PSE-EE pozik kalistenia praktikatzeko gunea eraikiko delako

Ataria 2022ko ekainaren 30a

Otsabi parkea garbitzen.

20.000 euroko kreditu aldaketak ahalbidetu du PSE-EE-ren proiektua aurrera eramatea. Otsabiko parkean kokatuko dute.

Maria Luisa Arija udal talde sozialistaren bozeramaileak aitortu du oso pozik dagoela Otsabiko parkean laster kalistenia praktikatzeko gune bat eraikiko delako. Villabonan egongo den mota honetako lehen instalazioa da, doakoa eta irisgarria. Ekimen hori Villabonako PSE-EEk aurkeztutako bost proposamenetako bat izan zen, 2021ean udalak abian jarri zuen prozesu parte-hartzailean.
 
Bada, iragan asteartean egin zuten Ogasun Batzordean, 20.000 euroko kreditu-aldaketaren aldeko botoa eman zuen udalbatzarrak, eta ekaineko ohiko Osoko Bilkuran, aurrekontu-sail hori berretsi zen, aire zabalean jarduera fisikoa egiteko gunea sustatzeko.  
 
Arijak ohar batean azaldu duenez, PSE-EEren hasierako proposamena kalistenia praktikatzeko gune bat sortzea zen, 25.000 euroko aurrekontuarekin. "Villabonari aurkeztu genion proiektua anbizio handikoa zen. Asmoa ez zen soilik barrak eta elementuak jartzea, parkeko lurzorua egokitzea ere proposatzen genuen". Azkenik, 20.000 euroko aurrekontu-sailarekin egingo da. Gainera, Otsabiko parkean kokatzea proposatu zutela nabarmendu du. "Eraberritzen ari dira, elementu berriak gehituz, leku irekia, zabala eta, batez ere, etxeetatik urrun dagoena da, eta, aldi berean, Villabonako erdigunetik erraz irits daiteke. Ondorioz, ezin hobea da kalistenia praktikatzeko gunea bertan kokatzea”. 
 
Kalistenia kirol-zentro edo kiroldegi batean praktikatzearekin bateragarria da. Are gehiago, kalistenia egitea guztiz doakoa da eta, beraz, gimnasio tradizionalaren alternatiba da. Horregatik, parke hori ahalik eta osatuena izatea eta dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat guztiz irisgarria izatea eskatu du Arijak. Halaber, garrantzitsua iruditzen zaio zorua inpaktuak saihesteko zoladurakoa izatea, erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko. Bestalde, eskatu du informazio-kartelak ipintzea aparatuak erabiltzeko arauen informazioarekin, nola erabili behar diren, eta istripuak eta altzarien hondatzea jakinarazteko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!