Inbertsio berriak egiteko mailegu aldaketak onartu ditu udalbatzak

Tolosaldeko Ataria 2022ko eka. 30a, 12:52

Pasa den asteartean izandako udalbatzaren osoko bilkuran, bi mailegu aldaketa garrantzitsu onartu zituen Amasa-Villabonako udalbatzak. Mailegu aldaketa horiekin besteak beste, udal gobernuak aurten aurrera eraman nahi dituen hainbat inbertsio finantzatuko dituzte.

EH Bildu eta PSE-EEk babestu zituzten mailegu aldaketak eta EAJ alderdiak kontra bozkatu zuen.

Lehen mailegu aldaketarekin besteak beste, honako inbertsioak finantzatuko ditu udalak: ur parkea Erreboteko plazan (+ 17.000 euro), Olaederra kiroldegiko kantxaren lurzorua eraberritzea (+ 55.000 euro), hiru komun publiko jartzea (+ 55.200 euro), kalistenia parkea egitea Otsabiko parkean (+ 20.000 euro), Otsabiko Pump Track pistaren eraberritzea eta asfaltatzea (+40.000 euro) eta espaloien konponketak eta asfaltatze lanak (+35.000 euro). Mailegu aldaketa bere osotasunean udalaren diruzaintza gerakinetik finantzatuko dela esan du udalak, gerakin horretatik guztira 472.271, 29 euro erabiliko direlarik.

Bigarren mailegu aldaketaren helburua, 2022ko Santio jaietara bideratuko den aurrekontua eta Zunbeltz elkarteari bideratzen zaion diru laguntza handitzea dela esan du udalak. Santio jaiei dagokionez, batez ere azken hilabeteetako inflazioak eragindako ezusteko gastuen igoerari aurre egin nahi diote, guztira 36.400 euro gehituz jaien lehen aurrekontuari. Bestalde, Zunbeltz elkarteak bere gain hartu ditu urtean zehar egiten diren hainbat ekimenen antolaketa: udako solstizio gaueko emanaldia, urriaren 31ko Gau Beltza, Gabonetako Olentzaroaren bidea, jaietako Rocioaren konpartsa... Ekimen horiek ez zeuden udalak Zunbeltz elkartearekin sinatzen duen urteko ohiko hitzarmenean jasota eta ekitaldi berrien antolaketak suposatzen duen gastuari aurre egin ahal izateko, hitzarmen horri 5.500 euroko diru gehikuntza egingo diote.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!