Villabonako jaiak 2022

Festa herrikoi eta parte hartzaileak prestatu dituzte

Jon Miranda Labaien 2022ko uzt. 15a, 12:36

Argazkia: Amasa-Villabonako Udala

Santio jaien egitaraua aurkeztu du Amasa-Villabonako Udalak. Uztailaren 24tik 31era ospatuko dira festak.

Erreboteko plazan eta jendez inguratuta aurkeztu du Amasa-Villabonako Udalak aurtengo Santio jaien egitaraua. Beatriz Unzue alkateak, Garazi Bengoetxea Kultura zinegotziak eta Joxean Cubero Kultura teknikariak aurkeztu dituzte herriko jaiak, festa batzordean parte hartzen duten eragileak ondoan zituztela. Haientzako izan dira alkatearen lehen hitzak: "Eskerrak eman nahi dizkizuet jai batzordean parte hartu duzuen elkarte eta herritar guztiei. Eskerrik asko, jai egitarauaren gehiengoa osatzen duten ekintzak antolatzeagatik eta ekintza horiek aurrera ateratzeko boluntario bezala egiten duzuen lan guztiagatik". Villabonako santioak jai herrikoi eta parte hartzaileak direla esan du alkateak eta nabarmendu du horrek harrotasunez betetzen duela.

Bi urteko etena luzea egin zaiela aitortu du Unzuek. "Jaietan gozatzea eta ondo pasatzea opa dizuet guztioi. Dibertitu gaitezen, lagunartean barre egin dezagun, alaitasunez eta umore onez, denok merezi dugu eta". Aurten, jai batzordeak bereziki aitortu eta txalotu nahi izan du Osasun etxeko eta Santiago egoitzako langileek pandemia garaian egin duten lana. Horregatik haiek izango dute, uztailaren 24an jaien hasierako txupinazoa jaurtitzeko ohorea, "pandemiaren lehen lerroan egin duten esfortzu izugarria aitortu nahi diegu"·.

Alkateak, Akain talde feministak eta Lurgatz talde feministak indarkeri matxistari aurre egiteko udalarekin batera adostu duten protokoloa azpimarratu du. Eskerrak eman dizkie mugimendu feministako neska eta emakumeei horrelako arduraz eta determinazioz jokatzeagatik eta zera gogoratu du: "Baiezkorik gabe ezezkoa da; ez dugu inolako eraso matxistarik onartuko eta gure indar guztiekin egingo diegu aurre".

Aurten jai egitarauarekin batera, lehen aldiz, Santio jaien aurrekontua publiko egin dute. Egin diren gastuen zerrenda argitaratu dute. "Funtsezkoa iruditzen zaigu arlo guztietan gardentasunez jokatzea, diru publikoa zertarako erabiltzen den argi azalduz, ezer ezkutatu gabe". Unzuek aitortu du aurtengo aurrekontua aurreikusitakoa baino altuagoa izango dela, aipatu duenez, 35.000 euro gehiago erabili behar izan dituzte festak antolatzeko.

Jaietako zapiak erosteko eta lepoan jartzeko deia ere luzatu du alkateak. Amasa-Villabonako Elkartasun Sareak egin eta salduko ditu zapiak. Pobrezia egoeran dauden herritarrei laguntzeko urte osoan zehar egiten duen lanari bultzadatxo bat emateko modua izango dela uste du Unzuek.

Betiko ekitaldiak eta berrikuntzak

Amasa-Villabonako kultura teknikariak nabarmendu duenez, aurreko festetan egin izan diren ekitaldietako asko, "ekitaldi tradizionalak", aurtengo egitarauan ere errepikatuko dira. Horien artean aipatu ditu dianak, danborrada, erraldoi, ipotx eta buruhandien kalejirak, soka dantza, soka muturra, Eresargi abesbatzaren eta gazte abesbatzaren kontzertua, marrazki lehiaketa, Zunbeltzek antolatzen duen txekor jatea eta sagardo dastaketa, Kuadrillen eguneko bazkaria eta kalejira, Santioetan Kantari, Erromeri eguna, errebote partidak eta Remi Ayestarani herri omenaldia, besteak beste. 

Kirol ekintzak ere aipatu ditu Cuberok, hainbat pilota txapelketa, futbito txapelketaren finala, halterofilia proba, Santio krosa, zumba eta ciclying maratoia eta xake probak. Aurten herriko xake elkarteak 50 urte betetzen ditu, eta hori dela eta, Sabrina Vega hainbat alditan Espainiako estatuko txapeldun izandakoak Santio bezperan 25 partida jokatuko ditu aldi berean Villabonako jokalariekin.

Berrikuntzetako bat izango da hori aurtengo jai egitarauan, baina Cuberok nabarmendu du, baita ere, uztailaren 24an eta 25ean egingo duten Etxeondo Fest azoka. Eresargi abesbatzak, aurten, uztailaren 24an Gontzal Mendibilekin kontzertua eskainiko du eta bertara gonbita zabaldu du teknikariak. Hurrengo egunean, umore gaua egingo dute Arroa plazan eta Patricia Sornosa eta JC Gurrutxagak eskainiko dituzte bakarrizketak. Aurtengo beste nobedadeetako bat nabarmerndu du du Cuberok, Zunbeltz elkarteak uztailaren 26an antolatu duen Santiotako Rozioaren konpartsa.

