ERREPORTAJEA

Osasuntsu, 50 urte bete berritan

Imanol Garcia Landa 2023ko urt. 30a, 07:59

Billabona Xake Elkartea, 50 urte taulen bueltan. M.G.

Billabona Xake Elkarteak mende erdia bete du eta aurrera jarraitzeko gogoz daude bertako partaideak. Guztira 41 federatu ditu eta elkartea harro dago Gipuzkoako hirugarrenak direlako alor horretan.

Bobby Fischer eta Boris Spasskiren arteko Munduko Xake Txapelketa sonatua 1972ko udan jokatu zen. Horrek eraginda, Villabonako xakezale batzuk elkartzen hasi ziren Zentroan, xakean jokatzera. Aipatu urteko uztaila zen eta orduan sortu zen Billabona Xake Elkartea, Gipuzkoako lehenengoetakoa. «Uste dut orduan ez zegoela oraindik xakea kirol bezala onartua», esan du Ernesto Fuente elkarteko idazkariak. «Federazioa bazegoen, baina kirola askoz ere hitz arinagoa zen orduan. Egun zerbait kirol moduan hartzeko, federazio bat izan behar du, estatutu batzuk, lehendakaria, eta beste betekizun ugari».


Aurreko Santio jaietan, urtero elkarteak antolatzen duen taldekako txapelketaren une bat. BILLABONA XAKE ELKARTEA


Ordudanik gauzak asko aldatu direla diote elkartetik, eta ordenagailuek eragin handia izan dutela xakearen garapenean. «Xakelarientzat informatika babes handikoa izan da», zehaztu du Fuentek, eta Billabona Xake Elkarteak ere xakeak berak izan duen garapena izan duela gaineratu du: «Hasieran lau entusiasta zeuden, eta batez ere bultzada eman zion Beasaindik etorri zen pertsona batek: Jesus Mari Ezkaik. Ordurako Beasainen bazegoen elkarte bat, eta oraindik jarraitzen du, Alfil izenekoa». Ezkairen ekarpena ezinbestekoa izan zen elkartea sortu eta aurrera egiteko. «Ez zen bakarrik xakean jokatzeko elkartzea, materiala erosteko bidea ere bazen: taulak, erlojuak...». Santio jaietan antolatzen duten txapelketa Jesus Mari Ezkairen oroimenezkoa izaten da, eta bere alarguna urtero joaten da sari banaketara.


Billabona Xake Elkarteko kideak, uztailean, urteurreneko ekitaldian. Sabrina Vega, erdian, makurtuta. BILLABONA XAKE ELKARTEA


Hasieran, elkarteak Villabona Parrokia Zentroa izena zuen, eta ondoren Peña Roman Toran jarri zioten. 1983tik aurrera Billabona Xake Joku Elkartea izango da bere izen ofiziala, eta estatutuak berritu egin behar izan zituzten, kirol klub bihurtzeko. Juanjo Villena elkarteko diruzainak nabarmendu duenez, «gaur egun 41 jokalari ditugu federatuta, eta Gipuzkoako hirugarren elkartea gara fitxa kopuruari dagokionez. Bost talde ditugu lehian Gipuzkoako ligako maila ezberdinetan, eta gure eremurako hori asko da». Fuentek gaineratu duenez, «Gipuzkoako federazioko presidentearekin hitz egiten egon nintzen, eta Donostian 15 talde inguru izango dira. Donostiak bakarrik 200.000 biztanle inguru ditu. Villabonan mila biztanleko talde bat dugu. Donostiak 200 talde izango balitu bezalakoa da, eta presidentea harrituta geratu zen hortaz jabetzean». Proportzio hori «oso bestia» dela nabarmendu du Villenak. «Gure taldeak duen osasuna inbidia emateko modukoa da Gipuzkoako beste elkarteentzat».

