ERREPORTAJEA

Euskal ohiturak berreskuratuz

Jon Miranda Labaien 2023ko eka. 23a, 07:59

2022ko sanjoanetako irudi bat. EGOITZ BENGOETXEA

Villabonako Zunbeltz elkartearen inguruan herritar talde zabala bildu da udako solstizioa, negukoa, edota Gau Beltza bezalako errituak garai bateko usadioei jarraituz ospatzeko.

Euskal ohitura eta tradizioak galbidean zeudela ikusita, Amasa-Villabonako herritar talde bat lanean ari da lau urtetik hona erritu horiek berritu eta etorkizuneko belaunaldi berriei transmititzeko. Zunbeltz elkartearen babespean ari dira, elkarte hau izan baita azkeneko ia 25 urtetan Olentzeroren jaitsiera antolatzen jardun duena. Aitziber Cenzano billabonatarra elkarteko kidea da eta ekitaldi hori beste ikuspuntu batetik antolatu zitekeela pentsatuta buruari eragiten hasi zen beste hainbat herritarrekin batera. «Haurrek Olentzerori ematen zioten garrantzi guztia eta opariekin lotzen zuten pertsonaia, beste zentzu guztiak galduta. Neguko solstizioaren aroa berreskuratu behar genuela iruditu zitzaigun eta modu horretan hasi genuen Olentzaroren bidea», esan du Cenzanok.

Liburu batzuk irakurri eta Iyuya Urrutia bezalako taldekideen ekarpenari esker joan ziren osatzen ekimena 2019ko Eguberrietan lehenengo aldiz eskaini zuten arte. Aloña Aroztegi hasieratik ibili da euskal ohitura hauek berreskuratzeko taldean eta ekimen hauen arrazoiak eman ditu ezagutzera: «Lehenago urtaro aldaketak nola bizi zituzten jaso nahi genuen. Usadio horiek naturarekin lotuta ospatzen zituzten, nahiz eta gero, besteak beste erlijioagatik, beste leku batzuetara eraman dituzten ohitura horiek. Eguzki zaharra hil eta berria nola jaiotzen den ospatzen zuten gure aurrekoek, eta Olentzaroren bidearekin, besteak beste, jakintza hori transmititu nahi genien ondorengoei».


Eguberrietan egiten duten ekimena, bereziki umeei bideratuta dagoela jakinarazi dute Zunbeltz elkartearen bueltan bildutako herritarrek. «Nola adierazi umeei zer den Olentzaroa? Elementu asko azaldu daitezke eta saiatzen gara ibilbidean zehar modu koherentean horiek txertatzen», esan du Cenzanok. Dena barnebiltzea eta azaltzea, ordea, ez da erraza izaten eta hurrengo urteetarako elementu ezberdinak gehitzeko asmoa dutela azaldu du Aroztegik, «jendea aspertu ez dadin eta gerturatzeko aitzakia berri bat izan dezan». Olentzaroren bidean, adibidez, aurrera begira, uraren inguruko lanketa sakonagoa egiteko asmoa aipatu dute antolatzaileek.

 

Aitziber Cenzano: «Emanaldi hauetan beste kontakizun bat egin nahi izan dugu sorginen inguruan» 

 


Aloña Aroztegi: «Naturarekin lotutako usadioak berreskuratu nahi ditugu emanaldiotan» 


Elementu berriak txertatu bai, baina balore batzuen gainean egin nahi dute lan taldeko kideek. Adibidez, sorginen irudiari beste esanahi bat eman nahi izan diote antolatutako emankizunetan. «Beti gauza txarrekin lotu izan dira, gaiztotzat hartu izan ditugu eta guk beste kontakizun bat egin nahi izan dugu sorginen inguruan. Baserriko emakumeak dira, naturako elementuen inguruko ezagutza sakona dutenak, sendabelarrekin edo emagin bezala lan egin izan dutenak. Garrantzitsua iruditzen zaigu iruditeria aldatzea eta balioa ematea emakume horiek egindako lanari». Alde horretatik, Olentzaroren bidearen amaieran ikazkinaren alboan agertzen den emakumeari ere nortasun propioa eman nahi izan diotela azaldu du Cenzanok. «Olentzero, menditik jaitsitako ikazkin bat den bezala, guretzako Mari Domingi da sorgin bat gehiago, beste emakume bat, kasu honetan ikazkintzarekin lotutako lanetan ari dena; inondik inora ere ez da Olentzeroren laguntzailea, edo are gutxiago bikotea».


