Itzuliko hirugarren etapan aldaketak egin dituzte

Ataria 2023ko api. 1a, 16:26

Amasa-Villabonan amaitzen den etapak 8,3 kilometro gehiago izango ditu; 96,4 kilometroan Asteasura hartuko dute txirrindulariek, Alkizara igotzeko.

Euskal Herriko Itzuliko bi etapa, hirugarrena eta bosgarrena moldatu egin dituzte antolatzaileek, «txirrindularien segurtasuna bermatzeko» helburuarekin. Hain zuzen, hirugarren etapa eskualdetik igarotzen da, eta Amasa-Villabonan amaitzen da.

Bada, etapa horrek 162,2 kilometro izango ditu, aurreikusitakoa baino 8,3 gehiago. Errenteriatik 13:26an abiatuko dira txirrindulariak, 13 minutu lehenago, eta irabazleak 17:18tik 17:42ra bitartean iristea helmugara, hau da, Hika txakolindegira espero dute. Etapa horretako aldaketa 96,4 kilometroan egin dute. Puntu horretan, ibilbideak eskuinera egingo du, Asteasurantz, hirugarren mailako Alkiza mendatearen igoera hasteko. Izan ere, antolatzaileek esan dutenez Anoetarantz doan errepidean «ez dira segurtasun eta mantentze lanak bukatu», eta horregatik erabaki dute aldaketa hori egitea.

Bosgarren etapan ere ibilbidean aldaketa bat egin dute. Itzuliko antolatzaileek azaldutakoaren arabera, ibilbidea aztertzean ikusi dute zenbait puntuk ez zituztela betetzen aurreikusitako baldintzak, «txirrindularien eta lasterketako gainerako azpiegituren segurtasun baldintza egokiak bermatzeko». Hori bai, zehaztu dute egin dituzten aldaketekin ibilbidearen ikusgarritasuna «berdina edo handiagoa» izango dela, eta txirrindularien segurtasuna bermatuko dela.

Astelehenean Amasa-Villabonako Udalak Itzuliak herritik igarotzeak besteak beste trafikoan izango duen eraginaren berri emango du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!