemaniarra, langostinoak baratxuri erara eta Navarrito erara jartzen dituzten patatak izango dira aukeran. Azken bururako, berriz, gazta eta tiramisua.

Laskorainen iritzian hornitzaileak urteotan «oso ongi» portatu izan dira azokako antolatzaileekin. Villabonakoa erakusleiho handi bat izan da haientzat eta hainbat produktu ezagutzera emateko erabili izan dute azoka. «Gogoan dut gulak ekarri genituen lehen aldia. Ez zen oso jaki ezaguna, baina behin hemen probatuta inguru honetan disparatu egin zen haien salmenta». Irrintzi elkarteko kidearen ustez, berdina gertatu izan da garagardoarekin ere: «Gu azokarekin hasi arte, hemen tabernetan beti garagardo mota berdinak edaten ziren. Iruditzen zait pixkana garagardoaren kultura zabaltzen joan dela eta gauza berriak probatzera ausartu dela jendea».

Salgai diren garagardoen artean, azken urteetan txigortutakoak izaten du arrakasta gehien. Behin azokara gerturatuta, jendeak garagardo bereziagoak probatzeko ohitura duela dio Laskorainek. Aurten, ordea, iaz baino garestiago salduko dituztela aipatu du Irrintzi elkarteko kideak. «2022an prezioak mantentzeko apustua egin genuen, nahiz eta guri kostuak igo. Aurten ezin izango diogu eutsi eta garestiago salduko ditugu». Garagardo arruntak 4 euroan izango dira salgai, eta bereziak, berriz, 5 euroan. Litro erdiko pitxarrean zerbitzatuko dute garagardoa eta pitxarra 2 euroan salduko dute.

BELAUNALDI BATEN AHALEGINA

Dirua biltzeko asmoarekin abiatu zuen Garagardo Azoka Irrintzik. 2009an sutea izan zuten elkartean eta berreraikitze lanen kostuari buelta eman nahian dabiltza oraindik ere. Horretarako baliatzen dute azokatik ateratako irabazia. Dena den, Irrintziko kideen borondatea azokaren antolaketa beste elkarte batzuekin partekatzea da. «Harreman handia dugu herriko elkarte gastronomikoekin, bai Behar Zanarekin, bai Zunbeltzekin eta baita Uxo-Tokirekin ere. Musu truk etortzen zaizkigu laguntzera, egunotako txandak betetzera. Gure gogoa da azokaren antolaketa elkarte gehiagorekin partekatzea, izan gastronomiko edo beste edozein motako elkarte. Prestaketak dakarren zama partekatu nahi genuke, eta noski, baita irabazia ere».

Duela ia 30 urte Garagardo Azoka antolatzen hasi ziren bazkide berdinek segitzen dute lanean gaur egun ere. «Erreleboa» eskatzen ari dira Laskorain eta kideak: «Borondatea ez zaigu falta, baina gorputzak ez digu lehen bezala erantzuten». Ajeak ahaztu, eta hala ere, umorez ekiten diote prestaketa lanari. Aurreko eta ondorengo lanarekin batera, azoka zabalik egoten den egun bakoitzeko 100 lagun inguru behar izaten dituzte lanerako, «elkarteko bazkideak, beste elkarteetakoak, senitartekoak, lagunak eta ezagunak inguratzen zaizkigu».

Aurten uztailaren 13tik 16ra izango da zabalik azoka, «ohi baino lehentxeago». Laskorainek azaldu du hurrengo astebururako, festak hasi bezperarako, Txermingo ikastolaren egoitza libre utziko dutela. «Igandean, azoka ixterako hasten gara gauzak jasotzen eta astelehen iluntzerako dena garbi uzten dugu». Une hori iritsi arte, ordea, milaka bisitari izango dira Txermin auzoan Zubimusu ikastolak duen egoitzaren azpialdean antolatzen den Garagardo Azokan. Bertaratzeko gonbita egina dute Irrintzi elkartekoek.

Iraun duen garagardo azoka bakarrenetakoa

 

Intxaurrondoko Artzak Ortzeok elkarte gastronomikoak antolatu zuen Gipuzkoan lehenengo garagardo azoka eta haiei ikasita hasi ziren Irrintzikoak eurena antolatzen. Gaur egun ez da Intxaurrondoko hori egiten eta Villabonakoa da, beraz, herrialdean antolatzen den feria beteranoena.

Irrintzikoak hasi ondoren «leherketa» izan zela uste du Laskorainek, «ia herri guztietan antolatzen ziren garagardo azokak». Dena den, joera hori jaitsita dagoela aitortu du. «Guk duela 15-20 urte 19.000 litro garagardo saltzera iritsiko ginen azokan. Iaz, ez ginen 15.000 litrotara iritsi. Gutxiago kontsumitzen da, baina gu ez gaude kexatzeko moduan, oraindik ere jende asko gerturatzen baita gurera», esan du azokaren antolatzaile nagusiak.

Villabonakoa bada urteroko hitzordu garrantzitsua inguruko jendearentzat. Laskorainek aipatu du badirela Andoain, Tolosa edota Donostiatik urtero etortzen diren kuadrillak. «Haientzat tradizio bat da hona etortzea, ukondoa probatu eta garagardoren bat edo beste hartzea. Publiko fidela dugu, egia esan».

Zaila da esatea zenbat bisitari etorriko diren lau egunetan Villabonarara. «Kalkulatzen dugu, ukondo bakoitza, bi lagunen artean jaten dela, bataz beste. Horrek esan nahi du lau egunetan gutxienez 5.000 lagun etorri zirela iaz, eta horri garagardoa edatera etortzen den jendea gehitu behar zaio». Jendetza ibiltzen da egunero eta guztia maneiatzeak ardura dakarrela dio Laskorainek. Hala ere, azpimarratu du sekula ez dutela arazorik izan gerturatutakoekin. Azokan jendea «jator» portatzen dela esan du.

Aurten, Behar Zana pilota elkartearekin elkarlanean, eskuz binakako Olaederra txapelketaren partidak ere sartu dituzte azokaren egitarauan. Behar Zanako nagusi mailako eskuzko pilotari gizonezkoen txapelketa da eta bihar jokatuko dira partidak kiroldegi ondoko frontoian. 3. eta 4. postuak erabakitzeko partida 18:00etan hasiko da eta ondoren jokatuko da finala. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!