Aurten, Gazte egunean, Su ta gar eta Nikotina taldeak izango dira herritarrek aukeratu dituztenak gaueko kontzertuetarako.

SANTIO JAIAK 2022

  • Uztailak 24, igandea

    • 12:00. Txupinazoa, Erreboteko plazan. Osasungintzako eta Santiago Egoitzako langileen partetik, Iraunkorrak txarangak alaiturik.

    • 12:15. Buruhandi, Ipotx eta Erraldoien kalejira, Iraunkorrak txarangak alaituta.

    • 12:30. Halterofilia proba, Erreboteko plazan. Molins de Rei (Espainiako Klubetako txapelduna) vs. Denok Danena.

    • 10:00. Billabona Xake elkartearen 50. urteurrena dela eta, Sabrina Vega kanariarrak, Estatuko historiako jokalari onenak, elkarteko 25 jokalariren aurka jokatuko du aldi berean Maiatzaren Lehena plazan, goiz guztian zehar.

    • 14:00. Herri bazkaria, Erreboteko plazan.

    • 16:00. Etxeondo Fest Azokaren irekiera, Etxeondo parkean: artisau postuak, desfilea, kontzertua.

    • 16:00. Bola tiraldia, helduentzat. Behar Zana elkarteko Bola Taldearen eskutik, Olaederrako bolatokian.

    • 17:00. Pilota. Frontenisa eta Eskuz Binakako Txapelketa Herrikoia, Behar Zana elkartearen eskutik, Olaederrako pilotalekuan. Eguraldi txarra eginez gero, Villabonako Udal Pilotalekuan.

    • 17:00. Perkusio emanaldi ibiltaria, Etxeondo parkean. Zo-zongo taldea: Kolpez Blai.

    • 18:00. Perkusio emanaldi ibiltaria, Erreboteko plazatik abiatuta. Zo-zongo tadea: Kolpez Blai.

    • 19:30. Futbito finala, Erreboteko plazan.

    • 19:30. Gontzal Mendibilen kontzertua, Eresargi eta Eresargi Gazte abesbatzekin, Gurea antzokian.

    • 23:00. Danborrada, Iraunkorrak txarangak alaituta, Onddo Gazte Asanbladaren eskutik. Kultur etxetik abiatuko da.

    • 00:00. Dantzaldia, Erreboteko plazan, Gabezin taldearekin.

    • 01:00. Gazte garaiak oroituz, 40 urtetik gorakoentzako DJ emanaldia, Txistulari plazan.

  • Uztailak 25, astelehena

    • 09:00. Diana, Loatzo Musika Eskolako Txistu Taldeak alaituta.

    • 10:15. XL Herri Krosa Haurrentzat. Zunbeltz elkartearen eskutik, Altzin plazatik abiatuta.

    • 11:30. XL Herri Krosa Helduentzat. Zunbeltz elkartearen eskutik, Altzin plazatik abiatuta.

    • 12:30. Buruhandi, ipotx eta erraldoien kalejira, Loatzo Musika Eskolako Txistu Taldeak alaituta, Erreboteko plazatik abiatuta.

    • 13:00. Eresargi Gazte Abesbatzaren kontzertua, Berdura plazan.

    • 18:00. Soka dantza, Oinkari dantza taldearen eskutik, Erreboteko plazan. Eguraldi txarra eginez gero, Villabonako Udal Pilotalekuan.

    • Ondoren. Sari banaketa: Atari Bizi eta programaren portada lehiaketak, Erreboteko plazan.

    • 19:00. Rock emanaldi ibiltaria: Rockalean, Erreboteko plazatik abiatuta.

    • 19:45. Rock emanaldi ibiltaria: Rocklanean, Etxeondo parkean.

    • 20:30. Etxeondo Fest Azokaren amaiera: tailerrak, eskultura, DJak...

    • 22:30. Umore Gaua, Arroako plazan: Jose Cruz Gurrutxaga eta Patricia Sornosa artisten bakarrizketak.

       

  • Uztailak 26, asteartea

    • 09:00. Diana, Loatzo Musika Eskolako Jeronimo Dultzaina Taldeak alaituta.

    • 11:30. Zunbeltz elkartearen eskutik Santioetako Rozioa. Kalejira Txermingo Zubimusu ikastolatik irten eta herrian zehar ibiliko da Andaluziako musikak aliatuta.

    • 14:30. Santioetako Rozioaren bazkaria Kale Nagusian.

    • 17:00. Haur parkea Arroan. Laser Tag 6 urteitk gorakoentzat.

    • 18:00. Santioetako Rozioko kalejira Kale Nagusitik abiatu eta zezenetarako bidea egingo du, Gauerdi txarangak alaituta.

