ELKARRIZKETA

«Nik ikasi dudan gehiena, ehuneko 80a edo, Internet bitartez izan da»

Imanol Garcia Landa 2023ko uzt. 3a, 07:59

Unai Lizarza. ATARIA

Diseinuaren alorrean ikasketak egin arren, batez ere autodidakta dela esan du Unai Lizarza billabonatarrak. Twenty One Pilots taldearen eta Jurassic World filmaren inguruan egindako posterrek oihartzuna izan dute sare sozialetan.

Bere bidea egiten doa Unai Lizarza (Villabona, 1996) diseinuaren eta bideogintzaren munduan. Orain gutxi Youtuben ikusgai dagoen Onki Xin taldearen azken abestiaren bideoa egin du.

Nola azaldu dezakezu egiten duzuna?

Zail samarra da. Artista kontsideratzen naiz, baina arteren barruan arlo ezberdinetan murgiltzen naiz. Alde batetik, diseinu grafikoa eta ilustrazioa, eta hori Donostian ikasi nuen, eta horretan aritu naiz urte batzuetan. Eta, azken bi edo hiru urteetan, gehiago landu dut argazkilaritza eta bideogintza. Azkenean, bi gauzak elkartzen ditut eta nahasketa kuriosoa geratzen da. Adibidez, bideoklip bat egiteko eskatzen didate, eta gero ondo etortzen zaie azalen bat egitea edota promoziorako poster bat. Bi arlo horietan mugitzen naiz, diseinu grafikoan eta ikus-entzunezkoan.

Eta musikaria ere bazara, ezta? Bideo batzuetan azaltzen zara pianoa jotzen...

Oinarrizkoa dakit. Ni beti izan naiz autodidakta eta beti gustatu izan zait saltsan ibiltzea hainbat arlotan; garai batean ikasi nuen pianoa eta bateria jotzen, eta etxean aritu naiz teklatu batekin-eta zerbait egiten. Pandemia inguruan sartu zitzaidan pianoa jotzeko ideia hori, estudioko programa batekin ordenagailuan, gero bideoklip bat egiteko asmoz. Ondo geratu zen eta aurreneko bideoklipa Onki Xin taldekoek ikusi zuten; Villabonakoa nintzela ere ikusi zuten, eta horren bitartez jarri ziren nirekin kontaktuan. Hori baino lehenago bideoen inguruan ez nuen ezer egiten; hor hasi nintzen etxean saltsan ibiltzen, gustatu zitzaidan eta hor jarraitu nuen.



Bideo horiek ikusi daitezke zure Youtubeko kanalean.

Bi kanal ditut Youtuben, eta hiru profil Instagramen. Horrekin zerbait egin beharko dut, dena bateratzeko-edo... Youtuben kanal bat dut —@UnaiLizarza— eta bertan igotzen nituen posterrak diseinua azalduz, speedart izeneko formatuan. Bere garaian nahiko arrakasta izan zuten, eta gero beste kanal bat dut —@unailizarzashoot—, eta hor argazkilaritza eta bideogintzako edukiak igotzen ditut.

Musika bideoetan, Twenty One Pilots taldearen bertsioak egiten dituzu. Gustuko taldea izango da, noski.

Gehiegi. Momentu bat iritsi zen obsesionatu eta dena egin nintzela. Lan asko egin nituen talde horretan inspiratuta; nazioarteko talde bat da, eta Instagramen hasi nintzen poster eta diseinu batzuk igotzen. Jendeari asko gustatu zitzaion, eta azkenean jarraitzaileak asko igo zitzaizkidan. Taldeak berak ere elkarbanatu ditu nire lanak, eta ikusgarritasun handia lortu nuen horrekin. Mundu mailan talde ezagunenetako bat da, eta Instagramen eta Twitterren beraiek nire lanak zabaltzea berezia izan zen.

Bideo horietan zure aurpegia ez da ikusten, buru-beroki bat duzulako jantzita.

Bai, batetik taldearen irudia askotan horren antzekoa izaten delako. Gainera, kamera aurrean agertzea gehiegi gustatzen ez zaidanez... Inspirazio gisa erabaki nuen horrela ateratzea.

Youtubeko beste kanalean zer igotzen duzu?