Datuak begiratzean, noski, kontuan hartzen dute Billabona Xake Elkartea orain Tolosaldeko xakelarien bilgunea dela. «Esaterako, orain urte batzuk Tolosako elkartea itxi zen eta bertatik zenbait jokalari gurera etorri ziren. Ibarran ere izan zen beste xake elkarte bat», zehaztu du Villenak. «Nik esaten dut Asterix eta Obelixen herrixka bezalakoak garela, eutsi egiten diogula». Ostiraletan gaztetxoei xake ikastaroa ematen diete, eta badago bat Amezketatik joaten dena, eta beste bat Andoaindik. «Azkenean, gaur egun ez dago xakean jokatzen erakusten duten leku asko. Denbora asko eskatzen du, baina hor jarraitzen dugu. Horrek denak gehitu egiten du kluba handitzen jarraitzeko».

 

Juanjo Villena: «Nik esaten dut Asterix eta Obelixen herrixka bezalakoak garela, eutsi egiten diogula»


Ostiraletan 19:30etik 20:30etara izaten da haurrentzako ikastaroa, kultur etxean. Zortzi urtetik hamalau urte bitarteko 22 gaztetxo daude bertan. «Elkarren artean jokatzen dute, torneoak jokarazten dizkiegu, oinarrizko nozioak ematen dizkiegu...», esan du Villenak. «Pixka bat konplikatua da, etortzen diren haur batzuk piezak mugitzen bakarrik dakitelako, eta beste batzuk, denbora gehiago daramatenez, hobeto moldatzen dira. Beraz, torneo suitzarrak jokarazten diegu elkarren artean, denak denen artean jokatzeko, eta horrela hobetzen joaten dira». Ez diete klaseak ematen zentzu klasikoan, baina bai nola egin irekierak, nola bukatu partidak... «Teoria gehiegi ezin diegu sartu, bestela aspertu egiten dira. Beraiek nahi izaten dutena jokatzea da».

Modu horretara ere harrobia sortzen dutela diote, eta elkarteak aurrera jarraitzeko modu bakarra dela. «Xakean jokatzen erakusteaz gain, hezten ere saiatzen gara», esan du Fuentek. «Xakea kirola da, eta irabazten zein galtzen jakin behar duzu, erabakiak hartu behar dituzu. Batez ere galtzen ikasi behar duzu, eta xakean jokatzen hasten zarenean askotan galtzen duzu». Xakean jokatzerakoan «jarrera egoki bat» izan behar dutela gaineratu dute elkartekoek. «Egia esan oso jarrera ona dute», zehaztu du Villenak. Ez dituzte ordubete baino gehiagoko saioak egiten, bestela gehiegi izaten dela diote. «Gainera, ostiral arratsaldean izaten da, eta aste guztiko nekea dute gainean», esan du Villenak. Gerora, horietako bat edo beste taldean geratzen dela azaldu dute. «Haurra laguntzera etorri diren hainbat guraso ere geratu izan dira gero elkartean, bere haurrak jarraitu ez arren».


Sabrina Vega, aurreko uztailean, aldibereko partidak jokatzen Billabona Xake Elkarteko kideen aurka. BILLABONA XAKE ELKARTEA


Ikasleen artean, mutil askoz gehiago daude neskak baino, eta baita elkartean ere. «Ez dakit zehazki zergatik izaten den alde hori», esan du Villenak. «Teoria asko daude. Adibidez, xakea gerra bat bezala hartzen bada, emakumezkoak ez direla hain gerrazaleak dio teoria batek». Sabrina Vega, Espainiako txapelduna, uztailean izan zen urteurreneko ekitaldi batean, eta gai horren inguruko iritzia galdetu zioten, zehazki zergatik ez dauden sailkapeneko lehen postuetan emakume gehiago. «Berak zioenez, gizonezkoak lehiakorragoak dira, eta puntuak lortzeari gehiago begiratzen diote. Eta emakumeek gehiago begiratzen diote jokaldi ederrak egiteari, eta gero horrek emaitzetan eragiten die».

Urteurrena ospatuz

Aurreko uztailean burutu zituzten elkartekoek 50. urteurreneko zenbait ekitaldi. Horietako bat urteurreneko plaka bat jartzea izan zen, elkarteak egoitza duen kultur etxearen horman. Santio jaietan izan zen, Sabrina Vega xakelaria bertan zegoela aprobetxatuz, eta Beatriz Unzue alkatearekin batera.

