Soka luzea du Galerias MJ dendak. 1961etik darabil izen hori, gaur egungo jabe Carmen Fuenteren gurasoek, Maria Jesus San Sebastianek eta Pedro Fuentek, Villabonako Kale Nagusiko 71. zenbakian denda zabaldu zutenetik. «Aurretik nire amonak Axun mertzeria zuen toki horretan eta gerora nire amak hartu zion lekukoa. Amari berriz nik neuk eta 2003an lekuz aldatu ginenetik Kale Berriko lokalean gabiltza. Betidanik ezagutu izan dudan lana da, nire bizitzaren parte», dio Carmen Fuentek.
Etxerako arropa da Galerias MJ dendaren indargunea. Gortinak, alfonbrak, ohe estalkiak, edredoiak, toallak edota maindireak saltzen dituzte nagusiki, eta norberarentzako arropak ere bai, pijamak eta barruko arropak, esate baterako. «Pixkanaka dekoraziorako salgaiak ere sartzen joan gara, koadroak, lanparak edota erlojuak saltzen ditugu. Giro oso bat sortzeko lagungarri izan daitezkeen elementuak, alegia».
Izan ere, argitasuna, koloreak, moldagarritasuna edo dekorazioan ohikoak diren gainerako gaien inguruko aholkularitza eskaintzen dute dendaren ardura daramaten Carmen Fuentek eta Begoña Goyak. «Espazioak produktuei moldatu behar izan gabe, guk moldatzen ditugu produktuak espazioetara. Gure espezialitatea zuzeneko zerbitzua ematea da: etxeko neurriak hartzen ditugu, produktua bezeroaren beharretara moztu edo moldatzen dugu dendan, eta guk instalatzen diogu, modu azkar eta erraz batean. Emandako epeak zuzen betetzen saiatzen gara, horri jendeak garrantzia handia ematen baitio. Konfiantzazko tratua ematen saiatzen gara, gertukoa, eta bezeroa aholkatzen dugu gure etxerako ariko bagina bezala», esan du Fuentek.
Salmahaian maindireak saltzen dituzte gehien. Merkeak eta neurri guztietakoak izaten dituzte, baita neurri berezietakoak ere. «Kalitateari garrantzia handia ematen diogu eta gurera horrelakoak erostera etortzen denak berme hori badu». Adin ertaineko emakumeak dira dendara gehien hurbiltzen direnak, baina etxea jartzen ari diren bikote gazteak ere gerturatzen zaizkie. «Adibidez, gortina biribilgarriak oso boladan daude orain eta estore eta bestelakoen bila gazte asko etortzen zaigu». Villabona bertako eta eskualdeko jende asko gerturatzen da Galerias MJra, baita Andoain edo Ordiziako jendea ere.
Pandemiak etxeko arropen sektorean gorakada suposatu duela diote dendako arduradunek. «Itxialdiaren ondoren berriro denda zabaldu genuenetik ikaragarrizko lan pila izan dugu. Etxean denbora gehiago pasa ahala garrantzia gehiago ematen hasi zaio jendea etxea txukun mantentzeari. 2008tik beherakada sumatzen ari ginen eta azkeneko bi urteetan, zorionez, buelta eman zaio egoerari».
Betikoa bide berrietatik
Galerias MJn garrantzi handia ematen diote erakusleihoari eta maiz aldatu eta egokitzen dute. «Lan handia da baina niri izugarri gustatzen zait», aipatu du Fuentek. Denda txikia izan arren erakusleiho asko dauzka eta hori baliatzen dute saltzaileek barruan duten eskaintzaren berri emateko. «Giro ezberdinak dauzkagu eta salgaiak aldiro aldatzen ditugu; gainera erakargarriago eta txukunago erakusteko, landareak, lanparak edota mahaiak jartzen ditugu produktuekin batera. Ikusgai dagoen guztia salgai ote dagoen galdetzen digu jendeak eta guk baietz erantzuten diegu», dute dendako arduradunek.
Garaian garaiko eskakizun eta modetara adi egoten saiatzen dira Fuente eta Goya. Katalogoetan begiratu eta azoka ezberdinetara joaten dira momentuko joerak zeintzuk diren ikusteko eta gertutik jarraitzen dute baita ere sektore berdineko gainerako saltokiek egiten dutena. «Ez urte batetik bestera, baina sei-zazpi urtean koloreak aldatzen joaten dira. Garai bat egon zen non kirrinka eragiten zuten kolore bizi horiek eskatzen zituen jendeak. Orain, berriz, zuria eta grisa eramaten dira gehien eta pixkanaka berde argiagoetara doa joera».
Bezeroen gustuak zeintzuk diren asmatzen laguntzen die Fuente eta Goyari urte guztiotako esperientziak. «Bezeroa dendan sartu bezain pronto antzematen dugu askotan zer eramango duen. Guri entzutea dagokigu eta aholkua eskatzen badigute ematea; haientzako egokiena zer izango den asmatzen saiatzen gara. Eta zerbaitetan asmatuko dugu, urte askotan etorri izan diren bezeroak ditugulako, guregan konfiantza dutenak. Herri txikiak dira hemen ingurukoak eta elkar asko ezagutzen dugu. Gertutasun hori da gurea bezalako merkataritza txikiak eskaini dezakeen balioa», dio Fuentek.
Tradizioa eta modernitatea uztartzen dituzte Galerias MJn. Urteak dira sare sozialak erabiltzen dituztela eta Oria Merkatari Elkarteak eskainitako formazio saio baten ondoren hasi dira Instagram erabiltzen. «Etxeetan egiten ditugun instalazioen argazkiak zintzilikatzen ditugu bertan. Nire mugak badauzkat, baina oso saiatua naizenez, ahalegintzen naiz sareak eguneratuta edukitzen. Garrantzitsua iruditzen zaigu bertan egotea», esan du dendaren jabeak.
Buru-belarri lanean jarraituko dute Galerias MJn. Abuztuan denda astebetez ixten dute, baina gainerakoan urte osoan zabalik izaten dute. 1945ean amonak irekitako bidea segitzen du Carmen Fuentek, merkataritzaren tradizioa jaso eta berritzen du egunetik egunera.
GALERIAS MJ
- Helbidea. Kale Berria 33, Amasa-Villabona
- Ordutegia. Astelehenetik ostiralera: 09:30 - 13:00 / 17:00 - 20:00. Larunbatetan: 09:30 - 13:00
- Telefonoa. 943 69 12 44
- Helbide elektronikoa. galeriasmj@gmail.com
- Instagram. @galeriasmj
- Facebook. @galeriasmj