Nahiko kanal berria da. Bidaia txikiren bat egitean kamera bat eramaten dut, eta laburpen moduko bat egiten dut, bideo zinematiko moduan. Gustatzen zait bideoak grabatzea eta editatzea, eta horiek igotzen ditut.

Eta Instagramera zer igotzen duzu?

Hiru profil ditut. Horietako batean —@unailizarza—, nagusiena, diseinatutako posterrak igotzen aritu nintzen. Orain pixka bat utzita dut, gehiago ari naizelako bideotara zuzentzen. Profil horretako nire lanak elkarbanatu zituzten Twenty One Pilots taldekoek. Posterrekin hasi nintzenean, Jurassic World pelikularen inguruko posterrak egin nituen, asko gustatzen zaizkidalako dinosauroen pelikulak, eta Juan Antonio Bayona zuzendariak ere elkarbanatu zituen nire lanak. Nirekin ere harremanetan jarri zen eskerrak emateko; ez genuen lortu ezer ofiziala egitea, baina ondo dago ikustea baloratzen zaituztela.

 

«'Jurassic World' pelikulako Juan Antonio Bayona zuzendariak nire lanak elkarbanatu zituen»



Horrek curriculumerako ere balio du, ezta?

Ez dakit, baina nik behintzat pantaila-argazkiak gordeta ditut... Ez dakit zein urtetan izan zen, baina Zinemaldia zela-eta Donostian zegoen Bayona, eta Twitter bitartez idatzi zidan geratzeko, baina justu ez nengoen hemen eta ezin izan nuen joan. Pena izan zen...

Eta beste Instagram kontuetan?

Beste bat dut pertsonala dena —@lizartzasaur—, eta azkenekoa @unailizarzaprojects izenekoa. Nahiko berria da, eta bertan ez ditut gauza asko. Argazkiak eta bideoak igotzen ditut bertara, eta hemendik aurrera, asmoa dut profil horretan gauza gehiago igotzeko. Egunen batean bateratu beharko ditut denak kontu bakarrean...

Beste sare sozialik baduzu?

Vimeon baditut bideo batzuk, eta gero Twitter ere badut —@UnaiLizarza—, baina gaur egun gutxiago erabiltzen dut. Twitterren jarraitzaile asko izan nituen, eta kontu garrantzitsuak izan nituen lanak elkarbanatzen, aipatutako Juan Antonio Bayonak adibidez.

Onki Xin taldearen bideo bat egin duzu, orain gutxi kaleratu da, gainera.

Bai, visualizer bat egin dugu, Zailü! abestiarekin. Onki Xinekin oso harreman ona dut. Eskatu izan didate bideoak egiteko, diskoaren diseinu guztia ere eskatu zidaten, bere libreta eta guzti. Abantaila hori ere badut, hau da, bideoak egiten eta diseinu grafikoan aritzen badakit. Azkenean, osotasun bat eskaini dezaket.

Bideoari dagokionez, bideoa zuzendu, grabatu eta editatu egin dut, horixe eskatu baitidate. Onki Xinekoekin batera osatu genituen ideiak. Visualizer bat da, bideoklip bat delako, baina estatikoa; ez du istorio zehatz bat kontatzen, zerbait bisualagoa da. Batetik grabaketa dago, eta ondoren efektuak sartu dizkiot. Bideo bat egitea eskatzen didatenean, egun bat-edo izaten da grabaketa, eta ondoren, egun batzuk behar ditut hori editatzeko. Oso garrantzitsua da nola editatzen den, azaldu nahi duzun hori erakusteko. Ordu asko sartzen dira horretan, eta agian jendea ez da jabetzen horrek eskatzen duen lanaz. Ekoiztetxe batean egon naiz orain arte lanean, eta bideoak egiterakoan sekulako lana dago atzean.

Zer harrera izan du 'Zailü!' abestiaren bideoak?

Onki Xin taldeak beti izan du retro puntu bat, eta zerbait oinarrizkoa egin nahi genuen, baina bere graziarekin. Bideoklipa Onki Xin taldekoen senideekin eta lagunekin egin genuen. Ez dut taldekoekin hitz egiteko aukera izan jakiteko zer-nolako harrera izaten ari den, baina beraiek oso gustura daude. Onki Xin taldearekin dagoeneko hiru bideoklip egin ditut, eta azken diskoaren kanta bakoitzeko visualizer bana, animazio batzuekin. Oso harreman ona dut beraiekin.



Zer beste lan egiten duzu?

