«Ez dugu horrelakorik berriro gertatzerik nahi»

Asier Imaz 2023ko mai. 17a, 14:19

Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo udalek deituta elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian, LGTBIfobiaren aurkako nazioarteko egunean. Asteburuan Villabonan izandako gertaerak salatu dituzte bertan, eta kolpatuak izan ziren Brayan Ruiz, Yeisson Lopez eta Carla Arbelaez mobilizazioan izan dira.

Zizurkil eta Amasa-Villabonako ikasleen, herritarren eta udal ordezkarien babesa eta elkartasuna jaso dute Brayan Ruiz, Yeisson Lopez eta Carla Arbelaezek. Alderdi politiko desberdinetako ordezkariak ere bi herriak elkartzen dituen zubian izan dira, tartean, Denis Itsaso Espainiako Gobernuaren  ordezkaria.

Asteburuan eraso homofobo eta arrazista jasan zutela salatu zuten Ruiz, Lopez eta Arbelaezek. Villabonan kokatu zuten gertaera, baina hirurak Zizurkilen bizi dira. Bi herriak elkartu ditu elkarretaratzeak, eta bertan, esker oneko hitzak izan dituzte Ruizek eta Lopezek: «Gure osasunaz kezkatu diren guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu, baita gaur etorri zareten guztioi ere. Horrelakorik inori ez gertatzea nahi dugu. Honek geratu beharra dauka».

Yeisson Lopezek pentsatzeko, hitz egiteko eta maitatzeko askatasuna aldarrikatu du: «Jaiotzen garenean nolakoak izan behar dugun esaten duen araurik edo legerik ez dago. Ezin digu inork esan nolako bizitza eraman behar dugun. Askeak gara, eta norbanako bakoitzak aske izan nahi du. Aste honetan nire senarra galtzeko arriskuan egon naiz. Bera da dudan guztia. Ez dugu horrelakorik berriro gertatzerik nahi».

Brayan Ruizek eraso homofoboak ezin direla orokortu adierazi du, euskal gizartearen gutxiengo baten kontuak direla azpimarratuz: «Oso harrera ona izan dugu hemen. Zizurkilgo eta Villabonako herritarrek zoragarri hartu gaituzte. Gutxi batzuei oraindik pentsaera aldatzea geratzen zaie, baina oso maitatuak sentitu gara, baita nire izeba ere. Ahalik eta azkarren guzti hau konpontzea espero dugu».

Amaieran, Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo alkateak, Gehitu elkartea eta SOS Arrazakeria gogoan izan dituzte, «asko laguntzen ari zaizkigulako».

Bi udalen adierazpena

Beatriz Unzuek eta Iker Urruzolak, Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo alkateak, «ozen eta garbi», aniztasunaren aldeko aldarria egiten dute: «Herri anitza nahi dugu, non edozein lasai eta seguru bizi ahal izango den. Non bakoitzaren aukerak eta izaerek herria aberasten duten», adierazi dute.

Udal ordezkariek gaineratu dute alkohola ez dela aitzakia eta eztabaidak ezin direla indarkeriarekin konpondu, «are gutxiago irain homofoboekin». Bestelako jendarte eredu bat nahi dutela aldarrikatu dute eta asteburuko gertakaria irmoki salatu dute: «Villabona eta Zizurkilgo udalok lanean jarraituko dugu homofobiaren, xenofobiaren eta matxismoaren aurka. Gure herritarrak, jatorria eta sexu orientazioa edozein izanda ere, askatasunean bizitzea nahi dugu».

Orioko herriari ere elkartasuna azaldu diote elkarretaratze amaieran: «Orion gertatutako erailketa matxista irmo eta ozen salatu nahi dugu. Berriz esango dugu hetero-patriarkatuak jarritako arauez aske diren herri libreak nahi ditugula».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!