Plaka jartzeaz gain, beste ekitaldi nagusia Sabrina Vega Espainiako txapeldunarekin aldibereko partidak jokatzea izan zen. Beraien aurka 28 jokalarik jokatu zuten. «Tartean elkarteko parte izan eta orain ez diren xakelari batzuek ere jokatu zuten. Beraz, 70 urte zituen norbaitek parte hartu zuen eta baita 12 urte inguruko xakelari batek ere. Oso polita izan zen», esan du Fuentek.


Beatriz Unzue alkatea eta Sabrina Vega xakelaria, 50. urteurreneko plaka erakusten. BILLABONA XAKE ELKARTEA


Partida gehienak irabazi zituen Vegak, baina batzuek irabazi zioten Vegari, eta beste batzuek berdinketa lortu zuten. «Aldibereko partidetan ez dago denbora jakinik. Kasu honetan Vegak hartzen du bere denbora taula bakoitzean, eta ondoren hurrengora joaten da. Taula bakoitzean dagoen aurkariak, beraz, Vega berriro bueltatu arteko denbora du bere mugimendua egiteko», esan du Villenak. «Beste guztien aurka jokatzen duenarentzat, kasu honetan Vegarentzat, bai direla partida azkarrak, baina aurkarientzat partida luzeak izaten dira. Hori bai, denbora pasa ahala, partidak amaitzen joaten dira, eta orduan aurkarientzat ere gero eta azkarragoak bihurtzen dira partidak». Ia bost orduko saioa izan zen azkenean. Elkartekoak Vegarekin oso gustura egon zirela diote. «Xakeari buruz hitz egiten egon ginen bazkarian. Oso atsegina izan zen, eta oso jatorra».

Urteurrenarekin lotuta, beste ekitaldi berezi bat norbanakoentzako Gipuzkoako Txapelketa antolatzea izan zen. Urria eta azaroa bitartean jokatu zen txapelketa hori. Urtero egiten dituzten torneoak ere antolatu zituzten: santioetan egiten duten txapelketa, Jesus Mari Ezkairen oroimenezkoa; Torneo Soziala ere egin zuten, ohi bezala, klubeko partaideentzat eta gonbidatuentzat; eta horrez gain, Behar Zana Elkartearen festaren egunean ere egiten zuten txapelketa.

Urteurrenaren inguruko ospakizun ekitaldiak luzatu egingo dituzte, eta aurten nazioartean ezaguna den xakelari batekin aldibereko partidak jokatzeko ekitaldi bat antolatu nahi dute. Aste Santuaren ondoren, edo bestela uztailean, festen barruan, izan daiteke ekitaldi hori. Kamisetak ere atera dituzte urteurrena dela-eta, bereziki horretarako egindako logoarekin. «Merchandising pixka bat ere atera dugu, eta adibidez kanpotik etorri diren jokalariei urteurreneko boligrafo bat ematen diegu opari», zehaztu dute.

Osasun iturri

Gaur egun elkarteak osasun «oso ona» duela diote, eta elkarte bezala oso ondo ikusiak daudela. Elkartea hainbat urtez kolokan egon da. Beti lau jokalari berdinek jokatzen zuten, eta bizirik mantentzeagatik eutsi egin zioten. «Pixkana joan gara ilusioa sartzen eta pixkana handitzen joan da», esan du Villenak. Fuentek gaineratu duenez, «udal gobernu guztiek asko lagundu digute ibilbide honetan. Ez dugu batere kexarik. Asko eskertzen da ere sari banaketara udal gobernuko ordezkariak izatea. Eta garrantzitsua da udalaren babesa izatea».

Kultur etxean dute egoitza, eta bertan jokatzen dituzte partida ofizialak. «Laguntza bat dugu urtero fitxak ordaintzeko. Gu ere ondo portatu gara udalarekin, bakarrak izango garelako dirua itzuli dugunak. Alkateak behintzat esan zigun ez zitzaiela horrelakorik gertatu. Guk esan genion ez genuela diru guztia erabili eta bueltatu egin genuela erabili gabekoa», zehaztu du Villenak. «Pandemiaren kontuarekin materiala askoz gutxiago hondatu zen, ezin izan zelako erabili. Eta horregatik ere bueltatu genuen dirua. Gero bagenekien ere laguntza estra bat behar izango genuela urteurreneko ekitaldiak antolatzeko, eta zentzu horretan udala oso ondo portatu da gurekin».

