ELKARRIZKETA

«Hau da Borboiek Amasa-Villabonan utzitako herentzia»

Jon Miranda Labaien 2022ko api. 10a, 07:58
Karlos Almorza Arrieta. J.M.

Karlos Almorza Arrieta (Andoain, 1959) Historian doktoreak eta Aranzadi zientzia elkarteko kideak Belabietako batailari buruz abiatu duten ikerketaz hitz egin du.

Zergatik da garrantzitsua duela 150 urte izandako gertakariak ezagutu eta gogoratzea?

Beste galdera batekin erantzungo dizut: ezagutzen al dugu gure historia? Nik Belabietan gertatu zena jendeari kontatzen diodanean, aho-zabalik geratzen da. Hori gertatzen da ez dugulako gure historia ezagutzen. Gauza batzuk ezagutzen ditugu, baina ez behar bezainbesteko sakontasunez. Arlo batzuetatik begiratuta, behintzat, Euskal Herriko Unibertsitateko Historia fakultateko Historia Garaikidea ikasketa itxi eta Madrilera eramango balute ez genuke ezer galduko. Garbi esanda. Historia garaikideari ez zaio behin ere garrantzirik eman. Beste alor batzuetan egongo da jende konpetentea, baina ez behintzat historia garaikidearen arloan, irakasle gutxi batzuk kenduta. Ukatu egin zaigu ezagutza hori. Hemen inguruko udaletxeetara joan eta era zientifiko eta mekanikoan artxiboak hustea ez da sekula egin izan.

Aranzadik lan hori egin du. Zer topatu duzue Belabietako batailaren inguruan?

Guretzat ikaragarrizko ezustea izan zen hainbeste dokumenturekin topo egitea. Guztira, 1.500 dokumentu inguru izango dira topatu ditugunak eta argibide dezente ematen dute gertatutakoaz. Garai horretako jeneralek ere idatzi zuten nolakoa izan zen bataila eta horrek erraztu egiten du gertatutakoa ikertzea. Dena den, artxiboko materialaz ari garela, kuantitatiboki izan dezaketen pisuaz aparte, kualitatiboki dokumentuek zein indar duten ikusi beharko genuke. Esan dezaket, hemen topatu ditugunetatik abiatuta, gutxienez, hiru doktore tesi egin daitezkeela. Izan dezakeen segidak ematen dio ikerketari berari balioa. Aranzaditik irekitasuna dugu zentzu horretan, eta guretzako ona litzateke artxiboetan aurkitutako dokumentuen ikerketa horrelako lan batekin amaitzea. Ikergaia oso aberatsa da detaileetan. Argitaragarriak diren hari mutur asko ditu Belabietako batailak.

Udalaren aginduz burutzen ari zareten ikerketa lanak argitalpen bat izango al du emaitza gisa?

Oraindik ez dugu erabaki zer egin. Horrelako lan baten ardura hartzen dugun momentuan argi dagoena da modu batera edo bestera hedatu behar dugula egindako ikerketa. Izan daiteke txosten bat, grabazio bat edota liburu bat. Dagoeneko erabaki dugu Belabietako batailari buruzko informazio panelak jarriko ditugula bataila gertatu zen tokietan.

«Ikergaia oso aberatsa da detaileetan. Argitaragarriak diren hari mutur asko ditu»

Indusketa lanik egingo al duzue ikerketan?

Bataila nolakoa izan zen ikusita, argi eta garbi dugu aztarnak egon egongo direla. Ez daukagu zalantza txikienik ere. Baina guk ez dugu arkeologia lanik egingo. Lubakiren bat topatzen badugu Aranzadi zientzia elkarteko Alfredo Moraza kideari jakinaraziko diogu, guk gurea bukatu ondoren, berak ikertu dezan; eta berdina egingo dugu lur azalean materialen bat edo tresnaren bat agertzen bada; taldeko kide den Joseba Salbadorrek ikertuko du.

