M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2023

Villabonako herri industrian lan egindako emakumeei omenaldia egin die udalak

Ataria 2023ko mar. 8a, 17:00

Martxoaren 8a, emakumeen eguna izanik, Amasa-Villabonako Udalak ekitaldi berezia antolatu du eta omenaldia eskaini die Villabonako herriari «ekarpen handia» egin dioten industria sektorean lan egin zuten eta egiten duten emakume guztiei.

Amasa-Villabonako Udalak antolatutako ekitaldi berezia, Villabonako Salbadora erretiratuen egoitzan izan da. Bertan, herriko alkate den Beatriz Unzue, Arantxa Lopez zinegotzia eta Lurgatz talde feministakoak izan dira besteak beste. Eguraldiak lagundu ez arren, herriko jende asko hurbildu da industria sektorean lan egin zuten emakumeen omenezko ekitaldira.

Unzuek, industrian sektorean lan egindako emakumeei zuzendutako hitzaldiarekin hasi du omenaldia. Amasa-Villabonara XIX-XX. mendeetan zehar heldu zen industrializazioa Subijana y CIA eta La Salvadora enpresa enblematikoekin. Belaunaldiz belaunaldi, emakume asko izan ziren bertan lan egin zutenak eta alkateak gogora ekarri ditu: «Gizarte patriarkal eta matxista hartan, industria enpresetan emakumeek egiten zuten lana gutxietsia izan zela». Horretaz gain, Unzuek aipatu du, «emakumeak ezinbestekoak izan zirela Villabonako industria aurrera ateratzeko, eta garai zail haietan, lan baldintzak hobetzeko eta aberastasuna banatzeko langileen borrokan eta grebetan, emakumeak hor egon zirela». Bai alkateak eta baita Lurgatz talde feministako kideek eskerrak eman dizkie egindako lan eta esfortzuagatik.

Ekitaldian, omenduak izan diren emakumeen testigantzak entzuteko aukera izan dute bertara hurbildutakoek. Hitzaldiak eta testigantzak amaitu ostean, emakume guztiei lore sorta bana eman zaie, eta bukatzeko, erretiratuen egoitza kanpoan jarri duten horma-irudia bistaratu dute. Muralean, XX. mendean, Villabonako industria sektorean lan egin zuten langileak ikusi daitezke.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!