Emakumeen ahalduntzeari garrantzia ematen diote antolatutako emanaldietan. Gaur iluntzean, adibidez, udako solstizioaren inguruko emanaldian agertzen diren sorginek, Inkisizioaren atzaparretatik bi emakume salbatuko dituzte. «Musika eta dantzaren bitartez irudikatuko dugu hori, erretzera doazen bi sorgin gure akelarrera nola batzen diren irudikatuko dugu», esan du Aroztegik. Gaur gauekoak, ez dira kasualitatez izango sorgin heldu eta esperientziadunak. Aurten, plazara modu «indartsuan» sartu nahi dutela esan du Cenzanok, energia handiarekin, ahaldunduta, gazteagoak diren emakumeak erakarri nahi dituzte euren «akelarre» partikularrera. «Iruditzen zaigu neska gazteak askotan lotsatuta egoten direla bazterretik begira eta gurekin bat egin dezaten saiatuko gara; bidea erakusten ahaleginduko gara, gero bide hori eurek egin dezaten, badute eta nahikoa indar horretarako».



Ekimen jendetsuak

Ez da kasualitatea emakumeen ahalduntzeari jaramon egitea. Zunbeltz elkartearen inguruan euskal erritu hauen lanketa egiteko talde eragilean bildu diren bost herritarrak emakumeak dira. Haiek egiten dute «gidaritza», Cenzanok azaldu duenez: jantzitegiaz arduratzen da bat; bestea antzezlanaz eta antzezleak lotzeaz; gidoia eta zuzendaritza lanak egiteaz hurrengoa; eta koordinazio eta emanaldirako azpiegitura lortzeaz beste kide bat. «Sorginak gara geu ere», dio umorez Aroztegik ondotik. Bi kideak, hala ere, bat datoz Zunbeltz elkarteko bazkideek ematen dieten sostengua azpimarratzerako orduan. «Beti laguntzeko prest agertzen dira; bideak kontrolatu behar badira, Olentzaroren basoan umeak alde batetik bestera mugitu behar badira, edo gaztainak erre behar badira, beti daude bazkideak pronto laguntza emateko. Asko eskertzen diegu».

Auzolanaren emaitza dira antolatzen diren emanaldiak eta balio hori azpimarratu dute Cenzanok eta Aroztegik. «Lortu dugu herriko eragile asko elkarlanean jartzea. Dantza taldekoak, artistak, gurasoak, nerabeak... Esparru ezberdinetako jendea batzen da guk antolatutako ekimenetan». Azpimarra berezia egin du Cenzanok Billabonarte taldearekin duten lankidetzan: «Haien bidea eta gureak bat egin dute une jakin batean. Artea ulertzeko euren moduak badu gurearen antza eta uste dut elkarrekin ongi osatzen direla».

Ez da nolanahiko mobilizazioa erritu berritu hauen inguruan taldeko kideek lortzen dutena. Olentzaroren bidean 55 herritar baino gehiago biltzen dira lanerako eta gaur gaueko kalejira eta emanaldian ia 40 lagun arituko dira zeregin ezberdinetan. Guztia auzolanean egiten dela esan dute taldeko kideek. «Egiten ditugun dantzen inguruko aholkularitza ematen digute Oinkarikoek eta antzerkigintzan esperientzia apur bat dugunok egiten dugu ekarpentxoa interpretazioari dagokionean. Bestelakoan, bakoitzak daukan horretatik ematen du, batean ile-apaintzaile bat arduratzen da makillajeaz, hurrena erizain bat. Dauzkagun gaitasunengan sinestea ere bada gure helburuetako bat», argudiatu du Aroztegik.

