Garaikur berezia Itzuliko etaparen irabazlearentzat

Ataria 2023ko api. 3a, 17:00

Beatriz Unzue, Jon IƱaki Ormazabal eta egur-lanketako ikastaroko ikasle eta ikasle ohiak.

Itzuliaren hirugarren etapa Amasa-Villabonan bukatuko da etzi, eta garaileak herritarren artean egindako oroigarria eramango du, zehazki udaleko kultura sailak antolatzen duen egur-lanketa ikastaroko ikasleek sortutakoa.

Jon Iñaki Ormazabal ikastaroko irakasleak azaldu duenez, 32 pertsona daude parte hartzen, eta 28 urte daramatzate artisautza eta artea lantzen. Botarri artistikoa izena jarri diote sortutako artelanari. «Ikasle guztien artean egin dugu, eta botarria hartu dugu herriko sinbolo moduan. Pixka bat eraldatu egin dugu, Amasa-Villabonako armarria jarriz, eta txirrindularitza proba baterako garaikurra denez, gurpila, pinoiak eta katea jarri diogu. Udalari eskertuz, musu truk egindako artelana izan da».

Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak eskerrak eman dizkie egur-lanketako ikastaroko partaideei egindako lanarengatik: «Guretzat garaikur honek balio erantsia du, herrian bertan pentsatu eta sortutakoa baita, herritar askoren parte hartzea izan duelako eta herriko elementu bereizgarri baten forma duelako».

Bestalde, Ormazabalek Anoetako Asuribar baserriko bidegurutzean arte instalakuntza bat jarriko du asteazkenean, eta egun guztian egongo da bertan. Etapa birritan pasako da leku horretatik. «Eskertu nahi dugu arteari leku bat egitea. Artista bezala guretzat oso garrantzitsua da artea egitea, herritarrekin eta herritarrentzat», gaineratu du Ormazabalek.

Ibilbidean egin diren azken aldaketak

Txirrindularien segurtasuna bermatzeko, hirugarren etapako ibilbidean azken orduko aldaketak egin behar izan dituzte. Egindako aldaketarekin etapak 8,3 kilometro eta 3. mailako mendate bat gehiago izango ditu, Alkizarako igoera gehitu delako ibilbidera.

Behin Trenbide ondoko bidetik Ateaga baserriko gainera igota, eta Anoeta eta Asteasuko bidegurutzean, 96,4 kilometroan, hain zuzen ere, eskuinetara egingo dute txirrindulariek, eta Asteasurantz abiatuko dira, ondoren Alkizara igotzen den errepidea hartzeko. Hasiera batean Anoetara zuzenean jaistekoak baziren ere, errepidea ez dago egoerarik onenean, eta txirrindularien segurtasuna bermatzeko, aldaketa hau egitea erabaki dute lasterketaren antolatzaileekin elkarlanean.

Trafikoan eta aparkalekuetan aldaketak

Trafikoari dagokionean, Villabona erdiguneko trafikoa bi aldiz moztuko da asteazken arratsaldean, etapak bi aldiz zeharkatuko baitu Villabonako erdigunea. Lehenengo bide-mozketa 15:15ak aldera izango da, orduan iritsiko baitira txirrindulariak herrira. 16:45ak aldera bigarren aldiz moztuko da Villabona zeharkatzen duen errepidea. Bestalde, Arratzain aldera eta Otelarre auzora doazen bi errepideak (Txermin auzotik igotzen dena eta Otsabitik gora doana) itxita egongo dira 13:00etatik 18:30era. Gainera, N-1 autobiderako sarrera-irteerak 16:00etan itxiko dituzte, eta ez dira berriro guztiz irekiko 18:00ak arte.

Aparkalekuei dagokionean, biharko, hau da, apirilaren 4ko 17:00etatik aurrera Txermingo aparkaleku handian ezingo da aparkatu. Aparkaleku osoa autorik gabe utzi behar da ordurako, asteazkenean aparkaleku horretan kokatuko baitira txirrindulari taldeen autobusak eta beste ibilgailuak. Horregatik, udalak aparkaleku alternatiboak egokituko ditu herritarrei ahalik eta kalte txikiena sortzeko. Horrela, bihar eta etzi, Txermingo ikastolako patioa, kale Nagusia 62-68 zenbakiko zelaigune berria, eta Sacem-go zubia zeharkatu eta ezkerretara dagoen eremua (edukiontziak daudena) autoak aparkatzeko erabilgarri egongo dira.

Eta azkenik, ohiko autobus zerbitzuan aldaketak egongo direla ere jakinarazi dute: asteazkenen arratsaldean 15:00ak eta 18:00ak artean bai Donostiarako noranzkoan eta baita Tolosarako noranzkoan doazen autobusak Burni zubiko geltokian bakarrik geldituko dira. Ez da autobusik sartuko herrira, beraz, geltoki bakarra izango da hiru ordu horietan.

Asteazkenean herrigunean sortu daitezkeen trafiko arazoak ekiditeko, ahal den neurrian Villabonan autoz ez ibiltzea eskatu diete udaletik herritarrei. Etapa amaiera ikusteko Arratzain eta Hika Txakolindegira igotzeko asmoa dutenei, aldiz, oinez igotzea eskatu diete, eta baita Udaltzaingoaren eta antolatzaile taldearen argibideak errespetatzea.

Txirrindularitza zaleei Amasa-Villabonara joateko deia

Asteazkenean Amasa-Villabona txirrindularitza profesionalaren erdigunea izango da eta udaletik egun berezi horretan zale guztiak gonbidatu nahi dituzte bertara joatera. «Ibilbidea gogorra eta ikusgarria da eta dirudienez eguraldia ere lagun izango dugu», azaldu du Unzuek. «Beraz, ikurrinak eskuan hartu eta munduko txirrindularirik onenetakoak bertatik-bertara ikusteko aukera paregabea dugu».

Kanpotik Amasa-Villabonara joan nahi duten zaleei garraio publikoan etortzea gomendatu diete. Trenez edo autobusez modu errazean heldu daiteke Villabonara eta oinez 10-15 minututan etapa amaierako Hikako aldapara heldu daiteke. Hikako azken aldapa zaleei zabalik egongo da, eta gainera Arratzaingo futbol zelai ondoko aparkalekuan pantaila erraldoia ezarriko da etaparen nondik-norakoak bertatik jarraitu ahal izateko.

Amaitzeko, Hikako aldapa ondoan dauden mahastiak errespetatzeko eskaera egin dute udaletik, uneoro errepide ondoan mantenduz, mahastien eremura sartu gabe.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!