Villabonako Santio festen barruan, gaur, Erromeri eguna da. Oinkari dantza taldeak antolatzen du ekimena, eta 18:00etatik aurrera Erreboteko plazan, sagardo eta pintxo dastaketa egingo dute eta Santioetan Kantari kantujiraren emanaldia izango da bertan. Horren aurretik, parte hartzaileak kantujiran ibili dira goiz osoan zehar udal pilotalekutik abiatuta. Nahiz eta eguneko lehen orduan euria egin, atertu ondoren billabonatarrak kalez kale ibili dira kantuan.
Arratsaldean gainera, Iñaki Dieguezek eta Xabier Berasaluze Leturiak, Pepito Yanci beti bizi izeneko ikuskizuna eskainiko dute Erreboteko plazan. Eta bertsolariak izango dira, ondoren, Txermingo ikastolan: Oihana Iguaran, Nerea Ibarzabal, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Andoni Egaña eta Agin Laburu arituko dira bertsotan, Amaia Agirreren esanetara.
Izer eta Alabierrek girotuko dute Larrain dantza herrikoia bitarteko tartea eta ondoren, goizaldera arte, Laket taldea ariko da Errebote plazan.
Bihar izango da festetako azken eguna. Egitarau osoa hemen ikusgai.