'Landa Emakumeak Gara' proiektua aurkeztu dute Amasa-Villabonan

Ataria 2022ko urr. 14a, 13:59

XIX. Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatu dute Gurea antzokian, eta bertan aurkeztu dute egitasmoa; landa eremuko emakumeen arteko elkar-ezagutza eta saretzea sustatzea du helburu.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailak antolatuta, Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunaren hemeretzigarren edizioko ekitaldia egin dute, goizean, Amasa-Villabonan; Gurea antzokian egiten ari dira jardunaldia, eta besteak beste, Landa Emakumeak Gara proiektua aurkeztu dute.

Herri eta auzoetako landa emakumeek beren aitorpen pertsonala eta profesionala ahalbideratuko dituzten formulak behar dituztela eta, Gipuzkoako Landa Garapenerako Elkarteek osatzen duten Landaola Federazioak, urrats berriak ematearen aldeko apustu sendoa egin du. Konpromiso horren erakusle, Landa Emakumeak Gara proiektua aurkeztu du, landa eremuko emakumeen arteko elkar-ezagutza eta saretzea sustatu asmoz, emakumeen ahalduntze pertsonal eta kolektibo prozesuan beste katebegi bat sortu nahian.

Landa Garapenari buruzko apirilaren 8ko 10/1998 Legean jasotzen dira Landaolaren helburuetako batzuk. «Landaolaren ekintza ezberdinetan daude, besteak beste, emakume eta gizonen arteko benetako berdintasuna sustatzea eta, genero ikuspegia eta emakumeen ahalduntzea txertatzea», adierazi dute. Helburu horiek betetzeko, emakume ezberdinen arteko espazio partekatu bat sustatu nahi dute, zeinak emakumeen arteko parte-hartze, partekatze, sormena, elkarrizketa eta ikaskuntza bideratzen lagunduko duen. «Emakumeen bizitzetan eragina duten gaiez hausnartu eta hitz egiteko eremu komuna izango da, benetako ahalduntze prozesu kontzienteen mesedetan», azaldu dute.

Proiektuaren hartzaile nagusiak hainbat eragile izango dira, besteak beste, Gipuzkoako landa emakumeen eta emakume baserritarren elkarteak, egitura juridiko gabeko herri eta landa auzoetako emakumeen taldeak, norbanakoak, landa emakume ekintzaileak, belaunaldi guztietako emakumeak eta udal ordezkari politiko eta teknikoak.

Landaolako kideek gaurko aurkezpenean nabarmendu dute emakumeek «giltzarrizko rola» betetzen dutela landa ingurunearen bizitzan eta bere garapen iraunkorrean. «Beraien ekarpenak egundoko garrantzia du landa auzo eta herri txikien kohesioan, lurraldearen orekan, eta beraz, Gipuzkoako etorkizunean. Azken urteotan kolektibo horrek landa-garapenean duen protagonismoa aldarrikatu da: langile gisa dituzten eskubideak, aukera-berdintasunerako, prestakuntzarako, baliabideetarako, botererako eta erabakiak hartzeko eskubidea, besteak beste».

Sormen lehiaketa

Espazio partekatuetan burutuko diren dinamikez gain, emakumeen lana, papera, ahotsa, testigantzak edota ekintzailetza bistaratzen lagunduko dituen ekintza konkretu batzuk ere sustatuko dituzte: Landa eremuko emakumeak eta bizikidetza gaiari lotutako sormen lehiaketa bat, gaiaren inguruko lehen hausnarketak abiatzeko; sormen lehiaketa honetan jasotako eta aipatutako gaiari lotutako euskarri ezberdinen bilduma (irudiak, hausnarketa testuak…); landa eremuko emakumeek bizi duten egoera bistaratzen lagunduko duen ikus-entzunezkoa, emakume hauen testigantzetan oinarritua, sormen lehiaketa honetan sarituak direnekin; eta interesgarriak diren gaiak lantzeko webinar saioak, emakumeen arteko ezagutza bultzatzeko, elkarren arteko dinamikak sustatzeko, beste lurraldeetako esperientzietara hurbiltzeko eta formazioa eskaintzeko.

Landa Emakumeak Gara proiektuarekin, landa eremuan azken urteetan identifikatu ahal izan diren elkar-trukerako espazio urrien eta honek ekar dezakeen bakardaderako joerekin haustea lortu nahi dute. Bide horretan, Gipuzkoako emakume ezberdinak landa eremuaren, bertako emakumeen eta bizikidetzaren inguruan hausnartzera bultzatzeko, sormen lehiaketa antolatu zuten iraila eta urria bitartean. Euskarri grafiko bat (argazki, marrazki, irudi, collage, eskultura…) eta euskarri grafiko horri loturiko hausnarketa-testu txiki bat aurkeztu behar zituzten parte hartzaileek, eta jada jakinarazi dute zeintzuk izan diren epaimahai bidez erabakitako irabazleak.

  • 25 urtez azpikoak:
    • 1. Ane Munin Ansola (69 zenbakidun lana). Saria: 600 euro.
    • 2. Mairi Olabarria (120 zenbakidun lana). Saria: 450 euro.
    • Ione Aranberri Iriarte (78 zenbakidun lana). Saria: 300 euro.
  •  25 eta 55 urte bitartekoak:
    • 1. Nerea Loiola Pikaza (89 zenbakidun lana). Saria: 600 euro.
    • 2. Oskia Garaialde Zeberio (18 zenbakidun lana). Saria: 450 euro.
    • 3. Enara I. Dominguez (44 zenbakidun lana). Saria: 300 euro.
  •  55 urtetik gorakoak:
    • 1. Arantzazu Arregi Uriarte (114 zenbakidun lana). Saria: 600 euro.
  • Publikoaren saria:
    • Idurre Lersundi Elordi (45 zenbakidun lana). Saria: bi lagunentzako gau bat eta gosaria, Gipuzkoako landetxe batean.

Esteka honetan ikusi daitezke lan guztiak. Zozketa bat egin dute bozka eman duten lagunen artean eta irabazleak bertako produktuez osatutako saski bat jasoko du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!