Behar Zana elkarteak irabazi du Isats Gisatu Lehiaketa

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko ira. 17a, 14:35

Nagusitasunez irabazi du aurtengo lehiaketa, 81 puntu lortuta. Irrintzi elkartea izan da bigarrena, 65 punturekin, eta Billabona KE-k eta Urkamendik hirugarren postua elkarbanatu dute.

Villabonako Errebote plazan, azokaz gain, lehiaketa bat ere izan da. Isats gisaturik onena nork prestatu, hortxe Villabonako eta inguruko herrietako elkarteei Irrintzikoek botatako erronka. Aurten, sei elkartek hartu dute parte: Behar Zana, Zunbeltz, Urkamendi, Billabona KE, Aiztondo eta Irrintzi, hain zuzen. Isatsa denentzat izan da berdina, antolatzaileek jarri baitute. Bakoitzak bere elkartean edo etxean prestatu du, plazan berotu eta epaimahai bat izan dute zain, dastatu eta puntuak jartzeko.

Epaimahaiaren iritziz, Behar Zana elkarteko ordezkariek prestatutakoa izan da denetan onena. Honela geratu da sailkapena:

  • 1. Behar Zana: 81 puntu.
  • 2. Irrintzi: 65 puntu.
  • 3. Billabona KE eta Urkamendi: 62na puntu.
  • 5. Zunbeltz: 54 puntu.
  • 6. Aiztondo: 49 puntu.

Andoni Ugarte izan da isats gisatu onena kozinatu duen sukaldarietako bat. Isats gisatu batek lehiaketa bat irabazteko denbora, pazientzia eta osagai onak behar dituela esan du. "Barazki freskoak eta sagar apur bat bota dizkiogu. Ardoarekin kozinatu dugu, eta atzo egin genuen salda ere gehitu diogu".

Jai giroa nagusitu da plazan, isats gisatuak kozinatzen aritu diren gunean. "Urtero elkartzen gara berdinak, eta tarteka izaten dira zenbait berri ere. Gazteok elkarteetan sartzea garrantzitsua den bezala, horrelako lehiaketetan ere parte hartzen hastea ezinbestekoa da herria bizirik mantendu ahal izateko". 

Eneko Amondarain izan da lehiaketako epaileetako bat. Ez dute zalantza handirik izan lehen posturako, baina maila handia izan dela nabarmendu dute. "Inoiz baino maila parekatsuagoa egon da plater guztien artean. Hala ere, jaterako garaian, Behar Zanakoek prestatutako isatsaren zaporea eta testura oso onak izan dira".

Behar Zanak eskuratu du, beraz, garaikurra, txapelketak duen bakarra. Elkartez elkarte mugitzen da; sinbolikoa den zerbait baita. Antolatzaileen esanetan, urte guztirako ohorea irabazten du lehen postuan geratzen den elkarteak.

Erlazionatuak

Ekoizle txikien plaza

Josu Artutxa Dorronsoro 2022 ira 17 Amasa-Villabona

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!