ERREPORTAJEA

Billabonarterekin lankidetzan

Jon Miranda Labaien 2023ko eka. 23a, 07:58

Ramon Balerdi eta Jon IƱaki Ormazabal. J.M.

Billabonarte elkartea Jon Iñaki Ormazabal, Ramon Balerdik eta Jeysson Zelaiak osatzen dute. Arteari beste ikuspegi batetik begiratzen diote, eta kalera ateratzen dituzte euren artelanak. «Guk herriarekin eta herriarentzat egiten dugu artea, eta jendearekin lankidetzan aritzen gara, diziplina ugari nahastuz. Beste kutsu bat du gure arteak», esan du Ormazabalek. Besteak beste, Azken Mugarekin, Ereite elkartearekin, Etxeondofest jaialdiarekin eta, azkeneko hiru urteetan, Zunbeltzekin ari dira elkarlanean.

Gauzak elkarrekin egiteko borondatean jarri du azpimarra Balerdik: «Guk gure artelanak herria aberasteko egiten ditugu. Gure motibazioa ez da ekonomikoa. Iruditzen zaigu mundua aldatzen ari dela, eta geroz eta isolatuagoa bizi garela. Ez dago duela 20-30 urteko bizitza sozialik. Teknologia berriak ondo daude baina muga bat jarri zaie, bestela gizarte bat aberasten duten gauza horiek galduko ditugu, besteak beste artea. Guk horretan eragin nahi dugu». Balore batzuk berreskuratzen egiten dute ahalegina Balerdik eta Ormazabalek euren eskulturekin. Horietako bi, gaur izango dira ikusgai Villabonako plazan.

 

Ramon Balerdi: «Arbasoen balore horiek berreskuratu behar ditugu eta gaur egunera ekarri»



Balerdi erlijioaz ariko da bere muntai eskultorikoan: «Elizaren izaera zaharkituaz hitz egiten dut obra honetan. Gurutze bat irudikatu dut burdinazko oinarri baten gainean. Inguruan lau giza irudi daude eta kaiola baten barruan ume bat». Inkisizioaren errepresioa irudikatuko du, gaur gauean, Zunbeltzek Villabonan eskainiko duen emanaldian, eta Balerdiren ustez bat dator bere obra bertan antzeztuko denarekin. «Iruditzen zait erlijio patriarkala dela, eta hortik datorrela ondorengo gizarte matxista hau. Arbasoen balore horiek berreskuratu behar ditugu, eta gaur egunera ekarri. Balore horretan emakumeek paper inportantea jokatzen zuten, zaintza eta heziketan giltzarri izan ziren. Emakumeek dute gaur egun gakoa, paradisuko atea irekitzeko giltza», esan du Billabonarteko kide Balerdik. Beran egon da, duela gutxi arte, lana ikusgai, eta gaur iluntzerako, ekarriko dute Villabonako plazara.

 

Jon Iñaki Ormazabal: «Herriarekin eta herriarentzat egiten dugu artea, jendearekin lankidetzan»



Ormazabalek, berriz, duela gutxi Tolosako Aranburu Jauregian hamasei artistek osatutako Aniztasunak erakusketa kolektiboan erakutsi duen obra ekarriko du udako solstizioko jaira. «Etorkinen testigantzetan oinarrituta osatu genituen arte lanak. Centrifuga izena jarri nion nire obrari. Horrekin irudikatu nuen migranteek zein zailtasun eta oztopo pasa behar izaten dituzten hona iristeko. Ezkerretara esekitoki batean odolez zikindutako barruko arropak egongo dira, gero garbigailu bat eta eskuinetara garbitutako arropa zuriak. Mila buelta eman ondoren, euren sufrimendua zuritu nahi izaten dugu, ezer pasako ez balitz bezala. Nik hori salatu nahi nuen obra honetan, alegia, segitzen duela arazoak, esplotazioak». Ormazabalen ustez, ondo txertatzen da obra hau gaur gauean antzeztuko denarekin, «etorkinekin egiten dena, neurri handi batean badelako garai bateko sorgin ehizaren antzeko zerbait».



Urtero solstizio gauerako obra bat ekartzen dute Balerdik eta Ormazabalek. «Interesgarria da elkarlan hau, bost arte diziplina elkartzen ditugulako emanaldi horretan, dantza, musika, antzerkia, poesia eta eskultura. Gu alor eskultorikoaz arduratzen gara». Iazko emanaldian, obra handi bat prestatu zuten Billabonarteko kideek. Justu duela urtebete prestatu zuten bi artistek De lo humano a lo divino film labur artistikoa, eta bertan erabilitako muntaia eraman zuten Errebote plazara.

Udako solstizioarekin batera, negukoan eta Gau Beltzean ere parte hartzen dute Billabonarte elkartean ibiltzen diren artistak. «Lagungarria zaigu gure lanerako beste elkarteekin dugun harremana», esan du Ormazabalek. Ez dituzte alferrik partekatzen lokalak Sacem lantegi izan zen horretan. Han biltzen dira Oinkari dantza taldekoak, Zunbeltz antzerki taldekoak, Virginia Ameztoy artista eta Besamotza konpartsakoak. Leku horretan Billabonartek badute bere tailerra, eta han lantzen dituzte beren artelanak. Gaur kalera aterako dituzte lan horiek udako solstizioaren barruan Zunbeltzek antolatutako ekimenean.

Erlazionatuak

Euskal ohiturak berreskuratuz

Jon Miranda Labaien 2023 eka 23 Amasa-Villabona

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!