ERREPORTAJEA

Bost talde Gipuzkoako Ligan

Imanol Garcia Landa 2023ko urt. 30a, 07:58

Abenduan jokatutako xake partida bat. BILLABONA XAKE ELKARTEA

Billabona Xake Elkartea taldekako Gipuzkoako Ligan ari da lehiatzen gaur egun. Guztira 11 jardunaldi dira eta dagoeneko bi egin dituzte. Lau maila daude: preferentea, lehen maila, bigarren maila eta hirugarren maila. Lehen mailan bi talde dituzte eta beste mailetan talde bana. 

Maila nagusienean, preferente mailan, ondo hasi dute liga, beraien multzoko lehen postuan baitaude. Lehen jardunaldian Alfil taldearen aurka 3,5-0,5 irabazi zieten, eta bigarren jardunaldian 4-0 Idiazabali. Beraz, 7,5 puntu dituzte lehen bi jardunaldiak osatu ondoren. Asteburu honetan Anaitasuna Kakute taldearen aurka jokatuko dute.

Gipuzkoako preferente mailatik gora Euskal Liga dago. Maila horretan izan ziren orain sei bat urte. Aurten igoera lortu arren, baliteke uko egitea Euskal Ligan jokatzeari. «Gu amateurrak gara, eta Barakaldon egotea larunbat batean, gaueko bederatzi eta erdietan, elurra ari duela, niri behintzat ez dit gogorik ematen», esan du Ernesto Fuentek. «Normalean ez dugu saiakerarik egiten igotzeko. Nafarroa ere sartzen da Euskal Ligan, eta neguan jokatzen da».

Ernesto Fuente: «Gu amateurrak gara, eta Barakaldon egotea larunbat batean, gaueko bederatzi eta erdietan, elurra ari duela, niri behintzat ez dit gogorik ematen»


Juanjo Villenak gogora ekarri duenez, neurketak larunbatetan jokatzen dira, eta partidak 16:00etan hasten dira. «Beti izango da partidaren bat lau ordu irauten dituena, eta gero partiden analisia egiten da. 23:00ak iritsi daitezke eta oraindik ez zaude etxean. Gertatu izan zaigu Mutrikura-edo joan izan garenean, ba imajinatu Tafallara joatea». Iazko denboraldian hirugarren geratu ziren preferente mailan, eta bigarrengotik puntu erdira sailkatu ziren. Lehen sailkatuaren aurkako neurketa berdindu egin zuten. «Esaten ziguten igotzeko aukerekin geundela, eta guk erantzuten genien igoera lortuz gero ez genekiela zer egingo genukeen», esan du Fuentek. «Badago amodio propio hori esateko Euskal Ligan jokatzen ari zarela, baina gero gogoratzen zara nola izan zen urte hori, eta nik badut adin bat dagoeneko horrela aritzeko».

Ahal duzun gorenen egotea izaten dela beti gustukoena diote, eta Villenak uste du preferente mailako taldeak kalitatea duela Euskal Ligan egoteko. «Orain daukagu gazte bat, Aimar Alvarez tolosarra, 18 urte egingo ditu aurten, eta Espainia mailan bere adinean onenetakoa da», esan du Villenak. «Jubenil mailako Euskadiko Selekzioarekin lehiatzen da eta makina bat da. Preferente mailan, berak defendatzen du lehen taula». Berez, bere Elo puntuengatik; hau da, xakean duen maila erakusten duen sailkapenagatik, ez litzateke izango preferente taldeko lehen taula, bigarrena baizik. «Baina besteok adin bat badugu, eta norbait badago garatu eta hobetuko dena, bera izango da. Promozionatzeko balioko dio, eta irabazi egin du aukera hori izatea», esan du Fuentek. Unibertsitate azterketak direla-eta Alvarezek ezin izan ditu ligako lehen bi jardunaldiak jokatu, eta asteburu honetan jokatuko du lehen neurketa.