Antzezlan hauek aurrera ateratzeko beharrezko baliabide materialak lortzerako orduan, Amasa-Villabonako Udalaren laguntza «ezinbestekoa» izan dela aipatu du Cenzanok. «Aurreneko urtean laguntza eske joan ginenean zaila egin zitzaien irudikatzea zer egin nahi genuen. Olentzaroren bidearen azken itzulia herritar guztiei zabaltzen diegu, eta lehen urte hartan, helduentzako txanda horretan parte hartu zuten udal ordezkariek. Orduan ikusi ahal izan zuten gauzatuta guk ordura arte buruan geneukana eta berehala zoriondu gintuzten. Ordudanik beti izan dugu udalaren babesa». Beatriz Unzue alkateak, bere aldetik, nabarmendu du kulturgintzan eta herrigintzan talde honek egiten duen lana «erreferentea» dela. «Ekimen berritzaile eta arrakastatsuak jarri dituzte martxan eta horrelakoak bizirik mantendu nahi ditugu. Horregatik gure esku dagoen laguntza eta babes guztia eskaini diegu». Alkateak azpimarratu du herriko ohitura zaharrak, errituak eta kondairak sakonago ezagutzeko aukera eskaintzen dutela Zunbeltz elkartearen inguruan mugitu diren herritarrek, eta Amasa-Villabonako kaleak eta natura guneak emanaldien agertoki izateak, gizartean «kohesioa» eragin duela. «Komunitate osora zabaltzen dira emanaldiak eta herritar guztien parte hartzea bultzatzen da. Hori guretzat garrantzitsua da». Unzuek adierazi du beretzat, alkate gisa, «ohorea» dela Amasa-Villabonan modu honetako elkarte «sortzaile» bat izatea.



Ekarpena komunitatera zabaltzeko ahalegin horretan, herriko bi ikastetxeekin elkarlana ere abiatu dute taldeko kideek. Fleming herri eskolara eta Zubimusu ikastolara emanaldietako pertsonaiak joaten dira bisitan. «Pentsa ezazue zer den galtzagorriak edo akerra eskolan agertzea. Inpaktu handia da umeentzako baina gogoz eta ilusioz hartzen dituzte», esan du Cenzanok. Unitate didaktikoak ere sortu dituzte ikastetxeetan Olentzaroaren edo Gau Beltzaren inguruan ikasleek lanketa egin dezaten.

Nerabeetara iristeko nahia

Olentzaroren bidearekin hasi, udako solstizioa ospatzen jarraitu, eta duela bi urtetik hona Gau Beltza ere antolatzen du talde honek. Amasa-Villabonako alkateak arreta jarri du horretan: «Urtetik urtera antzezpen landuagoak egiten dituzte, eta emanaldien ikusgarritasuna areagotzen da. Pozgarria da horren maila altua erakusten duen boluntario talde bat izatea herrian». Euren buruarekin autokritikoak dira, ordea, Cenzano eta Aroztegi. Gehienbat umeei bideratutako Olentzaroren bidearen arrakasta lortu duten bezala, Gau Beltzean, nerabeekin lan egitea «zailagoa» dela iritzi diote. «Heriotzaren inguruan beste begirada bat landu nahi genuen, eta gure aurrekoek arimekin zuten harreman hori berreskuratu. Esango nuke oraindik ez dugula lortu, lanketa handiagoa egin beharko genukeela horrekin», aipatu du Cenzanok. «Egia da bi alditan ospatu dugula Gau Beltza, eta oso arrakastatsua izan dela. Nerabeentzat dena da emozioa, beldurra, sustoa, buila... Zailagoa da beste ikuspuntu hori txertatzea. Nahiz eta unitate didaktikoan Arimen Gauaren bueltan erabiltzen ziren jantziak landu, gero etorriko zaizkizu beren erara mozorrotuta, Viernes 13 pelikulako pertsonaiak balira bezala. Baina hori ere kudeatu beharreko errealitate bat da», gehitu du Aroztegik.

Amasa-Villabonan errituak eta kondairak berreskuratzeko abiatu duten lanaren emaitzak ikusteko denbora pasa beharko dela uste dute taldekideek. «Kanpotik datorrenak eragin handia du oraindik, blaitu egiten ditu bazter guztiak. Umeak Olentzaroren inguruko kantuekin erraz konbentzituko dituzu, baina nerabeek bestelako musika entzuten dute, eta haiek hemengo erreferentzietara makurtzea zailagoa egiten da. Uste dut ezker eskua behar dela, eta pixkana saiatu behar garela antzinako ikuspegi hauek garai berrietan txertatzen. Pazientziaz, jardun eta jardun, lortuko dugu arrastoa uztea, baina oraindik ere barruraino sartuta dauzkagu kristautasuna eta Halloween bezalako jaiak», aipatu du Aroztegik.


