Villabona-Amasan bizi eta lan egiten duten artisau-diseinatzaile talde batetik sortutako egitasmoa da Etxeondo Fest. Helena Agell, Virginia Ameztoi (AZA studios), Susana Carretero eta Maria Barrena (Sualma) eta Mirari Errondosoro (Kimuri) dira proiektuaren arima. Aurretik, azken Eguberrien bueltan, gune bat hartu zuten herrian, beren lanak erakutsi eta saltzeko. “Emaitza oso polita izan zen, eta berriro elkartu ginenean beharra sentitu genuen beste zerbait egiteko”, esan du Ameztoik. “Gaur egun proposatzen diren azokez aparte, beste gune batean, beste modu batera antolatu nahi genuen, eta Etxeondo parkea leku aproposa iruditu zitzaigun”.
Uztailaren 24an eta 25ean izango da jaialdia, herriko Santio festen hasierarekin bat eginez eta hango ekitaldiekin uztartuz. Hamabost postu inguru egongo dira, baina, egingo diren ekitaldi mota guztiak kontuan hartuta, 35 parte hartzaile inguru ariko dira. “Gure lehenengo saiakera izateko, ez dago gaizki”, adierazi du Errondosorok.
Beharrezkoa ikusten dute leku bat izatea artisau-diseinatzaileak biltzeko. “Inguruko jende askok gauza izugarriak egiten ditu, baina erakusteko aukerarik ez du”, esan du Carreterok. “Gehiago ikasteko edo beste artisauekin partekatzeko guneak behar ditugu. Gure artean sortu diren sinergiak, bata bestearengatik ikasten ari garena, aukera paregabea eta aberasgarria da”. Sortu duten egitasmo berriaren abiapuntua horixe dela diote. “Hau guk sortu dugu, artisauok”, dio Carreterok. “Ohiko azoketan dena oso markatuta etortzen zaizu: postu honetan jarri, hau da zure ordutegia… Gure lan egiteko modua beste modu batekoa da, eta guri egokitutako azoka bat sortu nahi genuen, jaialdi edota esperientzia hau”. Ameztoik bat egin du ideiarekin: “Horrelako dinamikak sortuko balira beste lekuetan, zoragarria izango litzateke. Nik, behintzat, izena emango nuke. Erakusleku itxi batean sartuta egotea oso gogorra egiten zait”.
Errondosorok garrantzi berezia ematen dio jendeak kontuan hartzeari sormen prozesua nola izaten den: “Jendeak ikus dezala nola sortzen diren gauzak, zenbat denbora behar den, zer mimo jartzen diogun, gero egiten dugun lana baloratu ahal izateko”.
Modu librean
Villabona-Amasako festekin bat eginez, Etxeondo Fest jaialdiko antolatzaileek osagarri izatea nahi dute, eta festa herri osora zabaltzea. Jaialdian postuak izateaz gain, hainbat tailer antolatu dituzte. Desfile bat ere izango da artisau-diseinatzaileen lanak erakusteko. Aurkezle batek gidatuko du, eta “oso librea” eta “ikustera joateko modukoa” izango dela diote. AEG eskolako ikasle batzuek ere parte hartuko dute beren diseinuekin.
Tailerrak askotarikoak izango dira. Gyotakuarena, adibidez, Errondosorok emango du: “Arrainak margotzen dira, eta gero horiek oihaletan estanpatzen dira”. Origami tailerra Gabi Azkaratek emango du, eta xaboi aromatikoen tailerra, Izpilikuk. Koadernaketa tailerra Agellen ardura izango da: “Pixka bat sorpresa izango da. Bat-bateko koadernoak egingo ditugu, eskura ditugun materialak berrerabiliz. Adin guztientzat izango da”. Tailerrak doan dira, baina komeni da aurretik izena ematea, etxeondofest2022@gmail.com helbidera idatziz eta zein tailerretan parte hartu nahi den eta adina esanez.
Bestalde, tindu botanikoen herri lapikoa egongo da bi egunetan. “Lapiko erraldoi bat prestatuko dut, eta jendeak arropa ekarri dezake, kamiseta bat edo; hor bota, eta kolore berri batekin aterako da. Tindu naturalekin jolasteko aukera izango da”, esan du Ameztoik. Horrez gain, mural bat osatuko dute bi egunetan, hainbat teknika erabiliz. Eskultura bizirik egitasmoa ere egingo dute, Ramon Balerdi eta Jon Iñaki Ormazabal artistek bideratuta. Astebete lehenago hasiko dira, eta jaialdian jendeak prozesuan parte hartu ahal izango du. Carreterok eta Barrenak Sualma Metak egitasmoa osatuko dute jaialdiaren amaieran: “Etxeondoko sinboloa da meta, eta meta batzuk jarri nahi ditugu parkean, eta bukaera gisa zerbait egiten saiatuko gara”.
Musika emanaldiak
Villabona-Amasako jaialdi osoan musika emanaldiak izango dira, festen egitarauan txertatutakoak, eta jateko eta edateko aukera ere izango da. Gainera, Etxeondofestdotcom.wordpress.com webgunean eta Etxeondofest_billabona Instagram kontuan jaialdiaren inguruko informazioa eguneratuz joango dira. Bide batez, udalak jaialdia antolatzeko eman duen laguntza eskertu dute antolatzaileek, eta baita Olaia Toral diseinatzaile grafikoak egindako lana ere.
Lehenengo Etxeondo Fest jaialdia hazi bat izatea nahi dute antolatzaileek. “Maitasun handiarekin, asmo eta ilusio guztiarekin egiten ari gara dena”, azaldu du Barrenak. Deialdia egin diote jendeari uztailaren 24an eta 25ean Etxeondo parkera joan eta ekitaldietan “parte hartu eta disfrutatzeko”.
Egitaraua
Uztailak 24, igandea
16:00-21:00. Artisau eta diseinatzaileen postuak.
16:00-17:00. Ipuin antzeztua.
17:00-17:45. Zo-Zongo!
18:00-19:00. Desfilea.
19:00-21:00. Dudik-P taldearen kontzertua.
Uztailak 25, astelehena
11:30-21:00. Artisau eta diseinatzaileen postuak.
10:00-11:30. Yoga saioa.
12:00-13:00. Gyotaku tailerra.
13:00-14:00. Origami tailerra.
17:00-18:00. Xaboi aromatikoen tailerra.
17:00-18:00. Koadernaketa tailerra.
18:00-20:00. Eskultura bizirik amaiera.
19:45-20:30. Rockalean.
20:30. Sualma Metak.
20:30-22:00. Zigor DZren musika saioa.