Villabonako ustezko erasotzaileetako bati urruntze agindua ezarri diote

Ataria 2023ko mai. 23a, 15:45

Tolosako epaitegian deklaratu dute gaur goizean biktimek, ustezko erasotzaileek eta bi lekukok.

Tolosako epaitegian deklaratu dute gaur Villabonako eraso homofoboaren ustezko egileek eta biktimek. Epaileak urruntze agindua ezarri du erasotzaileetako batentzat eta aurreratu du, oraingoz behintzat, lesio delitu gisa jarraituko dutela kasua epaitzen.

Poliziak identifikatutako erasotzaileetatik bik deklaratu dute, bi biktimekin batera; auzi saioan izan dira baita ere biktima horietako baten izeba eta beste lekuko bat. Bost orduz entzun ditu epaileak bi aldeen testigantzak. Biktimek eskatu bezala, epaileak urruntze agindua ezarri dio ustezko erasotzaileetako bati. Orain, auzi-medikuak bikoteak dituen kalteak aztertuko ditu eta hurrengo saioa ekainaren 21ean izango dute Tolosako epaitegian.

Gaurko saiotik ateratzerakoan, zenbait hedabideren aurrean egindako adierazpenetan, biktimak "pozik" agertu dira epaileak hartutako erabakiarekin.

Joan den maiatzaren 14an, goizaldean, Villabonan izandako liskarrean eraso homofoboa jaso izana salatu zuten bi biktimek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!