Ongi pasatzea oinarri

Euskal ohitura, kondaira eta tradizioak berreskuratu eta auzolanean antolatutako ikuskizun bat eskaini nahi diote herriari, gero herritarrek bertan parte har dezaten. Olentzaroren bidean bezala, Gau Beltzean edota udako solstizioan herritarren partaidetza bultzatzen saiatzen dira taldekideak. Modu oso berezian gogoratzen dute ekainaren 23an lehenengo aldiz kalera atera zirenekoa. «Pandemia betean geunden, itxialdi gogorrenetik atera berriak. Oraindik ere kalean ibiltzea debekatuta geneukan, eta balkoietan zegoen jendearengan pentsatuta antolatu genuen ikuskizun ibiltaria. Herri guztia zeharkatu genuen, eta herriko plaza guztietan eskaini genituen saioak. Jendeak balkoietatik oso ondo hartu gintuen, eta neka-neka bukatu genuen arren, oso ondo pasa genuen». Ordura arte, urtero San Joan sua pizten zuen udalak Erreboteko plazan, eta haren bueltan dantza egiten zuten Oinkariko kideek. Orain, arratsaldean, Zunbeltzekoak kalejiran ibiltzen dira herriko kaleetan zehar, eta iluntzerako biltzen dira plazara. Han behin sua piztuta, emanaldia eskaintzen dute taldeko kideek, Billabonarte elkarteko kideek prestatutako agertokiaren aurrean. «Beti su handiak pizten dituzte, eta aurten, gure eskaera izan da su baxuagoak jartzea, modu horretara jendeak salto egin dezan. Gure intentzioa, beti ere, herritarrek plaza hartzea izaten da». Gaurko eguna prestatzen denbora darama taldeak, eta entseguak egiten ibili dira azken asteetan. Sacem-en duten lokala baliatzen dute materiala jaso, eta han inguruan entseatzeko.

Egiteko modua bezain garrantzitsua da taldeko kideentzat antolatzeko modua ere, eta hori guztia jasota uzten dute argazki eta ikus-entzunezkoetan. Egoitz Bengoetxea herritarra arduratzen da irudiak jasotzeaz emanaldi hauetan. Cenzanoren hitzetan, «garrantzitsua» da egindako lana jasota geratzea, transmisioa egitea errazten duelako, eta beste herrietan ere ikus dezaketelako Amasa-Villabonan nola antolatzen dituzten gisa honetako ekimenak. «Galdezka ere etorri izan zaizkigu. Olentzaroren bidea Bianan egiteko eskaera luzatu izan digute, baina haraino taldekide guztiak mugitzea oso zaila egiten zaigu. Hala ere, Billabonarteko Jon Iñaki Ormazabal eta Ramon Balerdi Azken Muga ekimeneko kide direnez, haiek gonbidatuta, Zarateko basoan egin genuen behin emanaldia. Oso ongi atera zen», esan du Cenzanok.


Ez dira orain arteko ekimenekin bakarrik konformatzekoak. Olentzaroren bidearekin, udako solstizioaren emanaldiarekin edo Gau Beltza ospatzearekin konforme ez, eta iaz Santio festen barruan konpartsa atera zuen Zunbeltz elkarteak. «Hor ere, jende berdintsua gabiltza saltsan», baieztatu du Aroztegik. Santa Ana egunez, uztailaren 26an, Andaluziako Rocioa irudikatu zuten Amasa-Villabonako kaleetan 2022an. «Aurrena pentsatu genuen inor ez zela gurekin ateratzera animatuko, eta gero ia herri guztiak egin zuen bat gurekin. Eresargikoak kantari atera ziren, mozorrotuta jende asko batu zitzaigun eta bazkaritan 350 pertsona bildu ginen». Arrasta ikusita, aurtengo festetan ekimena errepikatzea erabaki dute, eta dagoeneko aurreratu dute konpartsaren motiboa zein izango den: Mexiko. «Kantari aterako gara goizean, bazkalostean txaranga etorriko da, eta gauean Puro Relajo taldekoen emanaldia izango dugu. Egun osoa Mexikon girotuta pasako dugu», esan dute Cenzanok eta Aroztegik. Indarra eta gogoa duten bitartean lanean jarraituko dutela jakinarazi dute Zunbeltz elkartearen bueltan biltzen diren herritarrek. Errituak berrituz, tradizioei bizi berria emanez.


GAUR. UDAKO SOLSTIZIO GAUA

  • 18:30. Kalejira herrian zehar.
  • 22:00. Jon Iñaki Ormazabal eta Joxe Ramon Balerdi eskultoreen partaidetza eta, ondoren, basoko pertsonaien etorrera eta sua piztea.

 

Ekitaldietako argazkiak: EGOITZ BENGOETXEA

Erlazionatuak

Billabonarterekin lankidetzan

Jon Miranda Labaien 2023 eka 23 Amasa-Villabona

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!