Bideoklipak egin dizkiot Ainhoa Larrañaga hernaniarrari, abeslaria eta aktorea denari. AyVee izen artistikoa duen Andrea Vitoria tolosarrari ere bai. Esne Beltzarekin ere egin ditut gauza txiki batzuk. Bideoklipaz aparte egin dizkiet azalen diseinuak, posterrak eta abar.



Bideoklipek gaur egun ere sekulako garrantzia dute, ezta?

Bai, horrela uste dut. Kanta bat entzutea bakarrik, edo kanta hori entzun bitartean, bideo bat ikusten ari bazara, gauza ezberdina da. Artistaren ikusgarritasuna ere hor dago. Normalean abestien lehenengo kontaktua Youtube bitartez izaten da, eta gero esaterako Spotifyn entzuten duzu. Lan asko dago, baina lehiakortasun handia ere bai. Euskal Herrian jende oso ona dago.

Aurrera begira zure kasa jarriko zara lanean?

Gustatuko litzaidake, baina oraindik ez dut lan kopurua hori egiteko. Ekoiztetxe batean egon nintzen lanean, Astigarragako Laszlo Hace izenekoa, eta bertan iragarkiak egiten genituen, tartean Realarentzat, eta asko ikasi nuen. Nire egoera pertsonalengatik joan behar izan nuen, eta nire asmoa da arlo beretik segitzea, baina beste enpresa edo leku batean. Eta horrez gain, nire proiektu pertsonalarekin ere jarraitu nahiko nuke, Onki Xin taldearekin-eta, ez galtzeko sormen hori. Enpresa batean sartzen zarenean, batzuetan sormena mozten dizuete, eta ondo dago proiektu pertsonalak izatea, sormena lantzeko.

Nik txikitatik beti izan dut artista sen hori. Beti marrazten egoten nintzen; eskolan, askotan irakasleari kasu egin beharrean, marrazten egoten nintzen. Donostian ikasi nuen diseinu grafikoa. Hori bukatu ondoren, Loreak Mendian arropa markan egon nintzen arropa diseinatzen. Arlo asko ukitu ditut, baina beti hor dago irudia eta sormena. Zeure buruan duzun zerbait paperean, digitalean, edo bideo batean jartzea.

Eta zure lan pertsonalekin lortu duzu, adibidez, Twenty One Pilots taldearen edo Juan Antonio Bayonaren arreta.

Hori da, eta hori oso eskertua da. Azkenean ez dakizu zeinek ahal dituen ikusi zure lanak eta proiektuak.

Diseinuan eta sormen digitalean, askotan autodidaktak izaten zarete.

Uste dut, gaur egun, zerbait asko gustatzen bazaizu, ikas dezakezula, Interneten dena dagoelako. Nik ikasi dudan gehiena, %80a edo, Internetez izan da. Interesa dudalako, eta hor jarri naiz etxean ikasten eta ikusten jendeak nola egiten duen. Ikasi dudan gehiena horrela izan da, Interneteko tutorialak begiratuz. Nik uste dut gaur egun dena ikasi daitekeela horrela.

Tutorialak egiteko grina sortu al zaizu?

Bideo batzuk egin izan ditut speedart moduan, jendeak ikusteko nola joan naizen poster bat egiten. Pentsatu izan dut tutorialen bat egitea-edo, Photoshop eta Illustrator asko kontrolatzen ditudalako, baina oso txarra naiz gauzak azaltzen, ez dut beharrezko soltura horretarako.

Zer duzu gustukoen?

Niretzat gustukoena izan da artista batek eskatu didanean bideoklip bat egitea, eta horrekin batera irudi bat egitea gero azal bezala erabiltzeko Spotifyrako. Beraz, gustatzen zait osotasun batean egitea lana, artista eta nire artean egin dugunean: bideoklipa, azala, irudi korporatibo hori. Dena oso ondo enpastatuta geratzen da, oso ondo geratzen da. Onki Xin taldearekin adibidez diseinatu nuen Hikikomori diskoa espazioren inguruan izan zen, retro estiloarekin. Disko guztia irudi horrekin izan zen, eta gero bideoklipa ere atera genuen irudi horrekin eta animazio batekin. Orduan, denak bat egiten du, eta oso ondo geratzen da. Taldearen edo artistaren irudi oso sendoa sortzen duzu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!