Poliziaren presentzia handiagoa eskatu dio Villabonako PSE-EE alderdiak udal gobernuari

Ataria 2023ko urtarrilaren 31

Maria Luisa Arija Villabonako alderdi sozialistaren bozeramaileak larunbatean Komizar parke naturalean izandako «ekintza bandalikoak» gaitzetsi ditu, ezezagun batzuek edukiontzi bati su eman eta belardian auto batekin sartu ondoren.

Arijak onartu duenez, «kezkagarria» da Komizarren gertatzen ari dena. «Aspaldidanik gertatzen ari den egoera» dela esan du, eta udal gobernuari eskatu dio neurri murriztaileak har ditzala horiek saihesteko. Izan ere, «ziur» dago EH Bilduk osatzen duen udal gobernuari eskuetatik joaten ari zaiola egoera.

«Villabonako herritar gehienen portaera eredugarria da, elkarbizitza-arauak betetzen eta errespetatzen baitituzte, eta gutxi batzuk dira jokabide arbuiagarria dutenak», nabarmendu du.

«Argi dago ingurunea zaintzeko neurrien falta dagoela, eta, horren ondorioz, Komizar parke naturala zaborrontzi bihurtu dela». Are gehiago, gertakariak «bandalismoa» baino ez direla esan du Arijak. Hori dela eta, «zorrotz zaintzea» eskatu du, poliziaren presentzia handiagoarekin, baita bideozaintzako kamerekin ere, eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailarekin bilera bat eskatzeko, Ertzaintzarekin koordinazioa egon dadin aisialdirako gune hori ere patruilatu dezan. Aitortu duenez, Komizar parke naturala espazio irekia da, burdin hesirik eta sarbide-aterik gabea, eta, beraz, ixtea ezinezkoa da.

Azkenik, asteburuetako eta jaiegunetako gauetan kalean alkoholdun edariak kontsumitzen dituzten pertsonen jarrerak «gizalegearen kontrakotzat eta arduragabetzat» jo ditu. «Pandemia izan aurretik ere debekatuta zegoen». Hori dela eta, «erantzukizunez jokatzeko deia» egin du Arijak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!