50 urte hauetan ehun federatu baino gehiago izan dira elkartean eta beste hainbeste elkarteko kide izan eta federatuta egon ez arren xakean aritu direnak jokatzen. Adinean aurrera joanez txinparta galtzen joaten dela ere baieztatu dute. «Azken finean zerebroa ere muskulu bat da», esan du Fuentek. «Hori bai, xakean 55 urteko beterano batek 20 urteko gazte baten aurka lasai asko jokatu dezake, eta irabazi ere bai. Pilotan hori gertatzea ezinezkoa da. Beste edozein kiroletan ere hori ez da gertatzen». Villenak gaineratu duenez, «kirol bakarra izango da ehun urte izanda ere praktikatu dezakezuna».

Ez dute alde fisikoa entrenatzen, baina Villenak dio lau ordu inguruko partida bat jokatu ondoren porru eginda bukatzen duela. «Eta gertatu izan zait hankarekin mugimendu tipiko hori egitea, urduritasun keinu moduko hori, eta hurrengo egunean giharreko mina izatea». Asko jokatuz gero, esfortzua eramangarriagoa dela dio Fuentek, «baina hilabetean behin jokatzen baduzu asko pentsatu behar duzun partida horietako bat, oso nekatuta bukatzen duzu». Nazioarteko xakelari onenek bere entrenamendu fisikoak egiten dituztela diote: «Prestatuta daude fisikoki ere. Beharrezkoa da beraientzat gero tentsioari eta kontzentrazioari eusteko».

Xakea kirola dela garbi dute. «Batetik, erakundeen aldetik onartuak gaudelako kirol bezala. Baliteke mundu mailan federazio gehien dituen kirola izatea», zehaztu du Fuentek. Kirolaren inguruan zer kontzeptu dagoen galdetzen du Villenak: «Zer da kirola, ariketa fisikoa? Nik jokatu izan ditudan hainbat partidetan bihotza oso azkar zihoan, eta zerebroa ere lantzen ari nintzen».

Asko garatu da xakea, eta partidak zuzenean ematen dira. Etxetik bertatik jokatu daitekeen kirola dela nabarmendu dute; milaka pertsona jokatzen ari dira uneoro. «Eskoletan ere indartzen ari dira, eta orain xake begiraleen ikastaroak antolatzen dira, titulua atera eta gero eskoletara joateko haurrei klaseak emateko. Badago ogibidea hortik bideratzea gaur egun», esan du Villenak. «Lehen eskolek nahi izaten zuten, jangela garaian, norbaitek haurrak entretenitzea. Orain horri buelta ematen ari zaio, eta xakea baloratua izaten ari da merezi duen moduan. Jolas bat baino zerbait gehiago da».

Ikerketa batzuen arabera, xakean jokatzen duten haurrek matematikaren alorra gehiago garatuta dute: «Xakeak asko du kalkuluak egitetik, nola aurreikusi mugimenduak..., eta, beraz, harreman asko du matematikarekin». Bestalde, adinean aurrera eginez, xakean jokatzen duenak dementziaren bat izateko aukera gutxiago duela diote. «Ez dago agian mediku ikerketa bat erakusten duena zergatia, baina datuak hor daude», zehaztu du Villenak. Fuentek gaineratu duenez, «pertsona helduei oso ondo datorkie xakean jokatzea, zerebroa funtzionamenduan izaten dutelako. Eta xakeak gauza on bat du: aurrean aurkaria duzu, eta bien arteko maila antzekoa bada, oso ondo pasatu dezakete, eta onuragarria da beraientzako».

Erlazionatuak

Bost talde Gipuzkoako Ligan

Imanol Garcia Landa 2023 urt 30 Amasa-Villabona

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!