Zein epetan burutuko duzue ikerketa?

Dagoeneko dokumentazioa bildu dugu Amasa-Villabonako eta inguruko herrietako artxiboetan; orain ari gara dokumentu horien interpretazioa egiten, eta lana amaitzeko, esan bezala, informazio panelak jarriko ditugu. Bat Villabonan bertan jarriko genuke, eta beste bat Amasan. Hirugarrengo bat Meakako gurutzean jarri nahi genuke eta laugarrena Belabietako gainean. Saiatuko gara Uzturren ere beste bat jartzen eta ikusiko dugu ea baimenak lortzen ditugun horretarako. Amasamendin barrena, borrokak gertatu ziren lekuetan ibilbide bat markatuz beste pare bat jartzeko aukera ere aztertuko dugu. Egun horretan, hemen Amasamendin zer gertatu zen jakiteko eta ideia orokor bat azaltzeko balioko dute panelek.

Batailaren errepresentazio bat egiteko aukera aipatu da. 

Bai. Hori antolatzea ez da Aranzadiren lana, baina inork ardura hori hartuko balu aukera polita dela iruditzen zaigu. Gure lanaren muina historia berreskuratzea da. Guk ikerketa zientifikoaren arloan egiten dugu lan baina historia birgogoratzeko egiten diren gainerako ekimen guztiak ongi etorriak dira guretzat. Errepresentazio bat eginez erakutsi dezakegula duela 150 urte Belabietan gertatu zena? Bada gure aldetik behintzat, aurrera, arazorik ez. Gure historia hobeto ezagutzeko aukera emango liguke horrek. Beste hainbat herritan ere egiten dituzte gisa bereko ekitaldiak, txukun askoak, eta islatzen dute bere garaian gertatu zena. Amasako festen barruan, batailaren urteurrena baino aste batzuk lehenago horrelako ekitaldi bat egingo balute ez litzateke txarra izango. Gure aldetik ez dago arazorik.

Baina gerra bat izanik, badago zer ospatua?

Horrelako errepresentazio bat egiteak, ez du esan nahi derrigor festa bat izango denik. Historia birgogoratzeko ekitaldi bat izango litzateke, eta Amasatik gora soldaduak nola datozen ikustea, ikusgarria izango litzateke, irudi bezala indartsua. Dena den, ez dago zer ospaturik; are gehiago, inork irabazi baino denek galdu zutela esango nuke. Amasa-Villabonako lurretan Borboien herentzia horixe izan zen: 600 baja, eta horietako asko eta asko hildakoak.

Amasa-Villabona mapan jartzen lagunduko al du Belabietako bataila gogoratzeak?

Bai. Borroka hartan zentralitate handia hartu zuen Amasa-Villabonak eta iruditzen zait merezi duela hori azpimarratzeak. Hirugarren karlistaldiaz aritzen gara maiz jakin gabe gerra horren barruan Gipuzkoan izandako batailarik gogor eta odoltsuenetako bat gure lurretan gertatu zela, guk mendira goazela zeharkatzen ditugun paraje eder horietan. Belabietakoa da Amasa-Villabonako lurretan izandako gertakizun militar historiko azpimarragarriena. Nik XIX. mendeko artxibo guztiak arakatu ditut, gerra napoleonikoetatik mende amaiera bitartekoak, eta esan dezaket, oro har, Amasa-Villabonaren historia oso tristea dela. Ia ehun urte pasa zituzten militarrak ordaintzen.

Zer-nolako lantaldea osatu duzue ikerketa hau aurrera eramateko?

Lantaldean Jexux Bidaola Txirrita, Jose Luis Iraola Puxkas eta hirurok gabiltza. Aranzadiko Memoria Historikoaren taldea laguntzen ari zaigu eta baita Joseba Salbador ere. Hainbeste dokumentu esku-artean ditugula, badakigu ziur ikerketa berme guztiekin egin ahal izango dugula. Lan txukuna aterako da, seguru gaude.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!