Norgehiagoka bakoitzean lau puntu jokoan

Neurketak lau taulatan jokatzen dira, beraz, talde bakoitzetik lau jokalari aritzen dira. «Suposatzen da lehen taulan jokalari onena jartzen dela, bigarrenean bigarrena eta horrela jarraian», esan du Villenak. «Ligaren aurretik zehaztu egin behar diozu federazioari zein izango den taula bakoitzean ariko den jokalaria. Neurketa batean nahastu egiten bazara, neurketa osoko puntuak galdu ditzakezu». Norbait berria sartu behar bada taldean, titularrek ezin dutelako, berriak beti laugarren taulako postua hartzen du, eta besteak posizio bat mugitzen dira goraka.



Lau tablero daudenez, lau puntu izaten dira neurketa bakoitzean. Partida bat irabazten duzunean, puntu bat jasotzen duzu, eta berdinketa badago puntu erdia. Billabonak bi talde ditu lehen mailan, eta lehen jardunaldian elkarren aurka jokatu zuten, araudiak horrela zehazten duelako. «Ni C taldeko hirugarren taulan nago, eta semea B taldeko hirugarrenean», esan du Villenak. «Beraz, lehenengo aldiz lehiaketa ofizial batean elkarren aurka jokatzea egokitu zitzaigun. Eta esan behar ondo irabazi zidala. Gazteak goraka doaz eta helduak beheraka...».

Txapelketei dagokionez, bost talde izanik, 50 urteotako unerik onenean daudela diote. «Behin ere ez dugu taula bat hutsik utzi, beti izan da norbait lekua betetzeko, eta zentzu horretan izen ona dugu federazioan», zehaztu du Villenak.

 

 Juanjo Villena: «Behin ere ez dugu taula bat utzi hutsik, beti izan da norbait lekua betetzeko»



Norbanakoen txapelketak urritik abendura jokatzen dira. Gero taldekako ligak Errege Egunaren ondoren hasten dira eta hiru hilabete inguru irauten dute. Beste sei hilabeteetan klubek antolatzen dituzten torneoak izaten dira, taldeka, eta Laguntasunaren Zirkuitua deitzen zaio. Zirkuitu horren barruan, Billabona Xake Elkarteak Santio jaien barruan antolatzen du txapelketa, eta hainbat herrietatik etortzen dira. Gero herri horietan torneoak daudenean, gonbita bidaltzen diete Billabonakoei. Torneo horietan parte hartzeko ez dago zertan federatuta egon behar. «Lekeitiora ere joan izan gara horrelako partidak jokatzera, eta santiotan Kataluniatik ere etorri izan dira parte hartzera gurera», esan du Villenak.

Horrez gain, torneo indibidualak ere egiten dira, eta Gipuzkoako garrantzitsuena Donostian Aste Santuan egiten den nazioarteko torneoa da. Elkartetik nabarmendu dute hiru kide gazte prestatzen ari direla epaile izateko. «Baliteke Donostiako Nazioarteko Torneoan praktikak egitea», zehaztu du Villenak. «Ikastaroa egin dute eta gero titulua izateko praktikak egin behar dituzte». Gipuzkoan oso epaile gutxi daudela diote. «Eta kontuan izan behar da beharrezkoak direla. Jendea ez da hainbeste animatzen». Deialdi bat egin zen erkidegoan eta lau bakarrik aurkeztu ziren, eta horietatik hiru Billabona elkartekoak dira. «Saiatzen ari dira, eta ea lortzen duten», esan du Fuentek. «Nahiko seguru gaude lortuko dutela. Donostiako Nazioarteko Torneo hori ondo etorriko zaie, herrialde askotako partaideak izaten direlako bertan».

Erlazionatuak

Osasuntsu, 50 urte bete berritan

Imanol Garcia Landa 2023 urt 30 Amasa-Villabona

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!