Villabonako jaiak 2022

Jendetsua izaten ari da Erromeri eguna

Jon Miranda Labaien 2022ko uztailaren 30a

Erreboteko plazan sagardo eta pintxo dastaketarekin abiatu da arratsaldea. Santiotan Kantari ekimenekoek saioa egin dute eta Iñaki Dieguez eta Xabier Berasaluze Leturia aritu dira ondoren Pepito Yanci beti bizi ikuskizunarekin.

Oinkari dantza taldeak antolatzen duen Erromeri eguna jendetsua izaten ari da. Giro onak lagunduta, ehunka lagun bildu dira arratsaldean Erreboteko plazan, sagardo eta pintxo dastaketan. Ondoren, Santiotan Kantari ekimenekoek saio bat egin dute bertan eta Besamotza konpartsako erraldoi eta buruhandiak ere bertan izan dira.

Pepito Yanci beti bizi izeneko ikuskizuna eskaini dute ondoren, Iñaki Dieguezek eta Xabier Berasaluze Leturiak. Eguna biribiltzeko bertsolariak izango dira, 22:30ean, Txermingo ikastolan: Oihana Iguaran, Nerea Ibarzabal, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Andoni Egaña eta Agin Laburu arituko dira bertsotan, Amaia Agirreren esanetara.

Izer eta Alabierrek girotuko dute Larrain dantza herrikoia bitarteko tartea eta ondoren, goizaldera arte, Laket taldea ariko da Errebote plazan.

Bihar izango da festetako azken eguna. Egitarau osoa hemen ikusgai.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!