       

  • Uztailak 27, asteazkena

    • 10:00. Toka txapelketa, Salbadora Jubilatuen Etxearen eskutik, Olaederra kiroldegiaren ondoan.

    • 11:00. Jubilatuen eskulanen eta margoen erakusketa, Berdura plazan.

    • 14:00. Jubilatuen bazkaria eta ondoren dantza, Txermingo Zubimusu ikastolan.

    • 14:30. Bazkaria, Onddo Gazte Asanbladaren eskutik, Onddo plazan. Eguraldi txarra eginez gero, Txermingo Zubimusu ikastolan.

    • 16:15. Zumba klase herrikoia, Txistulari plazan.

    • 17:30. Gazteen poteo-kalejira, Orkestra Nazionalarekin. Erreboteko plazatik abiatuta.

    • 18:00. Cycling mini-maratoia, Txistulari plazan.

    • 23:00. Kontzertua, Su Ta Gar eta Nikotina, Erreboteko plazan.

       

  • Uztailak 28, osteguna

    • 10:00. Pilota ekintza haurrentzat, behar Zana elkartearen eskutik, Olaederrako frontoian.

    • 11:30. Marrazki lehiaketa haurrentzat, Berdura plazan, Oria merkatari elkartearen eskutik.

    • 16:30. Bola tiraldia haurrentzat, Behar Zana elkarteko Bola taldearen eskutik, Olaederrako bolatokian.

    • 17:00. Pilota. Paleta goma irekia, emakumezkoen pala txapelketa eta nagusi mailako eskuz binakako Santio Txapelketa, Behar Zana elkartearen eskutik, Villabonako Udal Pilotalekuan.

    • 18:30. Buruhandi, ipotxen eta erraldoien kalejira, Loatzo Musika Eskolako Jeronimo Dultzaina taldeak alaituta.

    • 19:30. Txekor jatea eta sagardo dastaketa, Zunbeltz elkartearen eskutik, Txermingo Zubimusu ikastolan.

    • 20:30. Japoniar Jaia. Txumo txapelketa (Sumo billabonatar erara), Erreboteko plazan. Sushi eta sake dastaketa.

       

  • Uztailak 29, ostirala

    • 11:00. Haurrentzako sokamuturra, Erreboteko plazan.

    • 14:30. Kuadrillen bazkaria, Etxeondo parkean.

    • 17:00. Kuadrillen kalejira, Incansables txarangarekin.

    • 20:00. Dantzaldia, Trikidantza taldearen eskutik, Erreboteko plazan

    • 21:30. Kafe eta likore dastaketa musikarekin jubilatuentzat, musikak alaituta. Jubilatuen Biltokian.

    • 00:00. Zezen suzkoa, Erreboteko plazan.

    • 00:30. Dantzaldia, Trikidantz taldearen eskutik, Erreboteko plaza

       

  • Uztailak 30, larunbata

    • 10:00. Xake jokoa helduentzat, XXXV Santio Txapelketa, 'J.M. Ezkai memoriala', Billabona Xake Elkartearen eskutik, Txistulari plazan.

    • 11:00. Santiotan kantari kantu jira, Villabonako Udal Pilotalekutik abiatuta.

    • 16:30. Xake Jokoa haurrentzat, Sub14 Txapelketa, Billabona Xake Elkartearen eskutik, Txistulari plazan.

    • Erromeri Eguna

    • 18:00. Sagardo eta pintxo dastaketa, Erreboteko plazan.

    • 18:15. Santiotan Kantari kantu jiran emanaldia, Erreboteko plazan.

    • 19:00. Iñaki Dieguez eta Xabier Berasaluze Leturia. Pepito Yanci beti bizi ikuskizuna.

    • 22:30. Bertsolariak, Txermingo ikastolan; Oihana Iguaran, Nerea Ibarzabal, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Agin Laburu. Gai-jartzailea: Amaia Agirre.

    • 00:00. Izer eta Alabier trikitilariak.

    • 02:00. Larrain dantza herrikoia.

    • 02:30. Dantzaldia: Laket taldea.

       

  • Uztailak 31, igandea

    • 08:00. Diana, Loatzo Musika Eskolako Txistu Taldeak alaituta.

    • 10:00. Ur parkea, Malkar plazan.

    • 11:30. Errebotea. Villabona-Hazparne 93. norgehiagoka, behar Zana kirol elkartearen eskutik.

    • 13:00. Buruhandi, ipotxen eta erraldoien kalejira, Malkar plazatik, Loatzo Musikako Eskolako Jeronimo Dultzaina taldeak alaituta.

    • 13:00. Iñaki Dieguez hirukote akustikoa eta Oinkari, Txistulari plazan. Eguraldi txarra eginez gero, Gurea antzokian.

    • 18:00. Sokamuturra, Erreboteko plazan, Loatzo Musika Eskolako Jeronimo Dultzaina Taldeak alaituta.

    • 20:00. Remiri XIII. Urteurreneko omenaldia, Remi Gogoan ekimenaren eskutik, Remi Ayestaran pasealekuan.

      20:30. The Nowhere Plan Band (The Beatles-en tributoa), Erreboteko plazan.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!